2026-03-18
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaArabako Larrialdietako Osasun-Garraio Sareko bi langilek jasandako erasoa salatu nahi dugu

Arabako Larrialdietako Osasun-Garraio Sareko bi langilek jasandako erasoa salatu nahi dugu

LABetik ozen salatzen dugu, bere lanaren eginkizunetan, anbulantzietako langileek bizi duten babesgabetasun egoera. Izan ere, bere osasun fisiko eta emozionalean eragiten duten halako egoera larriak ohiko bihurtzen ari baitira.

Gertakariak joan den irailaren 12an izan ziren, larunbatean, Arabako Araia herrian. Gertakarien tokian gizonezko bat zegoen zauri batekin, arreta medikua eskatzen. Gizonezkoa anbulantzia barruan zegoela, anbulantziako altzariak bortizki jo zituen eta osasun-zerbitzuek polizia-laguntza eskatu zioten Koordinazio Zentro Medikuari. Pazientea artatzen zuten bitartean, osasun-langileek, emakumeak biak, irainak eta mehatxuak jasan zituzten honen aldetik, zeinek ez zuen jarrera aldatu, ezta laguntza eskaera egin eta 30 bat minutura heldu zen Ertzaintzaren patruilan bertaratu zirenekin ere.

Pazientea osasun zentrora eramateko, anbulantziako langileek lan hau burutzeko babesa eskatu zieten agenteei, baina ukatu egin zitzaien babesa, hauen esanetan, ez baitzegoen behar adina polizia-baliabiderik filiazio eta babes-lana burutu ahal izateko.

Pazientea eramaten hasi zirenean, honek jarrera oldarkorraz jarraitzen zuenez, Aguraingo Etenik Gabeko Arreta Gunean gelditzea erabaki zuten, nondik berriro ere, zentroko medikuak eta anbulantziako langileek polizia-patruila bertaratzea eskatu zuten. Oraingoan ere patruila bertaratu arte denbora dezente igaro zen, 15 bat minutuz itxaron behar izan zutelarik. Oraingoan, ordea, pazientea ezinbestean Gasteizko Santiago Ospitalera eraman beharra zegoenez, anbulantziak poliziaren babesa izan zuen, patruila une oro atzean joan zelarik.

LABetik ozen salatzen dugu, bere lanaren eginkizunetan, anbulantzietako langileek bizi duten babesgabetasun egoera. Izan ere, bere osasun fisiko eta emozionalean eragiten duten halako egoera larriak ohiko bihurtzen ari baitira. Kasu zehatz honetan, batetik, Ertzaintzaren patruila berandu iritsi izanak, beste funtzio batzuk bete behar eta bitarteko falta zutela argudiatuz, eta bestetik, anbulantzia laguntzera ukatu izanak, berriro ere segurtasun Protokoloak berrikusteko beharra dagoela agerian geratzen da.

Beste behin ere, Osasun Sailari eta Herrizaingo sailari neurri hobe eta ugariagoak eskatzen dizkiegu, gertakari hauek berriro errepika ez daitezen. Era berean, langile guztiak ahalik eta lasterren egoera onean dauden TETRA sistemako irrati-hargailuz hornitzea eskatzen dugu, eman daitezkeen babes gabeko egoeretan zein erasoen aurrean, langile orok larrialdiko botoia aktibatu ahal dezan.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.