Bizkaiko Foru Aldundiak SPISZan emakumeen presentzia sustatzeko plana onartzea erabaki du, LAB, UGT eta CCOOk ordezkatzen duten Langileen Batzordearen gehiengoaren irizpidearen aurka, eta ELAren babesa soilik izanda. Hori oso larria iruditzen zaigu, kontuan hartuta akordioa iruzurra dela, Eusko Legebiltzarraren azaroaren 23ko 12/2023 Legean, suteen prebentzio eta itzaltze eta salbamendu zerbitzuei buruzkoan, jasotako prebentzio-zerbitzuetan eta suteak itzaltzeko zerbitzuetan emakumeen presentzia sustatzeko helburuari dagokionez. Lege hori gehiengo politiko zabal batekin onartu zen.
12/2023 Legeak, itzaltze zerbitzuetan emakumeen eta gizonen artean dagoen desorekaz jabetuta, sustapenerako eta ekintza positiborako neurriak ezartzen ditu. Legeak, zehazki, ezartzen du hautaketa-prozesuetan plazen erreserba-ehuneko bat ezarri beharko dela emakumeek bete ditzaten, gutxienez % 33ko presentzia lortzen ez den bitartean.
Testuinguru honetan, BFAk, hasieratik, legeak sustapen-plana egiteko emandako agindua betetzen ari zelako plantak egin ditu eta, horrela, emakumeek betetzeko plazen erreserba ehuneko txikiagoa ezarri ahal izango du, legeak planik izan ezean ezartzen duena baino (%25ekoa da); eta ELAren laguntza izan du.
Horrela, hasieran BFAk berdintasun plan bat aurkeztu zuen, eta Langileen Batzordearen gehiengoak atzera bota zuen, ez zuelako betetzen planak diseinatzeko ezarritako prozedura (diagnostikoa eta kolektiboaren parte-hartzea), ezta edukia ere (diagnostikoa, helburu kualitatiboak eta kuantitatiboak, tarteko helburuak, neurriak, kronograma…). Langileen Batzordeak “SPISZan emakumeen presentzia sustatzeko plan” bat egitea proposatu zuen, eta, ondoren, berdintasun-plan bat egitea, seriotasunez eta zehaztasunez.
Planaren arabera, 2025etik 2027ra bitartean aurreikusitako hautaketa-prozesu bakarrean, deitutako 23 plazetatik, % 10 emakumeentzat erreserbatuko dira, hau da, 2 plaza, SPISZ-ko suhiltzaile kategorian 400 pertsona inguruko talde batean, eta horietatik 7 baino ez dira emakumeak gaur egun. Era berean, lan-poltsei dagokienez, eta soilik eskaintza arruntetarako, emakumeei deien % 10 egitea jasotzen du planak, gehiengo sindikalaren proposamena asko murriztuta.
Zehaztu behar da “erreserba” ehuneko horren eraginkortasuna oso mugatua dela, ez delako automatikoki aplikatzen: emakumezko hautagai batek lehentasuna izango luke soil-soilik baldin eta gizonezko hautagai batekin duen puntuazio aldea, lehiaketako puntuak barne (hautaketa prozesuaren %25 dira), %15tik beherakoa bada. Hori ez da inoiz gertatuko, neurri hori aplikatuko litzaiekeen hautagai berriek ez dutelako
esperientzia punturik.
Gure proposamena honako hau zen: alde batetik, helburu argiak zehaztea eta, bestetik, hurrengo EPEan gutxienez %15eko erreserba eta ordezkapenen %33ko ehunekoa (eskaintza arruntetan), hurrengo deialdietan pixkanaka emakume gehiago sartu ahal izateko. Hau da, beti 20 emakume inguruko presentzia egotea ordezkapenak egiten, kontutan hartuta egunean batez beste 65 langile daudela lan poltsan ordezkapenak egiten. Horrela, 2029ko hurrengo EPErako puntuak egiten joango lirateke; etorkizunerako proposamena da, beraz, etxeko interinoei kalterik egin gabe. Aipatzekoa, bide batez, egun, zerbitzu honetan bitarteko funtzionario emakumezko bakarra dagoela eta beraz abiapuntuzko desoreka egoera dugula.
Langile Batzordearen gehiengoak eskatu izan duguna da planak, legeak hitzez hitz ezartzen duen bezala, honako hau finkatu behar zuela: “kasuan kasuko plangintzaldirako, dagokion zerbitzuko plantillan iritsi nahi den emakumeen ehunekoa, emakumeen presentzia baxua zuzentzeko”, eta erreserbatutako plaza kopurua koherentea izan behar zela “suteak prebenitzeko eta itzaltzeko eta salbamenduko
zerbitzuan emakumeen eta gizonen presentzia orekatzeko helburuarekin”.
BFAk gutxiengo sindikalean onartutako planak ez du ezartzen lortu beharreko portzentajerik, ezta presentzia oreka hori lortzeko urratsak emateko egokia izan litekeen portzentajerik ere.
BFAk, negoziazio prozesuaren ondoren, plan bat aurkeztu du. Langile Batzordearen gehiengoaren iritziz, plan horrek ez du helburu zehatzik ezartzen (beraz, ezinezkoa izango da betetze-maila eta inpaktua ebaluatzea), eta planean jasotako neurriekin zer lortu nahi den ez dagoenez zehaztuta, uste dugu ez dagoela ondo diseinatuta eta ez diola erantzuten SPISZ-ko plantillan emakume gehiago egoteko lege aginduari.

