2026-10-02
HomeZerbitzu PublikoakZerbitzu SoziokomunitarioaArabako aisiako eta girotze sozio-kulturaleko lehen hitzarmena sinatu dute

Arabako aisiako eta girotze sozio-kulturaleko lehen hitzarmena sinatu dute


Sindikatuek eta patronalak Arabako aisiako eta girotze sozio-kulturaleko lehen hitzarmena sinatu dute. Azaroaren 8an adostu zuten, LAB, ELA, CCOO, ESK eta UGT sindikatuen eta Zeharka patronalaren eskutik. Lehen hitzarmen honen bitartez, sektoreko ia 400 langileren lan baldintzak eta soldatak duinagoak izango dira, eta enpresen arteko aldeak berdintzea lortu dute.

Sindikatuek jakinarazitakoaren arabera, “ezin izan ditugu negoziatu hitzarmenaren artikulu guztiak, guk nahiko genukeen bezala, Estatuko hitzarmenean zenbait gai erreserbatuta daudelako; probaldia, lanbide taldeak, kontratazio motak, diziplina araubidea, lan osasuneko gutxieneko arauak eta mugikortasun geografikoa, besteak beste”

Hala ere, Estatuko hitzarmenaren artikulu asko hobetzea lortu dituzte, hauek bereziki: soldata taula; lanaldiaren mailaz mailako murrizketa (72 ordura arteko laburketa); opor egunak ugaltzea, 31 egunetik 34 egunera (2018an); antzinatasun eta igande eta jai egunetako plusak; gaueko eta prestutasun plusak; aldi baterako baliaezintasunaren aldian lehen egunetik kobratzea; lizentzia ordainduetan hobekuntzak; eta udalekuei buruzko arauak nabarmen hobetzea.

Sindikatuen hitzetan, “hitzarmen hau oso tresna egokia izango da sektorea batera biltzeko, orain dauden desorekak berdintzeko, eta jarduera hau gero eta arautuagoa uzteko”.

Hori bai, herri-erakundeei gogorazi diete zerbitzu hauek azpikontratatuak direla, ehuneko ehunean Administrazio Publikoaren menpekoak direla, “eta horregatik zerbitzua esleitzeko baldintza-orrietan hitzarmen hau aplikatzea galdatu behar zaiela enpresa jasotzaileei, eta, horretarako, behar bezala diruz hornitu behar direla, sektorean gatazkarik sor ez dadin”.

Sindikatuek sektoreko langileak zoriondu dituzte, haiek izan direlako akordioa lortzeko eragile nagusiak. “Haien mobilizaziorik gabe, orain ez genuke akordiorik”, erantsi dute.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Salatzen dugu Bilboko Portuko amarratzaileen aurka kaleratzeak, zigorrak eta presioa darabiltzala enpresak

Enpresak berriz ere marra gorri bat zeharkatu du: beste ordezkari sindikal bat kaleratu du bere eginkizun sindikala betetzeagatik eta langileen eskubideak eta lan-baldintzak defendatzeagatik. Enpresak mobilizatzen direnei eta lantaldearen alde aurpegia ematen dutenei ezarritako zigorren beste adibide bat da azken kaleratze hau.

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz.