2024-04-26
HomeLan Osasuna IdazkaritzaAmiantoaAzalpenak eta erantzukizunak eskatu ditugu, Altzako kiroldegian aurkitutako amianto arrastoa dela eta

Azalpenak eta erantzukizunak eskatu ditugu, Altzako kiroldegian aurkitutako amianto arrastoa dela eta

LABek agerraldia egin du, Altzako kiroldegian aurkitutako amianto arrastoaren harira. Sindikatuak azalpenak eskatu dizkie erakundeei, eta ezinbesteko segurtasun neurriak bete ditzatela exijitu du; kiroldegia beraren eraistea atzeratzea, tartean.

Gaur egun Altzako kiroldegiak neurri batean okupatzen dituen lurrak, bere garaian Fibrocementos Vascos enpresak okupatzen zituen. Kiroldegian hasi diren obrak direla eta, lur horietan amiantozko kutsadura detektatu dute.

LABen aldetik, azpimarratu behar dugu lantegia lurrera bota zutenean, amianto arrastoak zituen bertako lurra hortik kendu, eta gertu edo ondoan dauden lur eremuetan bota zutela. Lur eremu hori guztia horregatik dago amiantoarekin kutsatuta.

Gai hau larritasun handikoa denez, LABeko ordezkariok agerraldia egin dugu komunikabideen aurrean, azalpenak eskatzeko. Hain zuzen ere, erakunde desberdinei eskakizunak luzatzen ari gatzaizkie, udalaren arduragabekeria ikertu dezaten eta ezinbesteko segurtasun neurriak betetzea exijitu, eta, kasua balitz, erantzukizunak argitu daitezen.

Horregatik, erakunde hauen esku-hartzea eskatu dugu:

Lehenik eta behin Donostiako Udala.
1- Akreditatutako enpresa baten txostenaren bidez ziurta dezala, instalazioetako elementu, galdara, hodi eta abarretan amiantorik dagoen ala ez. Era berean, ziurta dezala, neurketa analitiko baten bidez, hodiak babesten dituzten beira-zuntzen estalduretan amiantoa dagoen ala ez. Inguruan amianto zuntzak egon daitezkeen ziurtatzeko neurketa atmosferikoak egin ditzala kiroldegi barrualdean. Jarduera hauek egin bitartean, abenduaren 1erako, ostegun honetarako, aurreikusia dagoen kiroldegiaren eraiste-agindua bertan behera gera dadila exijitzen dugu, ez dadin inor egon amiantoaren arriskupean.
2- Kiroldegian gaur egun eta iraganean kendutako instalazio guztien inbentarioa egin dezala, kalderak, hodiak, etabar…
3- Bai kirol instalazioetan, bai bere garaian lantegi azpian zegoen lurra barreiatu zen lurretan lanean izandako enpresa zein gaur egun dauden edo lehenago egon diren patronatuko, udaleko brigadetako, kontratetako edo azpikontratetako langileak identifika ditzala, eta informazio hau guztia Osalanera bidali.
4- Altzako Udal Kiroldegian azken 27 urteetan lan egin duten udal langileen osasun egoerari buruz dauden datuen ikerketa egin dezala, amiantoarekin lotura duen kalteren bat jasan izan duten jakiteko.
5- Dagoen arriskua saihesteko, eremua desamiantatzeko, egonkortzeko, seinalizatzeko… zer neurri hartuko dituen azaldu dezala eskatzen dugu ere.
6- Baita udalbatzan jada onartua dagoen amiantoaren mapa lehenbailehen egitea. Halaber, amiantoa duten instalazioak detektatu ahal izateko, arriskua murrizteko eta honen antzemate, kontrol edota ezabapenean aurrerapauso egokiak emateko langileen formakuntzarako planak abian jartzea eskatzen dugu.

Bestetik Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Osakidetzari.
1- Herrera-Altzako eremuan azken 30 urteetan egon diren birika-minbizien, asbestosien eta laringe-minbizien ikerketa egin dezala. Baita ere haien kopurua Gipuzkoa, Bizkaia edo Arabako beste auzo eta eremuetan egon direnaren baino altuagoa ote den (prebalentzia-indizeaz ari gara) ikertzea.
2- Egondako minbizi horietatik mesotelioma gaiztoarengatik zenbat izan diren aztertzea ere eskatzen diegu.
3- Hirugarrenik, kontutan izanda gaixotasun honen sortasun aldia oso altua dala, hurrengo urteetan ere jarraipena egitea eskatzen dugu.

Azkenik Osalan eta Lan Ikuskaritzaren esku-hartzea eskatzen dugu.
1- Eragindako eremuek eta lurrek duten amiantoren kontzentrazio eta kutsadura mailak aztertu ditzan eta haien jarraipena egin dezan. Baita azken 27 urte hauetan lan egin duten langileena ere, patronatukoak, udaleko brigadetakoak nahiz kontratetakoak (garbiketakoak bereziki) izan.
2- Hortaz, Altza auzoko minbizi okupazionalen datu epidemiologikoen jarraipena egitea eskatzen dugu, eta minbizi horiek amiantoarekin duten lotura aztertzea ere. Kiroldegiko langileek izan dezaketen amiantoren eragina aztertzea eta amiantoren eraginpean izandako langileen zerrendan kiroldegian urte hauetan guztietan ibilitako langileak, aipatutako lehengo fibrozementuko fabrikaren langileak, kiroldegia eraikitzen aritu ziren langileak eta piknik eremua egin zuten langileak sartzea (guztiak barnebilduko dituen zuhurtasun printzipioa), osasunaren zaintza zuzena, okupazio ondorengoa barne, bermatzeko.

Beharrezkoa da erakunde publikoetatik amiantoa osasun publikoko arazo bezala lantzea, ez lan osasunekoa.
Esperientziatik eta hutsegiteetatik ikasi behar da horrelakorik berriro gerta ez dadin.

Osasun zerbitzu publikoetan amiantoarekin zerikusia duten gaixotasun profesionalak identifikatzeko programak ezarri eta lehen arretako medikuei formakuntza eskaini behar zaie.
Enpresa eta administrazio guzti guztietan amianto mapak osatu behar dira, horretarako beharrezkoak diren baliabideak eskainiz.
EAEko parlamentuan konpentsazio funtsa Madrilgo gobernuari eskatzea onartu bazen ere, hori ez da nahikoa. Gizarte segurantzaren transferentzia eskatu behar da, hemen sortu dadin beharrezkoa den konpentsazio funtsa.

Donostia Kiroleko LAB Sindikatuaren Atal Sindikaletik, Udala eta Donostia Kiroleko Zuzendaritza salatzen dugu, denbora honetan guztian informazio guztia ezkutatu izanagatik eta kontuan eduki ez zaigulako; ez langileoi, ez kanpoko enpresei, ez herritarrei orokorrean. Kontuan izanda gure lankide bat duela 3 urte biriketako minbiziaz hil zela, ondoez hori areagotu egiten zaigu. Honekin eskatzen dugu ere iker dadila lankide honen heriotza eta azaldutako amiantoaren artean harremanik egon daitekeen.

Ez Donostia Kiroleko Zuzendaritza, ez Udaleko inork ez du hildakoaren familiarekin harremanetan jartzeko arreta izan, ez eta inongo langilerekin, laguntza eskaini eta beraien esanetara jartzeko.

Ez dugu ulertzen ezta ere, Udalaren eta Donostia Kiroleko Zuzendaritzaren aldetik ezkutaketaren eta gaizki egitearen arduradunik ez egotea; horregatik, irregulartasun guzti hauek berehala argitzea eskatzen dugu eta ardurak eskatzen ditugu.

Era berean, argi eta garbi salatu nahi dugu Zuzendaritzak Altza Kiroldegiko itxiera baliatu duela, 2-3 urtez gutxienez, instalazioetako 6 lanpostu suntsitzeko. Instalazioetako langileak ez ordezkatzearen Zuzendaritzaren politikaren ondorioz, erabat murriztuak eta kaltetuak izaten ari dira. Behar bezalako zerbitzua eskaintzeko guxienekoak betetzen ez dituztenez, 6 lanpostu horiek Patronatuak kudeatutako beste kirol instalazio guztiak indartzeko erabiltzea exijitzen dugu.

Azkenik, aipatutako instalazioetan lan egin duten langileen eskura jartzen gara, balizko ikerketetan laguntzeko, eta zalantzak eta abar argitzeko. Halaber, amianto eduki dezaketen instalazioak ezagutzen dituzuenei sindikatu honi edo udal arduradunei horien berri ematea eskatzen dizuegu, dakarten arriskua kontrolatu eta saihestu ahal izateko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enpresak Imegarreko grebalarien aurka erakutsitako jarrera onartezina salatu eta borrokaren zilegitasuna aldarrikatu dugu

Egun hauetan mobilizatzen aritu dira Imegarreko langileek, eta enpresari beren lankideak berriz onartzeko eta gatazka konpontzeko eskatu diote. Aldiz, enpresak, jarrera desafiatzailea eta mehatxagarria izan du. Behin baino gehiagotan, kontseiluko kideek aurre egin diete langileei, mehatxatu eta iraindu egin dituzte. Baina ez hori bakarrik; izan ere, salatu nahi dugu pikete batean parte hartzen zegoen LAB-eko kide bati salaketa jarri diotela, akusazio faltsupean. Horregatik, gaur, enpresak bere langileekiko eta langileei laguntzera joan diren pertsonekiko izan duen arduragabekeria publikoki salatu dugu.

Alex Aranzabalek egindako kudeaketa txarra salatu nahi dugu

Informazio-ohar honen bidez, azken hilabeteetan Aguirre y Aranzabal (AYA) enpresan eta Alex Aranzabal gerentearekin izandako gertakariak argitu nahi ditugu. Lehen pertsonan ikusi dugu nola igaro den denbora, eta nabarmenki gertatu da gainbehera kudeaketaren esparru guztietatik.

Bollera izatea, aske egiten gaituen erabakia. Askatasunez bizi nahi dugun erabakia. LANTOKIETAN ASKE!

Lesbiana izateagatik jazartuak eta zigortuak izatea oraindik orain gutako askok bizi dugun egoera da.