2026-06-17
HomeEkintza SindikalaDesgaitasuna duten pertsonei laguntzeko zentroen Nafarroako hitzarmen sektorialerako aurreakordioa sinatu dugu lehen...

Desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko zentroen Nafarroako hitzarmen sektorialerako aurreakordioa sinatu dugu lehen aldiz, lorpen handiak jasotzen baititu #LortuDugu

Nafarroako Gobernuarekin itundutako eta kudeaketa pribatua duten desgaitasuna duten pertsonentzako zentroetan ordezkaritza duten erakunde sindikalek -ELA (%30,56), LAB (%26,39), CCOO (%23,61) eta UGT (%18,06) sindikatuek- aurreakordioa sinatu dute gaur Iruñean, sektoreko V. hitzarmena ezartze aldera. Lehenengo aldiz sinatuko du LABek hitzarmen probintzial hau, oso positibotzat jo baitu aurrekoek jasotzen ez zituzten aurrerapen batzuk jasotzea, 2.000 langile inguruko lan-baldintzak nabarmen duintzeko aukera emanen dutenak.

Aurreko hitzarmenaren indarraldia 2019ko abenduaren 31n bukatu zen; bere garaian lau urte baino gehiago iraun zuen negoziazioak. Hala ere, V. hitzarmen honetarako, urtebete baino gutxiagoko negoziazioan aurreakordioa lortu ahal izan da. Nabarmentzekoa da hasieratik lau erakunde sindikalen artean batasuna egon dela.

Azken urte honetan, patronalak ez du ezertan amore eman eta behin eta berriz errepikatu du ez zuela zati ekonomikoan ezer bermatzen Nafarroako Gobernuak bere gain hartzen ez bazuen. Hala, lau sindikatuek alderdi politikoekin bilera erronda bati ekin zioten haiei jakinarazteko zein zen negoziazioaren egoera eta nola oso zaila izanen zen aurrera egitea Gobernuak auzi ekonomikoa finantzatzen ez bazuen. Bileren ondoren, sindikatuek erabaki zuten beren aldarrikapenak gutxienekoen plataforma batean doitzea eta Nafarroako Gobernuari bidaltzea, negoziazioa errazteko. Gobernuak erantzun zuen bere gain hartuko zuela plataforma horretako eskaera gehienen kostu ekonomikoa.

Hiru alderditako bi bilera luze egin ondoren -Gobernua, patronala eta sindikatuak-, azkenean, aurreakordioa sinatzea lortu da gaur. Jakina, langileek dute azken hitza: hurrengo astean, batzar eta bozketen bidez aurreakordioari babesa emanen diote ala ez. Babesa emanez gero, hitzarmena urte bukaera baino lehen sinatuko da, Gobernuak urtarrilaren 1etik aurrera soldata-igoera bere gain har dezan.

LABek oso positibotzat jotzen ditu aurreakordioa lortu izana eta Nafarroako Gobernuak eginiko ahalegina, 2021erako langileek aurten galdu duten erosteko ahalmena berreskura dezaten. Lorpen handitzat jotzen dugu hiru urterako gutxienez Nafarroako KPIaren igoera bermatzea, deskuelgea eta ultraaktibitatea; aurreko hitzarmenetan ez ziren gai horiek posible izan. Horregatik sinatu du orain LABek lehen aldiz. Gure ustez, LABek sektorean duen ordezkaritza-portzentajea handitu izanak hitzarmen on bat lortzeko adina baldintzatu ahal izan du.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lanuztea Bizkaiko Foru Aldundian: 600 pertsona baino gehiago mobilizatu gara akordio eta hitzarmen berri baten alde eta telelanaren alde

Gaur, ekainak 17, Bizkaiko Foru Aldundiko langileek bi orduko lanuztea egin dute Langileen Batzordeak eta Enpresa Batzordeak deituta, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuen babesarekin.

Mobilizazioak egin ditugu elikagaien merkataritzako tokiko hitzarmenak defendatzeko

Patronalak eta banaketa kate handiek bultzatutako ekimenak Hego Euskal Herriko elikagaien merkataritzan adostutako lan baldintzak mehatxatzen dituela salatu dugu. Gaur mobilizazioak egin ditugu Hego Euskal...

Hezkuntza komunitateak Gimeno kontseilariaren kargugabetzeari emandako babes masiboa erregistratu dugu

Hezkuntza komunitatea osatzen duten ia 1.900 lagunen sinadurak aurkeztu ditugu LABetik, eta Chivitek fitxarik mugitzen ez badu, irailean mobilizazioei berriz ekingo diegula iragarri dugu.