2026-02-03
HomeErrepresioaAltsasukoekiko basakeria salatu eta eskubide zibil eta politikoen alde borrokatzera deitzen dugu

Altsasukoekiko basakeria salatu eta eskubide zibil eta politikoen alde borrokatzera deitzen dugu

LABen iritziz, Altsasuko gazteen epaia aurrez idatzitako gidoiaren araberakoa izan da; Espainiako Estatuak inboluzio antidemokratikoa bizi du eta jendarteak, gero eta gehiago, sistema auzitan jartzen duen honetan, autoritarismorako Estatuaren joera areagotzen ari da.

Eskandaluzko akusazioekin hasi zen guztia, eskandaluzko zigorrekin jarraitu zuen eta eskandalua berrestera dator Altsasuko gazteekiko Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia.

Altsasuko gazteen auziari buruzko azken epaiaren aurrean, lehenik eta behin, gure babes eta elkartasun oso helarazi nahi diegu amesgaiztoaren protagonista diren gazteei, haien senide eta hurbilekoei eta Altsasuko herriari. Urteetako zigorrak ezarri dizkie Gorenak gazteei, absoluzioa beharrean. Hortaz, zigorrak zertxobait murrizteko erabakiak ez du epaiaren larritasuna arintzen, ez dio zentzugabekeria juridikoari amaiera ematen. Hain zuzen ere, Estatu antidemokratiko batean bakarrik gerta daiteke Altsasuko gazteak bizitzen ari diren injustizia. Justizia aberatsekiko, boteredunekiko, malgua eta oparoa den bitartean, zigortzailea bezain ankerra da gazteriarekiko, langileekiko.

Altsasuko gazteek ez dute epaiketa justurik eta proportzionaturik izan, errugabetasun-presuntzioa, defentsarako eskubidea eta epaile naturalaren eskubidea urratu zirelako. Horrekin batera, 2016an tabernako liskar bati lotuta atxilotuak izan zirenetik, muntaia polizial, judizial eta mediatiko baten biktima izan dira gazteak. Hala, auzi honetan eman diren epaiak aurrez idatzitako gidoiaren araberako sententziak izan dira, gaur ezagutu duguna barne.

Espainiako Estatuan inboluzio antidemokratiko erabatekoa bizi dugu. Politikoki, sozialki, demokraziaren ikuspegitik gero eta injustuagoa da sistema eta jendarte gero eta zabalagoak ari dira eredua auzitan jartzen. Horren aurrean, inboluzio politikoarekin ari da erantzuten Estatua, autoritarismorako joera gero eta nabarmenagoarekin.

Ez dugu halako Estatu antidemokratiko batean bizi nahi, ez dugu horrelako injustiziarik nahi. Beharrezkoa dugu hemen, Nafarroan, Euskal Herrian, benetako justizia eta demokrazia eraikitzeko apustu garbi bat egitea. Nazkatuta gaude hainbeste bidegabekeriekin. Jendartea geldiarazi eta isildu nahi dutenen aurrean mobilizaziorako deia egiten dugu. Gaur, inoiz baino gehiago, basakeria hau salatu eta eskubide zibil eta politikoen alde borrokan jarraitzera deitzen dugu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

LAB, ELA eta CGTk salatzen dute legea saihesteko eta langileria mehatxatzeko VW Nafarroaren, UGTren eta CCOOren jarrera

ELA, LAB eta CGT sindikatuetatik salatu nahi dugu, onartezina delako, VW Navarra, UGT eta CCOOen jokabidea; izan ere, VW-Nafarroako kontratazioan Legea ez betetzeagatik Lan...

EAJk egoera zaurgarrienean dauden pertsonak etxegabetzeko Espainiako Gobernuarekin egindako akordioa salatzen du LABek

Akordio honekin maizterren eskubideen aurka egiten dute jeltzaleek, egoera ziurgabean dauden herritarrentzako inolako alternatibarik eskaini gabe.  EAJk Espainiako Gobernuarekin adostu du etxejabe txikiek egoera zaurgarrian...

Indarkeria matxistaren aurrean erantzun kolektiboak artikulatzen jarraitzeko borrokarako tresna berritua aurkeztu du Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxak

LABek konpromisoa hartzen du honen zabalpenean. Autodefentsa feministako aldarrikapena izan da erdigunean eta indarkeria matxistei aurre egiteko protokoloa indartu eta ekarpen zein aldarrikapen politiko gisa. Protokoloa...