2026-09-26
HomeEkintza SozialaPolitika publikoakAinhoa Etxaide: “Hitzak bakarrik ez dira nahikoa, Jaurlaritzak benetan lan erreforma arbuiatzen...

Ainhoa Etxaide: “Hitzak bakarrik ez dira nahikoa, Jaurlaritzak benetan lan erreforma arbuiatzen badu, has gaitezen alternatiba eraikitzen”

“Hitzak bakarrik ez dira nahikoa”. Hitz horiekin erantzun die LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek atzo Angel Toña, Jaurlaritzako Enplegu Sailburuak, eginiko adierazpenei. Toñak onartu zuen lan erreforma ez dela gai izan enplegua sortzeko; are gutxiago kalitatezkoa. Adierazpen hauen aurrean Etxaidek mezua luzatu dio Jaurlaritzari: “Benetan lan erreforma arbuiatzen badu, hasi gaitezen alternatiba eraikitzen”.

LABek azpimarratu nahi du lan erreformak ez duela esandakoa bete bere helburua ez baitzen hori. Sindikatuak hasieratik salatu zuen erreforma honek ez zuela enplegurik sortuko, prekarietatea eta gizartean desberdintasunak areagotuko zirela eta lan merkatuaren desarautzea ekarriko zuela. Aberatsak gero eta aberatsago izateko, pobrezia ekarri du jendartearen gehiengoarentzat. Erabateko boterea eman zaio patronalari eta negoziazio kolektiborako eskubidea deuseztatu dute. Hori da errealitatea.

Hiru urte eta erdi behar izan ditu Jaurlaritzak ondorio horretara iristeko. Baina orain hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea da. Lan erreformaren ondorioei aurre egiteko prestutasuna ez da nahikoa, erabakiak hartu behar dira eta urratsak eman.

Elkarrizketa sozialeko mahaia eratzeko orduan Jaurlaritzak egiten zuen diagnostikoa, alegia, Aburtok abiatutako ildoa, eta atzoko Toñaren adierazpenak ez datoz bat. Beraz, Toñak behingoz argitu beharko du elkarrizketa sozialeko mahaiaren ibilbidea zein izango den, bere momentuan ez baitzen eratu sakoneko eztabaidei ekiteko, ez eta lan munduko benetako arazoei erantzuteko. Elkarrizketa sozialeko mahaiak ez dio langabeziaren arazoari, ezta lan munduaren prekarizazioari, are gutxiago babes sozialaren suntsiketari, erantzuten.

Jaurlaritzak erabaki behar du gaurdaino bezala Confebasken morroi izaten jarraitu behar duen edo morrontza horretatik askatu eta prest dagoen, egoerak eskatzen duen moduan, gaurko elkarrizketa sozialeko mahaia desegin eta beste bat sortzeko. Confebask bada arazoa bestelako erabakiak hartzen hasteko, Confebask gabe aurrera egiteko prestutasuna beharko luke Jaurlaritzak, patronalarekiko duen menpekotasuna gaindituz.
Elkarrizketa sozialeko mahaiaren aurrean LABen jarrera aski ezaguna da. LABen iritziz dena erabakita dagoenean, eta inposizioaren bidez emana datorrenean, ez dago akordio posiblerik.

Lan errefoma alboratu eta beste bide bat behar dugu. LABek mahai gainean jarria du horretarako proposamena. Aberastasuna banatzeko erreforma fiskala ezinbestekoa da, enpresako irabaziek ez dezaten, orain arte bezala, betikoen poltsikoetan eta paradisu fiskaletan amaitu. Beharrezkoa da enplegua sortzeko lanaldiaren murrizketa; enplegua hobetzeko hitzarmenak gaurkotzea eta hobetzea; langabezian eta prekarietatean dauden pertsonen babesa eta eskubide soziala ziurtatzeko politikak aurrera eramatea EH osoan. Eztabaida horietan daude konponbideak eta eztabaida horiei bide emateko eskua luzatzen du LABek.

Lan mundua berrantolatu beharra dago. Lan harremanaterako bestelako eredua jasoko duen eredu sozial berri bat defendatzen dugu. Eta eztabaida horri ekiteko prest dago LAB. Herri honek eztabaida horiei ekin behar die. Hori da gure bidea eta Euskal Herriko langileekiko gure konpromisoa. Bide hori egiteko prestutasunik bada, LAB hor izango da.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.