2026-10-09
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaDatozen hilabeteetan kalitatezko Osakidetza baten alde mobilizatuko gara

Datozen hilabeteetan kalitatezko Osakidetza baten alde mobilizatuko gara

Osakidetzak aldebakarreko erabakiz hainbat murrizketa egin du langileon eta jendartearen aurka. Oinarrizko-legeak bete beharra aipatu izan du neurriok hartzeko aitzakia gisa, baina badaki beste administrazio batzutan alternatibak aztertu izan direla murriztu behar ez izateko. Osakidetzan, aldiz, horretarako borondate eza dugu arazoa, eta inposizioz jokatzeko jarrera, behin eta berriz agerian geratzen dena. 3.000tik gora lanpostu kendu dituzte; lan-kargak handitu egin dira horrela, eta arretaren kalitateak nabarmen okerrera egin du; langileen ahaleginarengatik ez balitz, ez litzateke mantenduko beharrizanak asetzeko nolabaiteko maila.

Halaber, ikusi dugu lanaldia gutxienez 45 ordu luzatu digutela, eta 35 orduko astearen lorpen historikoa kendu digutela. Soldatetan, erosteko ahalmenaren %17 galdu dugu gutxienez. Uneotan legezkoa izan arren, Eusko Jaurlaritzak ez ditu Itzarriko ekarpenak ordaintzen. Langileen gaixotasunak penalizatu egiten dira, baita gaitza seguruenik lanean hartu bada ere. Osakidetzak zerbitzuak pribatizatzeko estrategiari eusten dio (Santiago ospitaleko garbitegia, Basurtuko edo Gipuzkoa eskualdeko garbitasun zerbitzua, Gernikako mantenua…) eta formula berriak saiatzen ari da, esaterako Tolosaldean; pribatizatzeko joera honetan urrunago joan nahi du. Osakidetzak aldi baterako enplegua prekarizatu egiten du: kontratu gero eta laburragoak, iraupen luzeko aukera baztertuta. Langile bat gaixotzen denean edota atseden hartzen duenean ez daordezkatzen, kasu oso bakanetan izan ezik. Eusko Jaurlaritzak ELGEko batez besteko maila baino 1.000 milioi euro gutxiago erabiltzen du osasun gasturako.

Murrizpenak eta negoziaziorik eza nagusi direlarik, Osakidetzak apirilaren 29ko Mahai Sektorialean sindikatuei iragarri zien 2011ko garapen profesionaleko deialdia eten egingo duela, eta ez duela “kanoso” bat ere itzuliko, epaile baten ebazpenak hala agindu arren. Idatzi hau sinatzen dugun sindikatuok Garapen Profesionalari buruz iritzi desberdina dugu, baina ezin dugu onartu langile batzuk besteekiko diskriminatzea, ezta beste eskubide laboralik ohostea ere.

“Kanoso”ak kenduta, pertsona batzuren lanaldia urtean 100 orduz luzatuko da. Orain arte arazoa zen oinarrizko legearen inposizioak ez zuela beste aukerarik ematen, ezinezkoa zela murrizpen horiek inola ere arintzea. Ertzaintzari buruzko epaiak erakusten du irakurketarik legalistena eginda ere tartea badagoela. Eusko Jaurlaritzak honekiko agertzen duen borondate eza lotsagarria da.Osakidetzako langileek nahikoa ahalegin egin dute honez gero; murrizpen berriok umiliazio bat dira, eta ez dugu utziko gauza daitezen. Erantzun gogorra eman behar dugu; bestela, Osakidetza orain hausnartzen ari den beste murrizpen batzuk etorriko dira.
Horregatik, mobilizazio berriak deitzen ditugun sindikatuok hitza ematen dugu ekimen horiek jarraituak eta gero eta indartsuagoak izango direla; batetik, harik eta Osakidetzaren aldetik enplegua sortu eta egonkortzeko proposamen bat lortu arte, bajak ordezkatu eta lanaldia murriztuaz, eta 2011ko Garapen Profesionaleko deialdia berehala gauzatzeko data batekin. Ez dugu eskubide bat ere baztertzen, baina horiek dira mobilizazioen lehentasunak.
Eusko Jaurlaritzak nahi izanez gero baditu kalitatezko Osasungintza Publiko bat moldatzeko baliabideak; ez dugu etsiko gure zerbitzuaren kalitatea eta lapurtu dizkiguten eskubide laboralak berreskuratu arte. Horregatik, Osakidetzari eskatzen diogu Mahai Sektorial baterako deialdia egin dezala, eta langileen ordezkaritza zabal honek egin duen moduko proposamen bat luza diezagula. Erantzuna egokia ez bada, langileak mobilizatzera eta izango diren batzarretan parte hartzera deituko ditugu.

Hauek dira aurreikusitako mobilizazioak:

– Ekainak 26: Manifestazioa Bilbon.

– Uztailaren 7ko astea: E-mail bidalketa masiboa Zentraletara.

– Irailaren 15eko astea: Itxialdiak ospitale handietan eta zuzendaritzak enpapelatzea/erregistratzea agiri erreibindikatibo batekin.

– Urriaren 11n manifestazioak.

– Urriaren 30eko astetik aurrera, lanuzteak eta grebak denera 34 ordu egin arte. Lanuzteak mailaka egingo dira, helburuak lortu arte.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Eskatzen dugu Avanza autobusetako gidariek zerbitzu bereziak egiteagatik dagokien ordaina jaso dezatela

Sindikatuari, noski, oso ondo iruditzen zaio garraio-zerbitzua hobetu nahi izatea eta herritarren eta bidaiarien joan-etorriak erraztea. Gidariak eurak dira zerbitzuak behar bezala funtzionatu dezan eta eta erabiltzaileen beharrei erantzun diezaien nahi duten lehenak. Hala ere, uste dute ez dela bidezkoa neurri berri bakoitza beti jende berberaren ahalegina baliatuz ezartzea.

Intersindikalak salatu du Correosen langile falta dagoela eta azaroaren 29ko hauteskunde deialdiaren aurrean langileen profesionaltasuna zalantzan jartzen dela

Intersindikala osatzen dugun erakunde sindikalok (LAB, CIG, ESK, Intersindikal Canaria, ELA eta CNT) oso kezkatuta gaude datorren azaroaren 29rako deitutako hauteskundeen eta Correosek gaur egun pairatzen duen langile faltaren egoeraren aurrean.

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Maria Txibiteri, Nafarroan 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren alde posizionatu eta ekimen politikoa abian jartzeko

CEN patronalak CCOO eta UGTrekin akordio interprofesionala negoziatzeari uko egin ondoren, eta Parlamentuak lege-proposamena hartu ez ondoren, Nafarroako Gobernuari bide politikoa berreskuratzea eskatuko diogu...