2026-09-13
HomeEkintza SindikalaEhungintzaren eta oinetakoen merkataritzan grebak eta mobilizazioak iragarri ditugu gabonetan, Nafarroako sektoreko...

Ehungintzaren eta oinetakoen merkataritzan grebak eta mobilizazioak iragarri ditugu gabonetan, Nafarroako sektoreko hitzarmena lortzeko

Txanda bakoitzeko bi orduko lanuzteak deitu ditugu abenduaren 23an, eta egun osoko greba abenduaren 24an, enpresek Nafarroako sektoreko hitzarmena negoziatzeari uko egin diotelako estatu mailakoa ezartzeko.

LAB eta ELA sindikatuok Nafarroako ehungintzaren eta oinetakoen sektoreko ordezkaritza sindikalaren %50 baino gehiago batzen dugu. Sektore hau duela 14 urte dago hitzarmena iraungita, eta langileek jasaten duten prekarietatea eta erosahalmenaren galera izugarria da.

Jadanik martxan dauden mobilizazioen eta greben helburua Nafarroa mailako hitzarmen sektoriala lortzea da, baino enpresek ez dute negoziatzeko borondaterik.

Hitzarmena ez negoziatzea ez da patronalaren legezko legitimazio arazo baten ondorio, enpresen borondaterik ezaren ondorio baizik. Estatuko hitzarmenaren helburua lan baldintzak berdintzeko elementu gisa jardutea dela, eta berdintasuna, jakina, beherantz.

Eta ez hori bakarrik, bere proposamenaren helburua berez oso araututa ez dagoen sektorea muturrera malgutzea da: lanaldia handitzea, lanaldiaren banaketa irregularra % 25eraino (PPren lan-erreformak % 10 ezarri zuen), ordutegi-malgutasuna, igande eta jaiegunetako nahitaezko lana, oporrak hartzeko aldiak mugatzea… Hori guztia milioi askoko irabaziak dituzten enpresa handiek bultzatuta.

Egoera honen aurrean, LABek eta ELAk mobilizaziora eta grebara deitzen dugu: Grebaren arrazoia negoziazio mahai bat eratzea eta negoziazioei hasiera ematea da. Nafarroako hitzarmena ezinbesteko tresna da sektoreko lan-baldintzak duintzeko. Nafarroako hitzarmenik gabe, azaldu den bezala, prekarietatea arau izango da.

Enpresak negoziatzera esertzea lehen helburua da, baina, horrez gain, gure lanarekin sortzen den aberastasuna modu bidezkoagoan banatzea eta 14 urtez hitzarmenik gabe egon ondoren erabat zaharkituta dauden baldintzak eguneratzea eskatzen dugu. Aldarrikapen nagusiak honako hauek dira: denbora horretan galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea, asteko benetako atsedena eta 5 eguneko asteko lanaldiak, igande eta jaiegunetan lanik ez egitea, lanaldi partzialen ordu osagarriak finkatzea, online salmentak dakarren karga-gehikuntzagatiko plus ekonomikoa, larunbat libreak…

Horregatik, txanda bakoitzeko bi orduko lanuzterako deia egin dugu abenduaren 23an (12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara), eta lanaldi osoko grebarako deia egin dugu abenduaren 24rako, igandea baita egun hori, egun horretan hala adierazi arren.

Eta iragarri nahi dugu, halaber, blokeo horri eutsiz gero, mobilizazio gehiago deituko ditugula urtarrileko lehen egunetan, errege-kanpainarekin eta merkealdiaren hasierarekin batera.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hezkuntza sistema eraldatzeari Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jarritako oztopoak azaleratu ditu PISA txostenak

LABen kezkaz hartu ditugu Jaurlaritzak PISAren emaitza kaxkarren arrazoien artean hizkuntza ereduak aipatu izana. Aitzitik, euskara gaitasunak indartzeak gainerako konpetentziak hobetzea ekarriko du.

LABetik salatzen dugu bi hilabeteko geldialdiaren ondoren Eudelek ez duela proposamen berririk ekarri eta Udalhitzeko mahaia blokeatzen ari dela

Alderdi politikoen borondate politiko ezaren aurrean eragin eta mahaira edukiak ekarri ditzaten ezinbestekoa da urriaren 8an langileak grebara batzea. Bi hilabeteko udako geldialdiaren ondoren bildu...

Hauteskunde sindikaletan patronalei eta gobernuei erantzun irmoa emateko deia egin die LABek euskal langileei

Gutxieneko soldata, enpleguaren defentsa eta zerbitzu publikoak indartzea, ikasturte honetarako hiru lehentasun nagusiak. Kapitalari mugak jartzea eta birbanaketa politiken alde egitea da faxismoari eta olatu erreakzionarioari ateak ixteko biderik onena, LABen arabera.