2026-03-19
HomeEkintza SindikalaCarlos Gimeno kontseilariaren dimisioa eskatu dugu berriz, oraingoan ezikusiarena egin duelako sexuaren...

Carlos Gimeno kontseilariaren dimisioa eskatu dugu berriz, oraingoan ezikusiarena egin duelako sexuaren arabera bereizten duten ikastetxeen kalifikazio puztuekin

Nafarroako Arartekoak berriki salatu du Miravalles-El Redin eta Irabia-Izaga ikastetxeek ikasleen batxilergoko notak puzten dituztela, ez baitatoz bat gero unibertsitatera sartzeko probetan lortzen dituzten emaitzekin. Baina iruzur horren zantzu garbiak dauden arren, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak erabaki du beste alde batera begiratzea eta ikusketarik ez egitea. Hori dela eta, urtebete egin genuen bezalaxe, Gimenoren dimisioa eskatu dugu berriz. Eta ez kontu horregatik bakarrik, baita Departamentuaren kudeaketa negargarriagatik eta sindikatuekin negoziatzeko batere interesik ez agertzeagatik ere.

Arartekoak berak eskatu dio Hezkuntzari ikastetxe horien jarduna ikuskatzeko. Eta txosten baten bidez egin du. Bertan, egiazta daitezkeen datuekin, argudiatzen du ikastetxe horietako ikasleek Batxilergoa amaitzean lortzen dituzten notak ez datozela bat Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioan (USE) ateratzen dituztenekin. Arartekoak, ebazpen bidez, ohartarazi du bi zentroek “modu engainagarrian” igotzen dituztela kalifikazioak. Laburbilduz, Selektibitatea egitean ikasleek ateratzen dituzten notak ez datoz bat ikastetxeetan atera dituzten nota puztuekin. Datu hori oso deigarria da, eta, zalantzarik gabe, ikasle horiei mesede egiten die unibertsitateko karrera aukeratu ahal izateko.

Horregatik eskatu du Arartekoak Miravalles-El Redin eta Irabia-Izagako ikastetxeen jarduerak ikuskatzeko. Baina, ustekabean, Gimeno kontseilariak uko egin dio hori egiteari, irakaskuntzaren jarduna gainbegiratzen dela argudiatuz, betiere ikastetxeen autonomia errespetatuz.

Izugarria iruditu zaigu kontseilariaren erantzuna. Parlamentuak izendatutako erakunde baten eskaerari entzungor egiteaz gain, unibertsitaterako sarbidea arautzen duten berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak urratzen ditu, hain gauza serioan ezikusiarena egiten baitu. Azken batean, Gimeno modu kontzientean ari da sexuaren arabera bereizten duten ikastetxe horietako ikasleak laguntzen, unibertsitateko ikasketak egin ahal izan ditzaten.

Horrez gain, kontseilariak errespetu falta erakutsi die langileen ordezkariei. Bi greba egun egin ondoren, Hezkuntza Ituna bete gabe eta oinarrizko gaiak negoziatu gabe jarraitzen du, hala nola, ratioen jaitsiera edo irakasleen karga burokratikoa. Horregatik, eta joan den ikasturtearen amaieran egin bezala, Gimenoren dimisioa eskatu dugu; oraingoan, gainera, Mahai Sektorialeko sindikatu gehienek bat egin dute gure eskaerarekin.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.