2025-12-18
HomeEkintza PolitikoaEH Bilduk “Nazioa Gara” lelopean larunbat honetan deitu duen manifestaziora ordezkaritza bidaliko...

EH Bilduk “Nazioa Gara” lelopean larunbat honetan deitu duen manifestaziora ordezkaritza bidaliko dugu

EH Bilduk nazio manifestaziora deitu du larunbat honetan, Euskal Herria nazio bat dela eta horren araberako eskubideak dagozkiola aldarrikatzeko. Eskubide horien artean dago, besteak beste, lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa izatea; euskal langileen gutxieneko soldata, lanaldia, pentsioa edota zerbitzu publikoak hemen erabakitzea.

Hain zuzen ere, hogeita hamar urte betetzen dira sindikalismo abertzaleak esparru propioaren aldeko manifestazio historikoa egin zuenetik; 25 urte betetzera doaz LAB Ipar Euskal Herrian sortu zenetik. Ordutik hona, Euskal Herria antolakuntza eta borroka sindikalerako esparru autonomo gisa eratu da, estatuetan egiten den sindikalismoarekiko koordenada desberdinetan. Horri esker, euskal langileek euren lan eta bizi baldintzen defentsarako baldintza berriak eskuratu badituzte ere, egun oraindik Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrurik, esparru sozioekonomiko propiorik, esaterako, ez dugu ziurtatuta.

Egungo marko juridiko-politikoak lan harremanen estatalizazioa eta prekarizazioa ahalbidetzen jarraitzen du. 2008ko krisiaren aurreko egoerarekin alderatuta, euskal langile gehiago daude hitzarmen estatalen menpe edota prekaritatearen aurrean babesgabe. Langile publikoen soldatak eta erreposizio tasak ez ditugu bertan erabakitzen; hezkuntzan edo zerga politikan, esaterako, ez dugu burujabetza osorik.

Gauzak horrela, euskal langileon lan eta bizi baldintzak hobetuko dituen esparru propioa ekarriko duen aldaketa politikoa beharrezkoa da; Ipar Euskal Herrian, instituzionalizazioan urrats berriak emanez, Nafarroan eta EAEn Estatus politikoak berrituz. Eztabaida irekia dago eta eztabaida horren parte izan behar dugu langileok, eragile sindikal eta sozialok, eztabaida ezin da alderdi politikoetara mugatu. Aldaketa politiko horren alde egin behar du euskal independentismoak, LABek eremu guztietan: lantokietan, kalean eta instituzioetan.

Irakurketa honetan oinarrituta, Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorra buru duen ordezkaritza bidaliko du LABek EH Bilduk deitutako manifestaziora.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ekintza sindikal antirrazistaren aldeko apustua berresten du LABek Pertsona Migranteen Nazioarteko Egunean

Gaur, Pertsona Migranteen Nazioarteko Egunean, eta egunero, lankide hauei aitortza egin nahi diegu LABen, euskal ekonomiaren funtsezko sektoreei oso lan-baldintza txarretan eusteagatik, eta, batez ere, Euskal Herriko herri, auzo eta lantokietan egindako ekarpen sozial, kultural eta politikoari balioa eman nahi die.

Zerbitzu publikoetan euskaraz lan egin eta bizi ahal izateko lege bermeak exijitu ditu LABek Gasteizen

Euskarafoboak diren alderdi eta sindikatuen aurrean, euskaraz lan egitea eta euskaraz artatua izatea eskubide gisa tinko defendatzeko ordua da. Horregatik, LABek gaztelerak dituen eskubide...

Iruñeko lorezaintzako lehen hitzarmenaren kontrako blokeoa salatu dute sindikatuek

LAB, UGT, CCOO, ELA eta Solidari sindikatuek, GORA LOREZAINAK batzarraren babesarekin —Iruñeko Udalak azpikontratatutako OHLA Ingesan, Eulen eta Tasubinsa enpresetako lorezaintzako langileek osatzen dute...