2024-12-05
HomeEkintza PolitikoaEAEko sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko Eusko Jaurlaritzak onartuko duen dekretua administrazioaren...

EAEko sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko Eusko Jaurlaritzak onartuko duen dekretua administrazioaren euskalduntzean jauzi egiteko aukera galdua da

Eusko Jaurlaritzak onartuko duen Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua-ren balorazio kritikoa egiten du LABek. Aurreko dekretuarekiko aurrerapauso batzuk dakartzan arren, guztiz ez-nahikoa da. Finean, dekretua berritzeko prozesu hau aukera galdua da benetan EAEko administrazioaren euskalduntzean jauzi egiteko. Batetik, euskararen normalizazio-prozesuak egun dituen aldeko baldintzak ez dituelako baliatzen; bestetik, prozesu horrek une honetan eta epe motz batean dituen beharrei eta izango dituen erronkei ez dielako erantzuten.

Administrazioaren euskalduntzeak egun dituen behar eta erronkei erantzuten ez dien dekretua.

Dekretu berriak orain arte indarrean egon den 86/1997 dekretuarekiko aurrerapauso batzuk dakartzala diogu, baina ez da lorpen esanguratsua, izan ere hau onartu zenetik 27 urte igaro dira. Hiru hamarkada hauetan administrazioaren euskalduntzean urrats nabarmenak eman diren arren, dekretu honek ez du anbizioz jokatzen eta ez du planteatzen aurreratutako hori baliatzea jauzi kuantitatibo eta kualitatibo berriak emateko. Baina horrekin batera, ez du kontuan hartzen ere jendartean euskararen ezagutzak izan duen hedatzea, bereziki adin tarte gazteenetan. Horrek administrazioaren hizkuntza-eskakizunen eskaera anbiziosoagoa egitea ahalbidetzen du, besteak beste, dekretu honekin egiten ez dena.

Aukera horiek ez baliatzeaz gain, kezkaz baloratzen du LABek dekretuak ez dielako behar bezala heltzen administrazioaren euskalduntzeak une honetan dituen beharrei eta epe motz batean heldu beharko dien erronkei.

Horrela, administrazioaren euskalduntzearen aurka azken garaian areagotzen ari den ekinbide judizialari aurre egin eta babes juridikoa eskaintzeko beharrari ez dio behar bezala erantzuten dekretu honek.

Horrekin batera, dekretuak datorren garaiko erronka nagusiena izango den itzulpen-automatikoari ere ez dio erronkak eskatzen duen tamainan heltzen.

Administrazioaren euskalduntzean gertatzen ari den distentsioan are gehiago sakontzeko arriskuak areagotzen dituen dekretua.

Azken urteetan administrazioaren euskalduntzean tentsioa nabarmenki galtzen ari dela salatu izan du LABek hainbatetan. Bada dekretu hau ez dator apalaldi kezkagarri hori iraultzera. Helburu hori ez du jasotzen ere. Aipatu inertzia konformista horretan beste urrats bat da. Euskara lan-hizkuntza gisa hedatu nahi dela adierazten da, baina ondoren horretarako ez da benetako neurri multzo eraginkor eta indartsurik jasotzen, eta ez da norabide horretan bultzada irmorik transmititzen.

Tentsio galtze horretan sakontzeko arriskua dute ere dekretuan jasotzen diren euskara maila egiaztapena malgutzea edo hizkuntza-eskakizunen asimetria bezalako neurriek. Eskakizun maila jaitsi edo moldatzeak bere aukerak dituen bezala, arrisku nabarmenak dituen apustua da. Egiaztapen orokor eta ia mugagabe hori egiaztatutako ezagutza-mailarekiko errealki baliokidea ez bada, administrazioak bere buruari sartutako ziria izango da, euskaraz arreta eskaini eta lan egitea oztopatuko duena. Iruzurrerako ihesbide zabal bat zabaltzen ari ote ez den kezka du LABek.

Administrazioa euskalduntzeak ezin du prozesu betierekoa izan.

Euskara-planen eta dekretuen ohikeriazko sekuentzia hori ezin da betierekoa izan, administrazioaren arduradun politikoek hori adieraztera ematen duten arren. Euskararen normalizazio-prozesuak helburu jakin bat du, administrazioak normaltasunez eta osoki euskaraz lan egin eta zerbitzua euskaraz eskaintzea, eta helburu hori argi eta garbi jaso beharko litzateke dekretu honetan ere. Ez hori bakarrik, hori lortzeko epemuga eta urrats zehatzak jaso beharko lirateke ere. Horretarako baldintzak egon badaude eta euskal herritarren gehiengoak hori eskatzen du.

Horri begira, Euskalgintzaren Kontseiluak, ELAk eta LABek duela bi urte EAEko administrazio publikoa 15 urtetan euskalduntzeko proposamen errealista eta lorgarria aurkeztu genuen. Hori aurrera eramateko borondate politiko zintzoa da behar dena.

Administrazioa euskaldundu ahal izateko euskara lege berria eta hizkuntza-politika berria.

Dekretu honek 1982tik indarrean dagoen Euskararen Legean du oinarria. Dekretu hau ordezkatzera datorren 1997ko dekretua zaharkitua baldin badago, zer esanik ez 15 urte zaharragoa den legea. Araudi eta hizkuntza-politika zaharkituak eta euskalduntzearen egungo beharrei eta erronkei erantzuten ez dietenak. LABen ustez instituzioek Euskararen Lege berri egokia onartzeko eta hizkuntza-politika berri eragingarria aplika dezaten garaia da.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ez du Ilunion enpresaren akordioa sinatuko eta desadostasuna adierazteko mobilizatu da

LAB eta ELA sindikatuek deituta, Ilunion enpresako Beriain eta Noaingo lantegietako langileek, ONCE Fundazioarenak diren eta ikuztegi industrialeko zerbitzuak eskaintzen dituzten enplegu zentro berezietakoek, elkarretaratze bana egin zuten atzo, hitzarmen berriaren negoziazio mahaian sindikatu horiek alde batera utzi dituztela salatzeko. LABek ez du akordio hori sinatuko, langileen behar eta aldarrikapen nagusiak jasotzen ez dituela uste duelako.

Ia 100 langile migratu eta arrazializaturi eman diegu prestakuntza lan-eskubideen eta antolaketa kolektiboaren inguruan

Urrian eta azaroan, ikastaroak egin ditu LABek Azkoien, Bilbo, Gasteiz eta Ondarroan.

Abenduaren 5ean eta 7an greba Arabako ostalaritzan hitzarmen duinaren alde

Abenduaren 5ean, osteguna, goizeko 10:00etan elkartuko gara Gasteizko LAB sindikatuaren egoitzan (Fermin Lasuen, 13 ), hiriko hainbat auzotan propaganda jarri eta informazioa banatzeko. Abenduaren 7an, larunbata, kalejira egingo dugu Andra Mari Zuriaren plazatik 13:00etan.