2026-06-17
HomeEkintza SozialaPolitika sozialaDiru Sarrerak Bermatzeko Errenta: Kriminalizaziorik ez!, errenta hobetu eta zabaldu!

Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta: Kriminalizaziorik ez!, errenta hobetu eta zabaldu!

LAB sindikatuak bere kezka aditzera eman nahi du azken egunotan Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren inguruan hainbat alderdik eta komunikabidek azaldu duten jarrera erasokorra eta fede txarrekoa direla medio. Bada asmo politiko zehatza prestazio hau iruzurrarekin lotzeko, eta aldi berean, eskubide sozial honen izaera desitxuratzeko. Aurreiritzi klasista hauek giroa prestatu nahi dute ondotik murrizketa berriak ekartzeko.

Egunotan ezagutu dugu hainbat berri interesatu, eta testuingurutik erabat aterata. Helburu argi batekin: susmo txarra zabaltzea prestazio hau jasotzen dutenen gainean. Pasa den astean, Gasteizko Parlamentuak, PPren ekimenez eta PNV eta PSOEren laguntzaz, onartu zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea komunitatearen aldeko lanak zerrendatzea, gero diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak egin ditzaten. Geroxeago, komunikabideetan ikusi dugu Lanbide prestazio hau jaso edo eskatu duten milaka lagunen bila ari omen dela, jakin gabe non bizi diren.

Diru-sarrerarik gabeko pertsonen egoera ez da gutxi batzuen kontua, ezta ardura indibidualari dagokion kontu huts bat ere. Desberdintasun sozialak eta pobrezia erabat loturik daude erabaki politiko eta ekonomiko jakin batzuekin. Horregatik ez da onargarria lan eta pentsioen erreformak onartu, etxebizitzarako eskubidea ukatu eta banketxeei dirua parrastan ematen dieten horien aldetik, zalantza eta susmoa barreiatzea inongo babes ekonomikorik ez dutenen aurka. Erabat onartezina da idaztea lokalizatu gabeko milaka pertsonei buruz, aztertu gabe horren atzean egon daitekeena (administrazioaren akatsak, datu okerrak, eskaerak eta onartutako prestazioak nahastea,…), are gehiago, prestazio hauek kudeatzeko sistema berria bitarteko tekniko eta materialik gabe jarri zenean martxan.

Hori ez da bidea. Konponbidea ez da kriminalizazioa hauspotzea murrizketa berriak arrazoitzeko. Auzi honen muina da nola egin eraginkor oinarrizko diru sarrerak izateko eskubide soziala. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu bide honetatik ez jarraitzeko eta hel diezaizkion egiazko lehentasunei. Beraz, LABek Eusko Jarlaritzari exigitzen dio:

– Madriletik inposatzen zaizkigun murrizketak (langabezia, kopagoa, osasun unibertsala,…) ez aplikatzea.

– Diru Sarrerak Bermatzeko Sistema errebisatzea: aurreko legegintzaldiak eragindako murrizketak bertan behera uztea, gutxieneko diru-sarreren topea aldatu jende gehiago atenditzeko, errentaren zenbatekoa igo eta eman baliabide tekniko eta material gehiago kudeaketa publikoko zerbitzu bat eduki eta eskaerei modu azkar eta duinez erantzuteko.

– Kalitatezko enplegu politikaren aldeko neurriak, lan erreformaz haratago. Eta horrekin batera, enplegu publikoa eta inbertsioak herritarren bizi kalitatea hobetzeko.

– Etxebizitzarako eskubidea bermatu (etxegabetzeak bertan behera utzi, hipotekak alokairu soziala bilakatu eta etxebizitzen parke publikoa).  

 

LAB SAREAN
{module[111]}

    

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lanuztea Bizkaiko Foru Aldundian: 600 pertsona baino gehiago mobilizatu gara akordio eta hitzarmen berri baten alde eta telelanaren alde

Gaur, ekainak 17, Bizkaiko Foru Aldundiko langileek bi orduko lanuztea egin dute Langileen Batzordeak eta Enpresa Batzordeak deituta, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuen babesarekin.

Mobilizazioak egin ditugu elikagaien merkataritzako tokiko hitzarmenak defendatzeko

Patronalak eta banaketa kate handiek bultzatutako ekimenak Hego Euskal Herriko elikagaien merkataritzan adostutako lan baldintzak mehatxatzen dituela salatu dugu. Gaur mobilizazioak egin ditugu Hego Euskal...

Hezkuntza komunitateak Gimeno kontseilariaren kargugabetzeari emandako babes masiboa erregistratu dugu

Hezkuntza komunitatea osatzen duten ia 1.900 lagunen sinadurak aurkeztu ditugu LABetik, eta Chivitek fitxarik mugitzen ez badu, irailean mobilizazioei berriz ekingo diegula iragarri dugu.