2026-07-05
HomeIndustriaFederazioaProdukzioa langileen osasunaren gainetik jartzen ari direla salatu dugu

Produkzioa langileen osasunaren gainetik jartzen ari direla salatu dugu

Norbaitek azaldu beharko liguke auto baten produkzioa edo horrelako aktibitateak zergatik diren gure osasuna baino garrantzitsuagoak batzuentzako. Espainia zein Frantziako Gobernuek, baita Nafar zein Gasteizko Gobernuek berme gehiago eskaintzen diote produkzioa mantentzeari, langileon osasuna bermatzeari baino.

Berriro ere langile klasea da irakasgaiak ematen ari dena; lan zentroak gelditzen ari gara. Volkswagen, Aernova, Mercedes edota CAF-ek produkzioa eten dute. Milaka dira dagoeneko etxean berrogeialdia zintzo betetzen ari direnak, ez beraiek ezta ingurukoak ere ez kutsatzeko ariketa soziala eginda.

Hala ere, baditugu TUBACEX edota SIDENOR bezalako kasuak. Enpresak produkzioa du helburu, eta Jaurlaritzaren eta Lan Ikuskaritzaren babes osoarekin; langileak “salduta” utzi dituzte. Koronabirusaren izurritea, kutsatze maila eta erraztasuna, eta datu larri guztiak mahai gainean edukita ere; produzitzen jarraitzeko agindua dute langileek. Langileen plantoak indargabetu eta lanera itzultzeko agindua jaso dute.

Ehunka langile dauden lan zentro batean NORK eta NOLA berma ditzake beharrezko diren prebentzio neurri guztiak? Eusko Jaurlaritzaren eta Osalanen aholkuak lotsagarriak dira, ez dute prebentzioa helburu, produkzioa mantentzea besterik ez dute bermatzen.

– Zeintzuk dira sarrera / irteeretan beharrezko neurriak? Zenbatero eta nork garbitu eta desinfektatu behar ditu gune komunak (aldagelak, komunak…)? Nork eta zenbatero desinfektatu behar ditu lan tresna eta makina komunak? Nola bermatuko da langileen artean uneoro 1,5m distantzia errespetatuko dela?

– Eta, txarrenean jarrita, langile bat lan zentroan gaixotuz gero hilko balitz, noren erantzukizuna izango da? Zer esango dute Tapiak eta Confebaskek, ezin dela frogatu non gaixotu den?

Ez da txorakerietarako unea! Ez da etekin ekonomikoen eta kapitalaren mesedetan jarduteko unea! Ez da onargarria jendarte osoa konfinatua dagoenean, kapitalari eta enpresei nahieran ibiltzen uztea! Martxoaren 7an Arantxa Tapiak esan zuen “enpresak ixtea larregi zela, ez dagoela arriskurik”; Utzi Confebasken esanetara aritzeari Arantxa! Alarma egoeran gaude! Jendarte osoaren osasuna jarri behar dugu erdigunean; langileon unea da!

LABetik Eusko Jaurlaritza eta Nafar Gobernuei, berehala, oinarrizko ez diren jardun ekonomiko guztiak eteteko eskatzen diogu. LABetik langileen Osasuna erdigunean izango duen politika egiteko unea dela aldarrikatzen dugu.

Bukatzeko, gure elkartasuna eta harrotasuna plantoa egin duzuen eta egiten ari zareten langile guztioi. Gobernuburuak ez daukaten koherentzia, zuek demostratzen ari zaretelako. Gure bizitzek hutsaren hurrena balio dutela esan digutenean, zutitu eta aski da esan duzuelako! Eutsi!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzako kolektibo guztiekiko errespetua eta negoziazioan gardentasuna eskatzen dugu zerbitzua indartzeko

Osasun sistema publikoa indartzeko, pribatizatutako zerbitzuak publifikatzeko eta lan baldintzak negoziatzeko exijitzen dugu, eta eredu aldaketa hori lortzeko langileen arteko eta eragileen batasuna ezinbestekoa izango da.

Ikasturte amaierak agerian utzi du lan prekarioen pisu nabarmena

Aurreko urteko ekainean baino 902 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian; guztira 132.512 dira, eta azken hilabetean 503 langile batuzaizkio zerrenda horri. Honen atzean bi arrazoi nagusi daude; alde batetik, ikasturte bukaera dela, eta bestetik, ezohiko erregularizazio prozesuaren lehen ebazpenak atera direla. Langabeziak gora egiteaz gain, egiturazko arazoak areagotzen jarraitzen dute eta prekarizazioa sistemaren muina bihurtu da.

Lan istripuen aurkako borrokan bide penala jorratuko dugu, enpresariek inpunitatez jokatzeari utz diezaioten

Lehen kasuaren berri eman dugu: AranokoMaderas en General Justa S.L. enpresako lan istripu larriaren harira, LABen salaketa tramitera onartua izan da, eta ikerketapean daude enpresako bi arduradun.