2025-12-17
HomeLAB SindikatuaNazio BiltzarraBerritik gutxi eta zaharretik asko Confebasken aldetik

Berritik gutxi eta zaharretik asko Confebasken aldetik


CONFEBASKek enpresariekin antolatu duen topaketan “Lan harreman eredu berriaz” hitz egin du. Gaurko honen aurrekaria dugu, Elkarrizketa Sozialeko mahaian aurkeztu zuten dokumentua. Egin genuen bere momentuan gure balorazio kritikoa. Gaur, autopropaganda ekitaldi izugarria antolatu dute. CONFEBASKen ereduak, gutxi du berritik eta asko zaharretik.

Berri izena eman nahi diote, orain arte egin duten bidea egonkortu eta sakontzeari. Egungo lan harreman ereduan, patronalaren nagusikeria erabatekoa da eta hori da CONFEBASKek nahi duen eredua. Orain arteko ereduarekin jarraitu nahi dute, inposaketa eta aldebakartasunaren bidetik jarraitu nahi dute. Horrela irabaziak mantentzen jarraitzeko.

Balioa erantsian lehiatzea eta CONFEBASKek proposatzen duen eredua bateraezinak dira. Eredu “berri – zahar” honekin, prekaritatea hedatu besterik ez da egingo. Soldata eta lan baldintzak kaskartuz mantendu nahi dituzte irabaziak. Lan kostuen etengabeko murrizketaren bidetik jarraitzea beste asmorik ez dute.

Erreformaz erreforma, patronalaren mesedetan diren neurri berriak inposatu izan zaizkigu. Egungo lan harreman eredu antidemokratikoa inposatu arte, egun erabatekoa da desoreka beraien alde. Ze kolaborazioz hitz egin dezake, inoiz neurtu gabeko ordezkaritza, negoziazio kolektiboa blokeatzeko erabiltzen duen CONFEBASKek? Ze kolaboraziori buruz hitz egin dezake, gehiengo sindikala lan harremanetatik kanpo utzi nahi duen patronalak?

CONFEBASKek ez du lan harreman eredu berririk behar, beraien estrategiari men egingo dion sindikalgintza behar du. Legeek behar duten guztia eman diete, Jaurlaritzaren babes osoa dute, komunikabide nagusiena ere bai. Beraien zoritxarrerako, guztia zoragarria izango zatekeen, baldin eta sindikatu batzuk estrategia horri aurre egitea erabaki ez bagenu.

Langileen egoerak eskatzen duelako, ez dugu amore eman eta ez dugu emango. LAB izan da “lan harreman eredu berri bat” behar dela aldarrikatzen lehena. Jarraituko dugu, horren alde mobilizatzen eta eremu instituzionala interpelatzen. Langiloek enplegu duina eta negoziazio kolektiborako eskubidea bermatuko dituen eredua behar dugu. CONFEBASKen ereduak, kontrakoa proposatzen du, antagonikoak dira.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Zerbitzu publikoetan euskaraz lan egin eta bizi ahal izateko lege bermeak exijitu ditu LABek Gasteizen

Euskarafoboak diren alderdi eta sindikatuen aurrean, euskaraz lan egitea eta euskaraz artatua izatea eskubide gisa tinko defendatzeko ordua da. Horregatik, LABek gaztelerak dituen eskubide...

Iruñeko lorezaintzako lehen hitzarmenaren kontrako blokeoa salatu dute sindikatuek

LAB, UGT, CCOO, ELA eta Solidari sindikatuek, GORA LOREZAINAK batzarraren babesarekin —Iruñeko Udalak azpikontratatutako OHLA Ingesan, Eulen eta Tasubinsa enpresetako lorezaintzako langileek osatzen dute...

Langileon Donostia eraikitzera goaz!

Donostiar gehienon lan eta bizi baldintzak etengabe okertzen ari dira eta eraiki hitza da azken aldian gure hirian hitzetik hortzera dabilena. Turismoan oinarritutako postalezko hiria da eraikitzen ari direna, hain zuzen ere, gutxi batzuen interesak hiritarron beharren gainetik jarrita.