2026-03-21
HomeEkintza SindikalaBat egin dugu 'La Suizako 6en' aldeko elkartasun mobilizazioekin

Bat egin dugu ‘La Suizako 6en’ aldeko elkartasun mobilizazioekin

Uztailaren 6an 12:00etan mobilizatuko gara Bilboko Arriaga Antzokiaren aurrean Xixongo (Asturies) sei sindikalistei gure elkartasun internazionalista adierazteko.

Elkarretaratze honek elkartasuna erakustea eta Espainiako Estatuko Auzitegi Gorenaren 626/2024 epaiarekiko gaitzespena adieraztea du helburu, langileen oinarrizko eskubideen aurkako eraso zuzena baita: biltzeko, adierazteko eta askatasun sindikalerako eskubidearen aurkako erasoa. Aste honetan ezagutu dugun epaiaren bidez, epaileak hiru urte eta erdiko espetxe-zigorra eta enpresaburuari 125.428 euroko kalte-ordaina emateko agindu du. LABek, hainbat borrokatan jazarpen sindikala jasan duen sindikatuak, Bizkaiko metalarenean edo Tubacexekoan, duela gutxiko adibideak jartzeagatik, gure babesa adierazi nahi diegu Asturiesko kideei, eta langileen borrokarekiko errepresioak berehala eten behar duela berresten dugu.

Kasua 2017tik dator; izan ere, urte hartan La Suiza gozotegiko langile batek CNT sindikatura jo zuen aparteko orduak eta oporrak ordaintzen ez zizkiotela salatzeko. Enpresaburuarekin negoziazio-saiakerak huts egin ondoren, salaketa-kanpaina bat hasi zen, manifestazioak egin zirelarik eta kalean informazioa banatu zutelarik. Bada, ekintza horiek kriminalizatu zituzten Xixongo Zigor Arloko Epaitegiak, Probintzia Auzitegiak eta orain Auzitegi Gorenak.

Gaur goizean hainbat eragilerekin batera egin dugun agerraldian esan bezala, berriro diogu manifestatzea eta lan-eskubideak defendatzea ez dela delitua. Horregatik, langileei dei egiten diegu larunbat honetako mobilizazioan parte hartzera.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Martxoak 21. Arraza diskriminazioaren aurka indar guztiz borroka egitera dei egiten du LABek

Ez dadila egun arrunt bat izan. Balio dezala, benetan, egiteke (asko) dauzkagun batzuetan aurrera egiteko. Erakunde sindikal gisa, LAB, olagarroaren beste tentakulu bat izan gaitezke edo, aitzitik, gure indar guztiekin haren aurka borrokatu.

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...