Corrugados Azpeitia enpresako kaleratzeak salatzeko Enpresa Batzordeak deituta elkarretaratzea egin da gaur EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean . 

Corrugados Azpeitiako Enpresa Batzordeak urriaren 15ean igorritako oharra
«Azpeitiko Corrugadoseko LABen sail sindikalak jakin berri du, gaur, 2012ko urriaren 15ean, enpresako Zuzendaritzak hedabide guztiei oharra bidali diela; aipatu oharrean dio Enpresa Batzordeak bihar bertan erantzun beharko diela hark egindako proposamenei. Horren aurrean, honakoa adierazi nahi dugu LAB sindikatutik:

Enpresa Batzordeak hainbat hilabete eman ondoren Zuzendaritzari negozia dezan eskatzen eta zuzendaritzak negoziazio eskaera horri beti uko egin ondoren, ez deritzagu batere serioa Alfonso Gallardo taldekoa den Azpeitiko Corrugados bezalako enpresa batek, bihar, hilak 16, EAEko Justizia Auzitegi Nagusian egingo den epaiketaren bezperan, proposamenak egiteari.

Ez deritzagu batere serioa aipatu proposamena egin duen moduan hedabideei argitara ateratzeari eta hura zabaltzeari.

Ez da batere serioa ere larunbatean proposamena Enpresa Batzordeari jakinaraztea eta jarraian berehalako erantzuna eskatzea, aldez aurretik langileen batzarrak aztertu ere egin gabe.

Honek guztiak enpresaren benetako asmoarekin ez fidatzera eramaten gaitu. Proposamen hauek guztiak bihar egingo den epaiketaren harira egin ditu zuzendaritzak, bere izen ona garbitu nahi du, azken hilabeteotan, negoziatu nahi izan ez duelako, oso kritika gogorrak jaso ditu-eta (Enpresa Batzordeak egin kritikez gain, hainbat erakundek ere kritikatu dute, eta horren adibide, Eusko Jaurlaritzaren Lan Ordezkaritza berak azpimarratzen du bere txostenean).

Langileekin benetan akordio bat lortu nahi bada, ezin daitezke gauzak hain gaizki egin. Gainera, edukiei dagokienez, beren proposamenean berresten dute ez dutela inongo helburutan atzera egingo. Honela, 60 langileri ezarri Enplegua Erregulatzeko Espedientearen iraungipenari eta geratuko direnen lanaldia handitzeari zein %35 soldataren jaitsierari eusten diote.

Aldatzen den bakarra kaleratuko dituzten langileen kalte-ordaina izango da, lehen espedientean joan zirenen baldintza ekonomikoekin parekatu arte.

Proposamen hau langileek hiru hilabete baino gehiago greba mugagabean daramatzaguean dator, bihar Bilbon egingo den epaiketaren bezperan.

Eta hor kokatzen dugu gure erantzuna. Borrokan iraungo dugu benetako negoziazioari ekin arte eta bi alderdiontzat zuzena izango den akordioa lortu arte.

Azpeitian, 2012ko urriaren 15ean»