2026-03-19
HomeIdazkaritzakAzken bederatzi egunotan lau langile hil dira beren lanpostuetan

Azken bederatzi egunotan lau langile hil dira beren lanpostuetan

LABek jakin du irailaren 8an 54 urteko F.T. langilea hil zela, irailaren 5ean izan zuen lan-istripu oso larri baten ondorioz. Dirudienez, Elorrioko baso-eremu batean lanean ari zela zuhaitz batek buruan jo zion langileari. Beharginak Gueñeseko Explotación Forestal Zaldupe S.L. enpresan egiten zuen lan

Heriotza horrekin, gutxienez 36 dira aurten lan-istripuz hildako langileak. Nabarmentzekoa da oporren ondoren ohiko lan-jarduera berrabiarazita, 9 eguneko epean 4 langile hil direla beren lanpostuetan.

LABetik elkartasun osoa adierazi nahi diegu hildakoaren senideei, lankideei, lagunei eta hurbilekoei.

Era berean, salatzen dugu basogintza sektorea langile gutxi dituen sektorea izanda ere, urtero egoten direla hildakoak sektore honetan. Bizkaiko eta Gipuzkoako kasuetan, basogintza enpresen bideragarritasuna mugatua da, nahiz eta eurentzako ad hoc eginiko foru arauak eduki. Egur ustiapen intentsiboa lan harreman prekarizatuetan oinarritzen da etekinak lortu ahal izateko. Honela, lan segurtasuneko baliabideak ipini beharrean, hauetan aurrezten da. Plantilla murritzak, basoan bakarka lanean aritzea, errekurtso prebentiborik eza, formakuntza eza, lan tresna desegokiak, malda handiko eremuetan, lan erritmo oso altuak, lanaldi oso luzeak (honek eragiten duen nekearekin) eta abar luze bat daude istripuen atzean. Jakina, jarduerak berak barnebiltzen dituen arriskuei erantsitako faktoreak dira hauek.

Jakina da, inspektoreek ere badakitelarik, une honetan bertan Euskal Herrian baso sektorean lanean dirauten enpresa gehienak ez direla lan osasuneko betebeharrak betetzen ari. Hori dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiari, Osalani eta Eusko Jaurlaritzari basogintza sektorearentzako neurri bereziak eskatu dizkiegu, haiek eta lan ikuskaritzak badutelako egoera aldatzen hasteko giltza.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.