2026-07-29
HomeEkintza SindikalaAzazetako istripuan hil zen langilea etxez etxeko laguntzailea zen: LABek lan baldintzen...

Azazetako istripuan hil zen langilea etxez etxeko laguntzailea zen: LABek lan baldintzen prekaritatea salatu du

Atzo Azazetako mendatean gertatutako auto-istripuan hildako langilea Gasteizko etxez etxeko laguntza sektorean lan egiten zuen. LABek baieztatzen duenez, 56 urteko A.L. de M. L. de M. Serveo enpresaren zerbitzura ari zen lanean, eta lan istripuan hil zen. LABek doluminak eta elkartasuna helarazi dizkie hildakoaren senideei, lagunei eta lankideei.

Etxez etxeko laguntzako langileen lan baldintzak oso prekarioak direla salatzen du LABek. Langileek desplazamendu ugari egin behar izaten dituzte oso denbora tarte laburrean, lan-zama gero eta handiagoa den testuinguru batean. Enpresek beren irabaziak bermatzeko ezartzen dituzten ratioek, lan erritmoek eta desplazamenduetarako denbora urriek laneko arriskua areagotzen dute.

Sektorea, salbuespen bakanak kenduta, guztiz pribatizatua dago gaur egun. LABen ustez, pribatizazioak prekarietatea eta halako gertakari tragikoak dakartza berekin. Are gehiago, erakunde publikoen erabakiak izan dira sektorea pribatizaziora bideratu dutenak, eta, beraz, foru aldundiak badu ardura zuzena langileen lan baldintzen prekarizazioan.

LABek, lan baldintza duinak aldarrikatzearen alde, etxez etxeko laguntza sektorea eta, oro har, pribatizatutako zaintza lanak publifikatzeko eskaria egin die Euskal Herriko administrazio publikoei. Zaintza sistema publiko eta komunitario baterantz urratsak ematea eta langileen lan baldintzetan arreta jartzea ezinbestekoa da horrelako ezbeharrak saihesteko.

Azken batean, ez dugu lanera heriotzarekin topo egitera joan nahi. Horregatik, LABek premiazko neurriak eskatu ditu laneko osasuna eta segurtasuna bermatzeko, eta lan baldintza duinak lehenbailehen ezartzeko. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langabezia jaitsi arren, arrakalak sakonak dira

Lan harremanetan egiturazko ezberdintasunak mantentzen dira.

“Barraskilo operazioa”: Nafarroako Gobernuak errepresioaren eta grebalarien zigorraren alde egin du, lantokietan grebarako eskubidea urratu izanaren aurrean beste alde batera begiratzen duen bitartean

Barraskilo Operazioan parte hartu genuenok, isunak eta errepresioa salatzen ditugu, martxoaren 17an Euskal Herrirako 1.500 euroko LGSren aldeko greba orokorraren testuinguruan egindako ekintza baketsu batengatik.

Babestutako Etxebizitzak esleitzeko kupo berriekin, Denis Itxasok sozialki injustua den eredua ezarri nahi du

Etxebideren araudia aldatzeko prozesuan da Itsasoren gidaritzapeko saila, eta sustapen bakoitzeko etxeen %30 gorde nahi du 20.000 eta 46.000 euro arteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileentzat. Etxebiden izena emanda duten 110.000 herritarren %70 diskriminatuko du araudi berriak.