2025-12-05
HomeEkintza SindikalaAzaroaren 24an greba egingo dute Nafarroako merkantziak errepidez garraiatzeko sektorean, hitzarmen duin...

Azaroaren 24an greba egingo dute Nafarroako merkantziak errepidez garraiatzeko sektorean, hitzarmen duin bat eskatzeko

UGT, CCOO, ELA eta LAB sindikatuek greba egun bat deitu dute, azaroaren 23an gaueko 22:00etatik azaroaren 24ko 22:00etara, Merkantzien Errepideko Garraioaren Sektoreko Hitzarmen Kolektiboaren negoziazioa desblokeatzeko eta sektoreko langileentzat lan-baldintza duin, justu eta orekatuak eskatzeko.

Lau sindikatuetako ordezkariek prentsaurrekoa emango dute astearte honetan, eta ANET patronalaren asmoak salatuko dituzte; izan ere, bere azken proposamenaren bidez, merkantzien garraio, logistika eta mezularitzako langileen lan-baldintzak desarautu nahi ditu. Hitzarmenaren proposamen horrek “lanaldi irregularra handitu, eskubideak ezabatu, soldatak depreziatu eta gehiegizko indarraldia ezarri” nahi duela adierazi dute.

UGT, CCOO, ELA eta LAB sindikatuek gogorarazi nahi dugu, azken hitzarmenak bi urteko indarraldia izan zuela (2007 eta 2008), eta gaur egun ere hori dela indarrean dagoena, bertan jasotako ultraaktibitate-klausulari esker. Hala ere, 18 urte igaro dira akordio berririk lortu gabe, eta hitzarmena guztiz zaharkituta geratu da.

2023ko urrian ireki zen berriro sektoreko negoziazio-mahaia. Hala eta guztiz ere, akordioa lortzeko sindikatuek egindako ahaleginaren aurka, joan den maiatzaren 5eko bileran negoziazioa blokeatutzat jo zen, patronalaren jarrera irmo eta mugiezinaren ondorioz.

Lau sindikatuen iritziz, ANETen proposamena guztiz eskasa da, indarreko hitzarmena okertzen du eta eskubideetan atzera egitea dakar. Soldata-arlora etorrita, patronalak %22ko igoera proposatzen du 2031ra arte, 2008tik gaur arte Nafarroan pilatutako KPIa %31 inguru den arren.

Halaber, patronalak ultraaktibitatea ezabatzea planteatzen du, hitzarmen berria sinatu arte lan-baldintzak bermatzen ditueb funtsezko eskubidea. Haren ezabapenak sektoreko langileak guztiz babesik gabe utziko lituzke eta lan-harremanen oinarrizko oreka hautsi egingo luke.

Era berean, sindikatuok salatu dugu ere, patronalak lanaldiaren malgutasuna gehiegi handitu nahi duela, eta malgutasun horri lotutako edozein plus edo ordainsari ekonomiko ezabatu nahi duela, hitzarmenean berariaz jasota ez badago. Gainera, urtean 64 lanordu gehigarri ezarri nahi ditu, 48 orduko aurreabisua emanda eta aparteko ordu gisa aitortu gabe. Hori guztia, langileei eskuragarritasun osoa ezartzeko, inolako konpentsazio edo bermerik gabe.

Azken batean, UGT, CCOO, ELA eta LAB sindikatuen iritziz, aurkeztutako proposamenak honako hauek dakarzkie langileei:
lanaldiaren banaketa irregularra handitzea,
ultraaktibitatea ezabatzea,
gaueko ordainsaria murriztea,
hitzarmenaren indarraldia gehiegi luzatzea,
plusak xurgatzea eta hobekuntza ekonomikoak depreziatzea.

Eta hori guztia, gainera, proposamen ekonomiko eskas eta onartezin batekin.

Patronalaren asmoen aurrean, sindikatuek honako hau proposatzen dute: 2025. urteari begira, 2008ko hitzarmeneko kontzeptu ekonomiko eta soldata-taula guztiak eguneratzea, Nafarroako KPI pilatuaren araberako %32,1eko igoera aplikatuz; eta 2026tik aurrera, soldata-taulak urtero berrikustea aurreko urteko KPIaren arabera, gutxienez %2ko bermearekin (2026, 2027 eta 2028rako).

Halaber, atseden eskubidea bermatzeko, gainesplotazioa saihesteko eta lan-denboraren urteko eta asteko banaketa bidezkoa ziurtatzeko, sindikatuek besteak beste honako hau eskatzen dute: urteko lan-karga 1.720 ordura eta 215 lanjorndunaldira mugatzea; astero bi atseden egun jarraituak bermatzea; lanaldi baten amaieratik hurrengoaren hasierara arte gutxienez 12 orduko atsedenaldia ezartzea; eta urteko lan-egutegi baten bidez lanaren antolaketa kontrolatzea.

Hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa eta patronalaren jarrera mugiezina ikusita, UGT, CCOO, ELA eta LAB sindikatuok garraio, logistika eta mezularitza sektoreetako langileak grebara deitzen ditugu. Azaroaren 23an gaueko 22:00etatik azaroaren 24ko gaueko 22:00etara deitutako 24 orduko greba egunari babesa ematera. Helburua da kamioilariek igandean ez hastea beren ibilbidea, euren txanda bada, eta logistikako langileek mobilizazio-egunari aurreko gaueko txanda geldiaraztea.

Greba egunean, azaroaren 24an, kontzentrazioa egingo da 08:00etatik 09:00etara Garraio Hirira sartzeko biribilgune nagusian, eta handik manifestazioa abiatuko da ANET patronalaren egoitzara. 13:00etan, kontzentrazioa egingo da Iruñeko Mendebaldeko Arteria (PA-30) eta Estellarako bidearen (NA-700) arteko biribilgunean, Orkoier noranzkoan.

Lau sindikatuok ez dugu baztertzen mobilizazioekin jarraitzea patronalak bere jarrera irmoan badirau, sektoreko langileentzat duina, zuzena eta orekatsua izango den hitzarmena lortu arte.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...

Eusko Jaurlaritza: bermatu beharrezko finantzaketa unibertsitate publikoari! Legebiltzarreko alderdi politikoak: irmo defendatu EHU!

Gaurko lanuzte eta elkarretaratzea aste honetan EHUko campusetan garatutako mobilizazioetako laugarrena da, eta jarraipena ematen dio beharrezko finantzaketa lortzeko aldarrikapenari. Izan ere, Eusko Legebiltzarrean 2026ko...

Nafarroako langileriaren lan eta bizi baldintzak: bi nafarretik batek prekarietate egoeran bizitzen jarraitzen du

Nafarroan batez besteko soldata igo da azken urtean, baina desberdintasun sozial zein pobrezia egoerak handitzen ari dira. Hortaz, sortzen den aberastasuna gero eta modu...