2026-11-03
HomeEkintza SindikalaEAEko Hezkuntza Sailak egiturazkoak diren lan-legepeko garbitzaileen lanpostu publikoak pribatizatzeari ateak ireki...

EAEko Hezkuntza Sailak egiturazkoak diren lan-legepeko garbitzaileen lanpostu publikoak pribatizatzeari ateak ireki dizkiola salatu dugu

Gaur, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko ordezkaritzaren aurrean kontzentrazioa egin dugu EAEko Hezkuntza Saileko sukalde eta garbiketako kontratazioan pribatizazioari ezetz esateko eta lanpostu estrukturalak publikoak diren lan-legepeko langile finkoz bete daitezen negoziazioa eskatzeko.

Lan erreformaz geroztik ezin dira behin-behinekoak ziren obra eta zerbitzuko kontratuak egin, eta ekoizpen gorabeherengatiko kontratuak asko jota 6 hilabetez luzatu daitezke alde sozialarekin bestelako adostasunik lortu ezean. Gauzak horrela, Hezkuntza Sailak sukalde eta garbiketan eta heziketa bereziko kolektiboetan ekoizpen-gorabeherengatiko kontratuaren gaineko iraupenari buruzko akordio proposamen itxia ekarri zigun aurreko asteko negoziazio mahaietara. Salbuespenezkoak ez diren eta aurreikusi daitezkeen lan estrukturalak betetzeko behin-behineko kontratazioa luzatzeko asmoa zeukan proposamen horrek. Kolektibo bi hauetan kontratazio-mota hauek arautzen dituzten lan hitzarmenen artikuluak aldatzea proposatu ziguten, gehienez ere 10 hilabeteko iraupena izango lukeen ekoizpenagatiko kontratazioa barnebiltzea proposatuz, beti ere kontratu-amaierako eguna ekainaren 30a izanik; beraz, ikasturte osoko lanpostuak lirateke.

Salatu dugu ikasturte hasieran egin zituztela kontratu hauek iraupena negoziatu gabe eta, gehiengo sindikalaren akordioa egon ezean, 6 hilabetera mugatzen zirela. LABek ez du akordioa sinatu behin-behinekotasun kontratuei ez diotelako muga jartzen. UGT eta CCOOk proposatutakoa sinatu bazuten ere, akordioa ez da indarrean sartu ez dutelako behar den gehiengo sindikala. Gainera, gure sindikatuaren ustez kontratu hauek estrukturalak dira, matrikulazioa, bazkaltiarren kopurua edota garbitu behar diren metroak aurreikusi daitezkeen egoerak direlako, ez dira aurreikusi ezinezko zirkunstantziek eragindakoak.

Gauzak horrela, herenegun garbiketan kontratu honekin 6 hilabete bete zituen lehenengo langileari kontratua bukatu zitzaion, eta, hemendik aurrera langile horren lana, gaur-gaurkoz, azpikontrata batek egingo du; beraz, iruzurra agerian geratu da, lanpostu horren beharra azaleratu -estrukturala den lanpostu finkoa litzateke- eta LEPera lanpostu gehiago eskaini daitezkeela frogatu delarik.

Horregatik guztiagatik, administrazioari kontratu hauen iraupena negoziatzeko prest zeudela adierazi genion, eta eskaintza horretan berresten gara. Era berean, pribatizazioarekin bukatzeko apustua egiten dugu, eta sindikatuak lanean jarraituko du zerbitzuen publifikazioa gauzatu dadin.

Proposamen itxien aurrean, ordea, mobilizazioa edota bide judiziala baino ez zaigu geratzen.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Navarrabiomed – Miguel Servet Fundazioko plantillak bertan behera utzi ditu greba eta mobilizazioak, Osasun Departamentuak jakinarazitako aurrerapausoak direla-eta

Joan den ostegunetik, gure hitzarmen kolektiboaren aplikazioaren inguruan Osasun Departamentutik jakinarazi zizkiguten aurrerapausoak eta albisteak ezagutu ondoren, Navarrabiomed - Miguel Servet Fundazioko langileok erabaki dugu garatzen ari ginen greba eta mobilizazioak bertan behera uztea.

Udaltzain batzuk Intxaurrondon jasotako formakuntza ikertzeko eta berriro halakorik ez dadin gertatu eskatzen dugu

Gipuzkoako hainbat udaltzaingotako agenteek Intxaurrondoko kuartel nagusian, Gipuzkoako Guardia Zibilaren Komandantziaren egoitzan, egindako prestakuntza-ikastaro batean parte hartu izana salatzen dugu.

Etxebizitzarako eskubidea bermatu dadin, hiru eraldaketa eta sei ekintza lerro proposatu ditugu

Etxebizitza langileen eta herritarren beharren arabera antolatzeko, parke publikoa ardatz duen planifikazioa egin behar da; etxebizitza politiketan eman beharreko eraldaketak kapitalaren irabazi espekulatiboen bidez ordaindu behar dira; eta, jarduera espekulatiboak debekatuz, negoziorako erabiltzen diren etxebizitzak berreskuratu behar dira.