2024-03-04
Home8. Biltzar NagusiaBiltzar NagusiaAinhoa Etxaideren interbentzioa

Ainhoa Etxaideren interbentzioa

Iritsi da azkenean VIII Biltzar Nagusia burutzeko momentua. Okertzeko beldurrik gabe esaten dugu urte hauetan gertatzen dena erabakigarria izango dela gure etorkizunari begira, bai Herri bezala, baita langile klase bezala ere. Bata eta bestea elkarlotuak joango dira.

Ponentzian lurrikara politiko eta ekonomiko bat bizitu dugula esaten dugu. Oso atzera egin behar dugu hainbeste gertakari, ekimen, iniziatiba eta urrats barne biltzen dituen kongresuen arteko fase bat aurkitzeko. SORTUren legalizazioa beste urrats bat da, handia eta aurrera begira jartzen gaituena.

Egia da krisi bortitz hau goiz ala berandu emango zela aurreikusi zitekeela. Behin eta berriro salatu genuen sistema finantzieroari eta multinazional transnazionalei gehiegizko boterea ematen ari zitzaiela. Aberastasuna barra barra sortzen zela baina ez zela banatzen. Kontrolik gabe espekulatzen ari zirela langileak prekarietatera kondenatzen zituzten bitartean eta hori beti izan dela krisi bortitzen iturria. 

Bizitzen ari garena ez da abagune txar bat, sistema kapitalistaren azken hamarkadetako bilakaeraren emaitza baizik. Sistemak barne biltzen dituen arazo eta barne krisi guztiak nabarmen egin dira, momentu berdinean eta bere dimentsio osoan lehertu dira. Hor dago bizi dugun krisiaren neurri ikaragarriaren arrazoi nagusia.

Eta neurriak hartzeari ekin zioten. Neurri inposatuak, gure interesen eta borondatearen kontrakoak, helburu bakarrarekin hartzen direnak. Sistema betikotzea, hori eta besterik ez. Hori beste guztiaren gainetik. Krisi honek eskatzen duen aldaketa sistemaz aldatzea da. Arazoak ez du konponbiderik, arazoaren muinera jotzen ez bada, arazoaren jatorriei begiratzea ekiditen bada. Eta hori da azken lau urteetan gertatu denaren gako nagusia. Hasiera hasieratik baztertu zuten alternatibaren bidea hartzea, krisia sortu duen eredua auzitan jartzea eta krisiaren atzean dauden politikak aldatzea. Krisiak eskatzen zuen benetako eztabaida egiteko aukera lapurtu ziguten, ondoren eskubideak lapurtzen hasteko.

LAB oso kezkatua iristen da kongresura. Ez dugu ukatuko. Datuak ikaragarriak dira: 146.000 lanpostu baino gehiago suntsitu dira lau urtean, 200.000 langabetu baina gehiago daude Euskal Herrian. Hauetatik erdia, %51 emakumeak dira (eta datu ofizialak dira, gogoratu sistema honek emakume askori ez diela ezta datu bat izateko aukera ere ematen). Prestazioarik gabe daudenen kopurua gora egiten ari da, langabetuen %47ak ez du prestaziorik jasotzen, duela lau urte %28az hitz egiten genuen.

Bazterketa soziala eta pobrezia neurririk gabe handitzen ari da Euskal Herrian ere, eta ez da aberastasunik ez dagoelako. Jendartea prekarietatera, bazterketa sozialera eta pobreziara kondenatzea hautu politiko bat da, krisi honen aurrean gobernuek egin duten hautu politikoa da. Datu hauek ez ditu krisiak sortu, egiten ari diren politiken ondorioak dira.

Gure artean ditugu Greziako eta Portugaleko ordezkariak beste askorekin batera. Politika berdin berdinak aplikatzen ari dira hemen, ondorio berdinekin ezinbestean. Eta aurreikuspenak egoera bera baino beltzagoak dira.

Estatu espainiarra interbenitua izango da, eta horrek oraindik eta gehiago urrunduko gaitu konponbideetatik. Egia da Estatua berez interbenitua dagoela jada; FMI, Europako Bankuak eta Europako Batzordeak ezartzen dituzten aginduak betetzera mugatzen direlako. Baina kontuz: aginduak betetzea erabaki bat da ere. Gobernuek egin duten hautu politiko bat kapitalaren txontxongiloak izatea. Eta hor dago euren erantzukizuna momentu honetan. Ezin diogu egoerari larritasunik kendu. Datozen urteak oso zailak izango dira zalantzarik gabe.

Hemen ere, hautua berdina izan da. Hasieratik baztertu zuten Nafarroako eta Gasteizeko gobernuek politika propioak egiteko aukera. Euskal lurraldeak krisiari aurre egiteko prestatuak zeudela esan zuten, eta horrela izan zitekeen. Baina krisiaren kontra borrokatzeari uko egin diote hasieratik. Eta larriago dena, euren papera borroka egin dugunon aurka egitea besterik ez da izan. Euskal Herrian benetako alternatiba bat eraikitzeko egon den aldarrikapena izan da eurentzat arazoa.
Instituzio hauek hartutako bidea suizidio politiko eta ekonomikoa da. Estatu espainiarraren egiturazko krisiei eta krisi horiek gainditzeko ezintasunari lotuak jarraitzera behartu nahi gaituzte Euskal Herriaren interesen kontra joatea dela jakin arren. Euskal Herriak bere bidea egin dezakeela eta bide horrek eskaintzen dituen aukera ekonomiko eta sozialak benetakoak direla jakin arren.

Estatu interesak ordezkatzera eta Euskal Herriaren interesen gainetik jartzera mugatzen ari dira, ondorio ekonomikoak guztiz kaltegarriak izango direla guk bezain argi eduki arren. Euskadi markaren garrantziaz eta balioaz hitz egiten dute, baina ongi baino hobe dakite marka baten balioa bere atzean dagoen proiektuan eta Estatuan dagoela. Ez dago bata besterik gabe. Eta eztabaida hori ezin da ekidin, hori da momentuak eskatzen duen eztabaida.

Euskal Herriak bere bidea egin behar du. Kontrakoa Espainia eta Frantziako marken menpe jarraitzea da, bi Estatu horiek hartuko dituzten erabakietan herri honen etorkizuna itotzea. Zein leku dute Estatu hauek hartuko dituzten erabakietan euskal langileriaren interesek eta eskubideek? Zein leku dute hor Euskal Herriaren etorkizun ekonomikoari begira behar beharrezkoak diren eztabaidek?

Gaur euskal ekonomia egituratzeaz, bertako eredu produktiboa berritzeaz, lan harremanetarako eredua gaurkotzeaz, babes soziala ziurtatzeko eredua berrantolatzeaz hitz egiten aritu beharko ginateke guztiok. Herri bat bezala eztabaidatzen eta erabakiak hartzen egon beharko ginateke. Erabakitzeko dugun eskubidea gure kabuz hartzen eta konfrontazioa gure erabakien errespetuaren gainean egiten. Eredu ekonomiko eta soziala berritzeko behar ditugun bitartekoak eskuratzeko akordioak eraikitzeko eztabaidatzen aritu beharko ginateke.

Eta aldiz, apurtuta dauden bi gobernu ditugu, euren gestio instituzionala aurrera ateratzeko akordioak berreskuratu nahian, gestio hori denean krisiak bere bidea inolako mugarik gabe egitea ekarri duena. Gobernu horiei begira ez dago benetako alternatibarik. Kezkatuak iristen gara bai, baita nazkatuak ere.

Krisiak markatu ditu azken lau urteak baina Euskal Herriaren agenda ez da horretara mugatu. Azken urteetan bide bat egitea lortu dugu, krisi honen gainean bada ere eta krisiaren gainetik kasu askotan.
Euskal Herriko gatazka historikoa konpontzeko prozesua martxan dela burutuko dugu Biltzar Nagusia. Mugimendu independentista erabarritzeko erabaki estrategikoak hartu ditugula. Mapa instituzionala aldatuko duten aliantzak eraikiak direla. Hainbeste borrokatu ditugun aldaketa politiko eta sozialak burutzeko prozesu politikoan urrats erabakigarriak eman ditugula iristen gara beraz VIII Biltzar Nagusira.

Eta langile borroka indartu dugula iristen gara zalantzarik gabe. 2009ko kurtsoa erabakigarria izan zen gaur hona ekarri gaituen bidea egiteko, orduan hartu genituelako erabaki nagusiak. Dialogo sozialaren bidea baztertu genuen. Ezetz esan genion instituzioek eta patronalak krisiaren aurrean eskuz esku aritzeko egin interpelazioari aukera horretan gure interesei uko egitea besterik ez zegoelako. Klase gatazka ukatzea zen eskaintza moduan mozorrotu zuten interpelazio horren oinarria.

Bide hori hasieratik baztertu eta klase interesak defendatzeko borroka eskaintza bat egin genien euskal langileei. Baita gainontzeko euskal sindikatuei ere otsailaren 19an. Konpromisoak bereganatzeko momentua zen eta horrela egin genuen.
Bi urrats horiek izan ziren LABen erabaki nagusiak, erabaki emankorrak. Maiatzaren 21ean egin genuen aurreneko greba orokorra, ostera mobilizazio sozial ugari etorri ziren iniziatiba sindikal indartsuei bide emanez. Dekalogoa aurkeztea izan zen horietako bat. Hor dago fase honek eskatzen dituen urratsen adibide argi bat: aldarrikapenak adostea eta batera borrokatzea. Hori da euskal sindikalgintzak egin zuen hautua eta orain ere egin behar duguna euskal langileei benetako alternatiba eskainiko badiogu.

Guk orduan esaten genuena aldarrikatzen jarraitzen dugu: alternatiba eredu berri bat eraikitzea da. Politikak errotik aldatzea eta eredu berria eraikitzeko bitarteko politiko eta sozialak eskuratzea. Horretarako indar handia behar da eta lankidetzak ematen digu horretarako aukera. Alternatiba euskal sindikalgintzan dago sindikalgintza abertzalea Euskal langileriak behar duen eraldaketa prozesua aurrera ateratzeko gai bada. Eredu berria da alternatiba. Eta hori prozesu politiko baten emaitza izango da edo ez da izango. Aldaketa prozesu horretan goitik behera inplikatuko den sindikalgintza behar du euskal langileriak. Hor dago bai alternatiba, eta hor dago LAB.

Aldaketa prozesuan, martxan den aldaketa prozesuan, langile klasearen interesak agendaren erdian egon behar dira. Aintzat hartu behar dira eta erabakigarriak izan behar dira prozesuak eskatzen dituen akordioak eraikitzerakoan. Hori horrela izango da sindikalgintza prozesuaren zutabea bada, eta autonomiaz jokatzen badu, klase interesak defendatzeko behar beharrezkoa delako. LABek autonomia hori aldarrikatzen du, autonomia prozesuan buru belarri inplikatuz gure papera betetzeko, ez prozesutik ihes egiteko.
Lau greba orokorrak izan dira zalantzarik gabe euskal langileok eman dugun erantzunaren neurria hoberen adierazten dutenak, baita sektore publikoan eman den erantzun indartsua ere. Grebak izan dira egunkarietako lerro buruetara iritsi direnak, baina urte hauetako marka lantokietan egin den borroka guztia izan da, hori egon da greba orokor hauen arraskaten atzean.

Lan gatazken zerrenda amaigabea da, borroka eredugarriez jositako urteak izan direlako. Ezagunak izan dira asko, guztiok gogoratzen dugu jantokietako gatazka, emakume aurpegia duen prekarietatearen kontra egiteko borroka kolektiboaren balioaren eredu argi bat izan zelako. Metaleko hitzarmena Gipuzkoan, bat egite sindikalaren balioa erakutsi zuena, gaurkotasun osoa duen borroka herrialdeko hitzarmenak orain defendatu eta borrokatu behar direlako inoiz baino gehiago. Konektako gose greba, Metroko langileen borroka luzea. Zerrenda amaigabea da: koxka, kayaba, Dana, Rezola, Cementos Lemona, Ingemar, Alfa, Laminados Arregi… hementxe bertan borrokan tinko daude Inasako langileak. Gure txalorik beroena duintasunaren eredua izan diren langile guzti guztiei.
Lantokietan dago aldaketa prozesuaren klabe nagusia eta oker gabiltza ez badugu horrela ulertzen. Ezin da lantokietan edozein akordio onartu, edozein jarrera sindikal ontzat eman eta ondoren greba orokorrak deitzeko sinesgarritasuna izan. Horrela ulertu genuen eta ahalegin berezia egiteko eskatu genizuen guztiei, gaur egin duzuen lanaren balioa aldarrikatu behar dugu. Askotan entzundako gauza da langileek borrokarako grina eta gaitasuna galdu dugula. Ez da egia. Borroka suspertzeko, antolatzeko eta aurrera ateratzeko prest dauden sindikatuak dauden lekuetan badago langile borroka. Horrela ikusi da Euskal Herrian, LAB izan da horretarako klabea. Eta LAB ez da ezer abstrakoa. LAB zuek egindako lan guztia da, borroka egon da borroka posiblea egin duzuelako egituraz egituraz. Egin duzuen guztiaren balio politikoa aldarrikatzeko eguna da gaur. Sekulako lana egin duzue.

Behin baino gehiagotan esan dugu erabaki berriak hartu behar izan genituela VII Biltzarra bukatu bezain pronto. Eta horrela izan zen. Baina gogoratu zazue azken kongresuko leloa, “Aldaketak, borrokaz borroka”. Erabaki nagusiek balio osoa zuten. LABek bere jarrera historikoetatik heldu dio krisiari. Gure ibilbide historikoak eman digun zilegitasunean eta sinisgarritasunean oinarritu da borrokarako izan dugun gaitasuna urte hauetan.

Aurrera begira jarri behar dugu orain. Eta gure bideari segida emateko proposamena aurkeztu dizuegu. LABek bidea aldatuko zuela pentsatzen zuenik badago okertu egin da. Biltzar Nagusi honetan hartuko ditugun erabakiekin iniziatiba berriak hartuko ditugu. Hiru izango dira gure erreferentziak:

Euskal Herriak behar duen zilklo politiko berria behingoz irekitzea. Atzean utzi nahi ditugu gatazkaren, ukazioaren eta inposizioen garaiak. Euskal Herrian martxan da gatazka konpontzeko eta marko demokratiko bat eraikiz proiektu politiko guztiak gauzatzea posiblea egingo duen prozesu politikoa. Prozesu hori azken porturaino eraman behar dugu, oztopo guztien gainetik. Ikusi dugulako oztopoak ez dira txikiak izango.

Gatazka politiko eta armatu bat konpontzeko prozesu demokratiko bat zapuztea eta konponbide prozesu batekin konpromiso politikoak hartzea galaraztea helburu politiko zilegi bat dela pentsatzen duen Estatu batek benetako arazo politiko bat dauka. Hori bakarrik gaixo dagoen estatu batek egiten du. Eta hori da Estatu españolak egin zuena 2009ko irailaren 9an LABeko egoitzan indarrez sartu eta hainbat arduradun politiko atxilotu zituenean. Horien artean gaur hemen behar lukeen LABeko idazkari nagusi ohia. Gure besarkadarik gorriena eta beroena Rafarentzat.

Kultura demokratikorik ez duen estatu bati konponbide demokratikoak eskatzea antzua dela diote batzuk. Gu ez gaude horrekin batere ados. Konponbide demokratikoak beti eskatu behar dira aurrean dagoena dagoela ere. Antzua horren sai egotea da. Konponbide demokratikoak borrokatu egin behar dira eta gehiago hori ukatzeko errepresioa azken muturrera eramateko beti prest dauden estatuen aurrean.

Egoera antidemokratiko honi konfrontazio demokratikoa antolatuz eta eremu guztietatik suspertuz buelta emateko erabakia hartu zuen ezker abertzaleak. Hautu horren balioa aldarrikatu nahi dugu berriro ere konfrontazio demokratiko horretan dagoelako gatazkari behingoz konponbide demokratiko bat emateko aukera, baina baita gaur inoiz baino beharrezkoak ditugun aldaketa politiko eta sozialak lortzeko giltza ere.

Aldaketa politiko eta soziala azkartzea behar beharrezkoa delako eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraikitzeko. LAB euskal langileriak behar duen prozesu soberanistaren zutabe sozial garrantzitsua izango da. Aldaketak eragitea da gure borrokaren funtsa, horretarako ezinbestekoa den mobilizazioa, aktibazioa, antolakuntza eta borroka suspertuz.
Garai gogorrak dira eta borrokan dago gakoa. Borroka lantokietan eta lantokietatik kanpo. Datozen urteetan lan gatazkak indartu behar ditugu, langileriak hitza hartu behar du euskal herriko kaleetan. Mobilizazioa bultzatuko dugu enplegua, zerbitzua publikoak eta babes soziala defendatzeko. Aliantza sendoak eraiki nahi ditugu horretarako.

Iniziatiba hartuz eta aldaketa prozesuan aurrera egiteko akordio proposamenak eginez indartuko dugu borroka. Erantzuna behar beharrezkoa da bai, baina inposazioak ekiditea da klabea. Aurrea hartzea, zer etorriko den itxaron gabe. Murrizketa berriak iragarri dituzte, eta ezin dugu eztabaida hurrengo greba orokorraren datara mugatu. Greba orokor berriak egin beharko ditugu bai, aldaketa prozesua azkartzeko erabakiak hartuak ditugula deitu behar ditugu.
LAB indartzen jarraitzea izango da hirugarren erreferentzia. Sindikatua indartu dugu lau urte hauetan. Afiliazioan gora egin dugu eta baita ordezkaritza sindikalean ere. Arratsaldean ikusiko datuak. Dena dela, eta txostenean esaten dugun bezala, arlo honetan izan behar gara bereziki kritikoak egin dugunarekin, edo hobe esanda, egin ez dugunarekin.

Agenda berrantolatu genuenean interbentzioari lehentasun osoa ematea erabaki genuelako. Erabakia zuzena izan zen. Baina bere kostuak izan ditu eta hainbat egitasmo bidean geratzea izan da nagusia. Konpromiso zehatzak bete gabe iristen gara (nazio estrategia eta mutuak). Baina batez ere, gure antolakuntza eredua eta gure barne funtzionamendua eraberritzeko proiektua osatu eta martxan jarri gabe iristen garela da hutsune nagusia.

Borrokari segida emateko sindikatua eraberritu behar genuela esan genuen eta horrek prozesu organizatibo sakon eta sendo bat egitea eskatzen du. Egiturazko erabakiak hartu behar ditugu, ez gure egituraketa zein den erabakitzeko, gure proiektu eta eredu organizatiboa gaurko exijentzietara egokitzeko baizik.
Erronka honi erantzukizun osoz heldu behar diogu, benetako erabakiak hartuz. Gauzak hobe egin behar ditugu, hori da lehenengo erreferentzia. Bigarrena, anbizoa. Martxan dagoen garai berria independentziaren bidean aurrea egiteko garaia da. Orain da gure garaia da, independ behar du fase berri hau eta horrek sindikatu independentista indartsu bat edukitzea eskatzen du. Handia da gaur sindikatuaren gorputz nagusia osatzen dugun belaunaldiak dugun erronka, lekukoa hartu genuen eta orain, belaunaldiz belaunaldi egin dugun borroka hurrengo helmugara eramatea tokatzen zaigu.

Euskal Herriak hitza hartzea, autodeterminazio eskubidea lortzea, aldaketa soziala burutzeko euskal esparrua artikulatzea, lana eta langileak kapitalaren gainetik jartzea. Ez dira ametsak, oraingo fase politikoaren helburuak dira, eta horiek izan behar dira gure borrokaren emaitzak. LAB helburu horietara iristeko proiektu estrategikoa da. Mugimendu independentista eraberritzen ari da, bitarteko berriak sortzen ari da. Guk ere berrituko ditugu gure bitartekoak. Baina beti beti, gure nortasun eta ibilbide historikoari begiratuz hor daudelako gure oinarriak. Bat izan da nagusi gaur arte eta horrela izango da, LAB militantzian oinarrituko da, LABeko kideok euskal langile klasearekin konpromisoak hartzeko betidanik erakutsitako gaitasunean. Zorionak benetan azken urteetan egin duzuen lanagatik.

GORA EUSKAL HERRIA ASKEA ETA SOZIALISTA.
GORA LAB!!!

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

San Juan de Dios ospitaleko langileek elkarretaratzea egin dute Iruñean, hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatzeko

San Juan De Dios Ospitaleko enpresa batzordeak elkarretaratzea egin du Iruñean, Osasunbidearen egoitzaren parean, Oliveto kondearen kalean. 2023-2024 hitzarmen kolektiboaren negoziazioaren egoeraren berri eman dute. 2023ko abenduan, Grupo Independiente eta LABek osatutako enpresa-batzordeak, negoziazio-plataforma aurkeztu zuen, eta abenduaren 15ean mahaia eratu zen, urtarriletik aurrera negoziazioari ekiteko.

Ertzaintzak Gasteizko Martxoaren 3ko manifestazioan egindako karga bortitza salatzen dugu

LAB, ELA, ESK eta STEILAS sindikatuok eta Martxoak 3 elkarteak salatu nahi dugu ERTZAINTZAk karga polizial bortitz ikaragarria egin duela, zauritu asko utziz eta hainbait persona atxilotu dituela, gutxienez 3, ditugun datuen arabera. Manifestazioan, urtero bezala, adin guztietako milaka eta milaka pertsonak zeharkatu dituzte Gasteizko kaleak, duela 48 urte Espainiako Poliziak egindako sarraskia gogoratuz, Egia, Justizia eta Erreparazioa exijituz, eta pertsona guztientzako etorkizun justua aldarrikatuz.

Erakunde publikoen inplikazio aktiboa funtsezkoa da Mecanerrek etorkizuna izan dezan

Atzo, ehunka pertsonek manifestazioa egin zuten Urdulizen, Stellantisek Mecaner ixteko asmoa erakutsi eta 6 hilabetetara. Bide latza izaten ari da. Bidean topatutako oztopo eta erresistentziek zaildu egiten baitute agertoki berriak zabaltzea.