2026-06-15
HomeLAB SindikatuaLAB"Arazoa ez da Covid-19, arazoa kapitalismoa da", salatu dugu CEN patronalaren aurrean

“Arazoa ez da Covid-19, arazoa kapitalismoa da”, salatu dugu CEN patronalaren aurrean

Elkarretaratzea egin dugu Nafarroako CEN enpresaburuen elkarteak Iruñean duen egoitzaren parean, kapitalaren ordezkariei argi eta garbi adierazteko ez diegula utziko kapitalaren krisia berriz langileei ordainarazi diezaieten. "Oldarraldi honen aurrean gure buruak prestatu eta bereziki antolatu behar ditugu", nabarmendu dugu.

Bi hilabete pasa dira Covid-19a gure bizitzetan sartu zenetik. Bere etorrerak, gure etxeetan konfinatuak egotera eraman gaitu eta honek erabat aldatu du paisai politiko, sozial eta laborala. Gauzak aldatu direla eta jada ez direla berdin izanen esaten digute behin eta berriz eta baldintza berri hauetan mundua eta berau ulertu eta bizitzeko modua berreraiki beharko dugula diote ustezko adituek.

Gurean ere Covid-19ak eragindako osasun krisiak ondorio larriak izan ditu. Ezjakintasun eta ezegonkortasun egoera erabateko izan da eta izuak bete-betean harrapatu gaitu. Osasun krisiak, krisi politiko, sozial eta laborala ekarri du.

Nafarroan, 6.583 ERTE gauzatu dira, 61.185 langile kalteturekin. Datu honekin batera, ezin aipatu gabe utzi enpresa askoren itxiera masibo honek behin behineko kontratua zuten langile gehienen kaleratzea suposatu duela. Langile hauen kasuan, askok gainera, ez dute inolako laguntza jasotzeko aukerarik izan. Hauetaz gain, kontraturik gabeko etxeko langileak, kale saltzaile eta musikariak, edota beste lan ezkutuetan aritzen ziren langile asko ere lanik eta prestaziorik gabe geratu dira. Lanean jarraitu duten langile askoren egoera, haien lanbidea ezinbestekoa zela argudiatuta, ezarri zaizkien segurtasun neurriak kasu askotan oso urriak izan dira.

Aipamen berezia behar du zahar egoitzetan lanean aritu diren emakumeen egoera. 54 egunetan, 700 langile kutsatu dira eta 582 egoiliar hil dira. Inolako babesik ez dute izan instituzioen aldetik. Adibide hauek guztiak izeberg-aren punta baino ez dira.

Datu hutsak, nahi bada, baina hauen atzean, emakume eta gizon askoren bizi baldintzak daude eta beste behin ere bigarren plano batean geratu dira, enpresarien etekinak lehenetsi direlarik.

Berriz kapitala bizitzaren aurretik, berriz dirua, pertsonen aurretik. Aspaldi entzun izan dira krisi berri bat zetorrenaren inguruko aipamenak. Bagenekien, urtarrilaren 30an burutu genuen greban adierazi genuen moduan, gure bizi, lan eta etorkizuneko baldintzak kinkan genituela. Bagenekien kapitalak oldarraldi berri bat prestatua zuela eta orain, osasun krisiaren ondorioz, oldarraldi hau justifikatzeko arrazoi handiagoak dituztela pentsa dezakete. Zentzu honetan, gure mezua argia da: Gure bizitzak kinka larrian kokatzea bada haien asmoa, eta horretarako Covid-19ak eragindakoa ondorioak erabili nahi badituzte, jai dute. Ez digute ziria sartuko.

Arazoa ez da Covid-19, arazoa kapitalismoa da. Sistema kapitalista erabat sostengaezina da eta osasun krisi honek, beste behin ere, agerian utzi du. Oldarraldi honen aurrean gure buruak prestatu eta bereziki antolatu behar ditugu. Gurea aldarrikatzeko eta bereziki borrokatzeko unean gaude. Honengatik etorri gara gaur hona, CEN aurrera. Entzun gaitzala Patronalak, jakin dezatela parez pare izanen gaituztela eta ez ditugula haien aitzakiak onartuko. Langileok ez dugu krisi hau eragin, sistema kapitalistaren ondorio da, eta, beraz, haiek ordaindu dezatela.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Navarrabiomedeko langileek aurrekontu-bermeak eskatu dituzte euren hitzarmen kolektiborako

Navarrabiomed-Miguel Servet Fundazioko langileek elkarretaratzea egin dute gaur goizean, hitzarmen kolektiboaren negoziazioan hitzartutako akordioek aurrekontu-babesa izan dezaten eskatzeko. Hitzarmenaren helburua osasun-ikerketa publikoaren errealitatera egokitutako lan-esparru...

Bizkaiko emaginen aldarrikapenekin bat egiten dugu

Emakumeen* kalitatezko osasun arreta bermatuko duen osasun sistema publikoa defendatzen dugu, eta negoziazio kolektibo integralaren alde egiten dugu. LAB sindikatutik Gurutzetako ospitaleko eta Barrualde eskualdeko...

Ekainaren 15eko eta 17ko mobilizazioetan parte hartzera deitzen ditugu Bizkaiko Foru Aldundiko beharginak

Telelan plan duin baten alde eta Bizkaiko Foru Aldundian akordioa/hitzarmena negoziatzearen alde deitu ditugu mobilizazioak. Bizkaiko Foru Aldundian (BFA) maiatzaren 18an egindako langileen batzarrean mobilizazio...