2025-12-11
HomeEkintza SindikalaAbsentismoaren buloaren kontura eskubide murrizketarik ez duela onartuko ohartarazi dio LABek patronalari

Absentismoaren buloaren kontura eskubide murrizketarik ez duela onartuko ohartarazi dio LABek patronalari

Patronalak baja osagarriak ezabatu nahi ditu hainbat sektoretan, soldata igoeren truke. Hala adierazi du Bizkaian irekita dauden hainbat hitzarmenen negoziazioan; hala nola, eraikin eta lokalen garbiketan, metalaren merkataritzan, salgaien garraioan edo kolektibitateetako kudeaketa zuzenean. Horren aurrean, LABen apustua da lan osasuna eta gutxieneko soldata duinak bermatzea, eta sindikatuak adierazi du ez duela onartuko eskubideetan atzera urratsik. Mobilizazioa egin du Bilbon hori eskatuz, Plaza Eliptikotik Confebasken egoitzaraino. 

Mobilizazioan izan da Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorra, eta salatu du patronalaren ofentsiba honen helburua dela soldata baxuak mantentzea, lan baldintza kaskarrei eutsi eta merketzen jarraitzeko. Horrela, patronalak ezabatu egin nahi ditu bajan egoteagatik langileek jasotzen dituzten soldata osagarriak.

CEBEKen arabera, soldatak eguneratzeko absentismoa murriztu behar da. Aranburuk argi utzi du LABek ez duela “xantaia” onartuko, “prebentzioa baita absentismoa murrizteko bidea”. Gaineratu du lan osasuna ez dela lehentasuna patronalarentzat, eta ez dagoela plan eraginkorrik arrisku psikosozialak edo arazo muskuloeskeletikoak prebenitzeko. Horrela, laneko gaixotasunei ez zaie trataera egokia ematen, gaixotasun arruntzat jotzen direlako.

“Patronalak langileen arteko arrakaletan sakondu nahi du”, nabarmendu du Aranburuk, bere aurpegirik gordinena sektore feminizatu eta prekarizatuenetan erakustea kasualitatea ez dela azpimarratuz.

Erasoaldi horren lehen helburua hitzarmen merkeagoak lortzea da, baina Aranbururen arabera, baditu bestelako helburu batzuk ere. Batetik, absentismoaren buloa modu artifizialean puztea eta gutxieneko soldata propioaren eztabaidarekin nahastea. Horrekin lotuta, Aranburuk adierazi du maila intersektorialean gutxieneko soldata propioaren eztabaidari ateak itxi dizkiola patronalak, hiru aldiz esan baitio ezetz gaiaren inguruko negoziazio mahai bat eratzeari. 

Bestetik, mutualitateei bajen kontrolerako gero eta eskumen gehiago eman nahi dizkie patronalak: langileei presioa handitu, gaixorik edo osatu gabe egon arren lanera bueltatzeko. Horrek osasun sistema publikoa ahultzea dakar eta sistema pribatua indartzea.

Patronalak EAJren eta PSEren babesa duela gaineratu du Aranburuk: “Azken hilabeteetan Confebasken eta Jaurlaritza osatzen duten alderdien arteko aliantza sendotu egin da. Confebaskek ez du soldata duinik nahi, eta negoziazioari uko egiten dio. Eta Jaurlaritza enpresarien alde jarri da. Gutxieneko soldata propio baterako Herri Ekimen Legegilearen eztabaidari ateak itxi dizkio legebiltzarrean, eta bere egin du patronalak absentismoaren inguruan egiten duen diskurtsoa”.

Borrokaren aldeko apustuan berretsi da Aranburu: “Xantaiek ez gaituzte kikilduko, ez dugu atzera urratsik onartuko eta tinko jarraituko dugu hitzarmen duinen aldeko borrokan”. Era berean, aipatutako sektoreetan gatazkak sortzeko antolatzen ari da sindikatua, argitu duenez, baina baita “soldaten defentsan erantzun orokorrago bat” emateko prestatzen ere, “murrizketa berrien eta prekarizazioaren kontra”. 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

LABek gogor salatzen du administrazioak kontratatu ahal izateko hizkuntza-klausulen aurkako EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia

Euskararen normalizazioaren aurkako epai larri honen aurrean, LABek dei egiten die herritarrei eta langileei euren eskubideen defentsan mobilizatzen jarraitzera.

Mercedeseko lantegiko lan-harremanen narriaduraren aurrean: mobilizazioak abian jartzeko deia

Enpresa Batzordeak egoera “onartezina” dela salatu, eta abenduan mobilizazio-kanpaina bati ekingo diola iragarri du. Mercedeseko Enpresa Batzordeak, ELA, LAB eta ESKren babesarekin, dei zuzena egin...

LABek ez du parte hartuko bihar egingo den segregazio mahaiaren bileran Jaurlaritzak Hezkuntza Legearen aldekotasuna inposatu nahi baitigu

Hirugarren bileran segregazioari aurre egiteko printzipio eta balioak landu baziren ere, Jaurlaritzak eragileok bertan landutakoak baztertu ditu eta Hezkuntza Legeak jasotzen dituen printzipioak aurkeztu...