2026-10-02
HomeZerbitzu PribatuakElikagaigintzaIrmo salatu nahi dugu Espainiako Gobernu Ordezkaritzak debekatu izana Huerta de Peraltan...

Irmo salatu nahi dugu Espainiako Gobernu Ordezkaritzak debekatu izana Huerta de Peraltan langileek egin behar zuten elkarretaratze bat

Huerta de Peraltako langileak elkarretaratze bat egitera deituta zeuden gaur, lantokiko ate nagusiaren ondoan, protesta egiteko enpresak azkenaldian ezarri dituen zehapen batzuengatik eta langile bati enplegua eta soldata aldi baterako eten dizkiolako. Baina Espainiako Gobernu Ordezkaritzak debekatu egin du, kontzentrazio horrek ekar ditzakeen “osasun ondorioak” aipatuz, nahiz eta egunean hainbat ordu elkarrekin lan egiten duten langile batzuen kontzentrazioa izanen zen. Ondorioz, LAB sindikatuak tinko salatu nahi du debeku bidegabe, arbitrario eta autoritario hori.

Langileok koronabirusaren pandemia modu eraginkorrean geldiarazteko konfinamendu neurriak betetzen ari gara. Eta egiten ari gara nahiz eta kontraesankorra den batetik eguneko 24 orduetan gure etxeetan itxita egotea eta, bertzetik, gobernuek eta patronalak gu lan egitera behartzea Covid-19ren aurkako beharrezko segurtasun-neurririk gabe, gure eta gure familien osasuna arriskuan jarriz.

Huerta de Peraltako langileek, gainera, funtsezko lana egiten dute egoera larri eta berezi horretan, gure elikadura baratzeetako produktuekin bermatzeko. Baina Huerta de Peralta enpresa, ordea, ez dago prest bere partea betetzeko, eta pandemia eta konfinamendu garaietan, langileen kontrako bere gurutzadarekin jarraitzen du, zehapenak ezarriz eta kaleratze mehatxuak eginez.

Atzo jakin genuen Nafarroako Gobernuak emandako datua: enpresa bakar batek ere ez du jaso Covid-19rekin zerikusia duten segurtasun neurririk ez izateagatik jarduera geldiarazteko proposamen edo zehapen bakar bat ere. Sinestezina da, neurri horiek betetzeko materialik ez dagoenean, ez ospitaleetan, ez zahar egoitzetan. Eta frogatzen du Gobernua ez dela lanean ari gure osasuna bermatzeko.

Bada, patronalaren neurrira egindako konfinamendu honek badu bertze adibide paradigmatiko bat. Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzak debekatu egin du Huerta de Peraltako langileak mobilizatzea, enpresak kaleratzearen ondoriozko zehapen eta mehatxuak salatzeko. Hona hemen argudioa: “[…] Hala, osasun ondorioak balioetsi behar dira, ez bakarrik manifestatzaileei, baita haiekin istripuz harremana izan dezaketen pertsonei ere eragin diezaieketenak, eta ez da segurua parte-hartzaileen artean kutsadurarik ez gertatzea, gero haien adiskidetasun-, lanbide- eta familiartekoen artean zabaldu ahal izateko; horrela, osasun-krisia areagotu eginen da, segurtasun-neurriak hartuagatik ere […]”.

Gobernu Ordezkaritzaren argudioa haluzinagarria da, egoera arras absurdua sortzen baitu. Alde batetik, langileak ezin dira mobilizatu nahiz eta hartu egunero lan egiteko hartzen dituzten segurtasun neurriak. Eta, bertze aldetik, argudio horixe bera erabili izan du LAB sindikatuak denbora honetan guztian, errateko eten behar direla funtsezkoak ez diren jarduera guztiak herritar guztien ossunaren alde eta konfinamenduak dakarren ariketa kolektiboa ahalik eta eraginkorrena izan dadin. Baina hala ere, gobernuek gure osasuna, gure familiena eta gizarte osoarena arriskuan jarriz lan egitera behartzen gaituzte.

Ildo horretan, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzaren ebazpena, egunean hainbat orduz elkarrekin lan egiten duten langile batzuek elkarretaratze bat egitea debekatzen duena, bi modutan baino ezin da ulertu: edo neurri erabat bidegabea, arbitrarioa eta autoritarioa da; edo, bertzenaz, neurri horren gainean oinarritu beharko litzateke Nafarroan funtsezkoak ez diren jarduera guztiak etetea.

Beraz, LAB sindikatutik eskatzen dugu Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaria, Jose Luis Aristi jauna, berehala ager dadila ebazpen honen nondik norakoak argitzeko eta plantillaren oinarrizko eskubideak berrezartzeko, edo bertzenaz ISPLN eta Lan Ikuskaritza premia ditzan Nafarroan funtsezkoak ez diren jarduera guztiak geldiarazteko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.