2026-02-01
HomeEkintza SindikalaAmazonek eta Manpowerrek greba eskubidea urratzen dute

Amazonek eta Manpowerrek greba eskubidea urratzen dute

Abenduko grebetan mehatxuak eta ezohiko kontratazioak egin ostean, urtarrila hasierarako aparteko lanorduak eskaintzen ari dira aldi baterako langileei. Gaur goizean elkarretaratzea egin dugu Manpowerren egoitzaren aurrean, Bilbon.

Trapagarango Amazonen zentroko hitzarmen propioa eskatzeko abenduaren 17an eta 18an egindako greba egunek arrakasta handia izan zuten parte-hartze aldetik. Amazoneko zuzendaritzak ezin izan zuen bere ekoizpena atera nahiz eta Manpower aldi baterako lan enpresaren laguntza izan. Enpresa horrek, azaroaren hasieran, 40 kontratazio baino gehiago egin zituen Gabonetarako, eta hori ez zen ohikoa, inondik inora ere. Pandemiaren unerik txarrenetan ere ez zen langile kopurua 160 baino gehiagora iritsi, gabon hauetan gertatu bezala.

Amazon eta Manpower langileek grebarako duten eskubidea urratzen ari dira, aldi baterako langileei telefono-deiak eginez, Whatsapp mezuak bidaliz edo plantilla osoari e-mailak bidaliz, mehatxuzko tonuan: “Ez dira absentziak justifikatzen sarrerako argazki bat bidaliz, sarbidea segurua izango baita. Eta zehapen prozedura aplikatuko da, edozein absentzia gertatzen denean bezala”.

Hori guztia gutxi balitz, joan den ostiralean, abenduaren 22an, Manpowerrek Whatsapp eta email mezu gehiago bidali zituen, urtarrilaren lehen astean ordu osagarriak eskainiz. Aste horretan, langileek grebara deitu dute urtarrilaren 3an, 4an eta 5ean.

Lan Harremanei buruzko Errege Lege Dekretuaren 6.5 artikuluak ezartzen duenez, grebak irauten duen bitartean enpresaburuak ezin izango ditu grebalariak ordezkatu grebaren berri eman den unean enpresari lotuta ez dauden langileekin. Beraz, legez kontrakoa da greba iragartzen den unean enpresakoak ez diren langileak aldi baterako kontratatzea, hura indargabetzeko helburu bakarrarekin.

Bost greba egunak deitu ditugun sindikatuok (LAB eta ELA) Bizkaiko Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari jakinarazi diogu gertaturikoa, eta ahalik eta azkarren jarduteko eskatu, Manpower eta Amazon egiten ari diren greba eskubidearen urraketaren aurka egiteko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...