2026-03-15
HomeEkintza SindikalaEibarko alkateak SEPEri buruz esandakoari erantzunez

Eibarko alkateak SEPEri buruz esandakoari erantzunez

Azken egunetan Eibarko alkateak SEPEren bulegoari buruz esan duenaren arabera, irailaren 4tik aurrera bulego horrek normaltasunez funtzionatzen du Eibarren. Baieztapen hau gezurra da; izan ere, Eibarko SEPEk publikoarentzat itxita darama uda osoa, eta gaur egun ere berdin jarraitzen du: ez dago telefono bidezko hitzordurik, ez dago aurrez aurreko hitzordurik eta, bertan baieztatu digutenaren arabera, ez da horrelakorik egongo oraingoz. 

Honek, noski, ardura eta kezka sortzen digu, lehen ematen zen zerbitzu bat, gaur gaurkoz behintzat ez delako ari ematen, eta etorkizunean zer gertatuko den ere guztiz kolokan dagoelako: baieztatu ahal izan dugunaren arabera, agindu berri bat egon arte ez da publikoarentzat aurrez aurreko zitarik egongo eta, beraz, lehen Eibarko bulegoan egin zitezkeen eta egiten ziren hamaika izapide oraingoz ezingo dira bertan egin. Argi dago, hortaz, SEPEk ez duela normaltasunez funtzionatzen, lehen zegoen egoerarekin alderatuz gero, aldaketak nabarmenak baitira. 

Alkateak zuhurtziaz jokatu eta informazioa egiaztatu behar dela esan du. Bada, informazioa zuzenean kontrastatu dugu bulegoan, lortu ezinezko hitzorduetan, zerbitzu honetara sartzerik izan ez duten langileen ahotsean. Ikusten duguna oso sinplea da: gezurra esaten digute, eta langile klasea bete-betean kolpatzen duen egoera bat ezkutatu nahi digute. Normaltasuna, norentzat? Alkatetzarentzat agian? Dagoen normaltasun bakarra artatu gabeko herritarrena da, oraindik ezagutzen ez ditugun eta instituzioetatik argitu nahi ez duten arrazoiengatik, egun batetik bestera ematen ziren zerbitzu asko emateari utzi baitzaio. 

SEPEa ez da egiten diguten mesede edo fabore bat: langile klasearen eskubidea da. Eta zapaltzen ari dira. Lasaitasun mezua bidaltzen digute zerbitzurik gabe uzten gaituzten bitartean: gaur gaurkoz (eta etorkizun ilunarekin) Eibarko SEPEren bulegoak ez du normaltasunez funtzionatzen. 

Eibarren bizitzen ari garena, ordea, ez da arazo koiuntural bat: publikoa urteetan zehar alde batera uztearen emaitza da, babes gehien behar dutenak defentsarik gabe uzten dituen politika baten emaitza. Erantzukizunak, berehalako irtenbideak eta behar adina langile eskatzen ditugu, Eibarko SEPEa berriro ere izan behar dena izan dadin: langileen eskura dagoen eta egongo den zerbitzua. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Etxeko eta zaintza langileak ere grebara!

Etxeko langileen hainbat elkartek, Denon Bizitzak Erdigunean plataformak eta martxoaren 17ko greba orokorraren deitzaileek (LAB, ELA, Steilas,Etxalde eta Hiru) agerraldia egingo dute Bilbon, greba...

Tubos Reunidosen, duintasunak, koherentziak eta klase-borrokak irabazi dute xantaiaren, mehatxuaren, beldurraren eta posibilismoaren aurrean

Gaur argi geratu da Tubos Reunidosen EREari buruz ez dela inolako akordiorik egon. Kontsulta-aldia astelehenean akordiorik gabe amaitu zela defendatzen genuenok zein luzapena proposatzen...

SIDENORen EZKUTUKO KALERATZERIK EZ! Lanpostuen defentsan borrokan jarraituko dugu

SIDENOR ACEROS ESPECIALES SLU-ko lan zentroetako LABeko ordezkariak bildu dira gaur agerraldi batean: Basauri, Azkoitia, Gasteiz eta Legutioko lantegietakoak, hain zuzen. Gure helburua bikoitza...