Langile publikoen soldata igoera, erretiro-txanda kontratua, egonkortasunaren kalte-ordainak, lanaldi murrizketa… Madrilek zer esango zain gelditzen jarraitzen du Eusko Jaurlaritzak, inolako ekimenik hartu gabe.
Gaur tramite hutsa izan da Lakuan egin den Funtzio Publikoko Mahai Orokorreko bilera. Jaurlaritzak aurrekontuen, sindikatuen laguntzen eta erretiro-txandaren dokumentu batzuei bide emateko baino ez du baliatu nahi izan, igorritako gai zerrenda ikusita argi geratzen denez. LABek eskatuta, bestelako gai garrantzitsu batzuez ere aritu dira gaurkoan, baina jaurlaritzak horiek ere tramite huts bezala hartu ditu, hala nola behin-behinekotasuna, lanaldi murrizketa eta enpleguaren sorrera, gazteberritze planak, euskara eta lan osasuna. Aurreko bileretatik zintzilik zeuden gaiak dira. Negoziatzeko borondaterik ezaren erakusle izan da gaurko bilera.
Aurrekontu proiektua eta soldata igoera
Sindikatuei aurrekontu proiektuaren zirriborroa bidali die Eusko Jaurlaritzak, baina bertan ez da jasotzen inolako zifrarik, eta hori ez da serioa. Aurrekontuan ez da jasotzen inolako asmorik lan baldintzak eta zerbitzu publikoak hobetzeko, pribatizazioak ekiditeko eta murrizketak atzera botatzeko.
Langileen lan-baldintzak eta soldatak Madrilen erabakien menpe uzten ditu jaurlaritzak, eta horiek berreskuratzeko aukera hemen negoziatzeko atea itxita mantentzen du. Egoera hori are larriagoa da orain, Espainiako Estatuan hauteskundeak egingo direnean eta etorkizuna batere argia ez denean.
Argi gelditu da sektore batzuetan soldatak igotzeko baldintzak egon badaudela, eta Madrilekiko menpekotasuna ez dela arazoa. Borondate politiko falta da arazoa. Hala, Ertzaintzan, Hezkuntzan eta medikuen kolektiboan aurrekontu mugak gainditzeko formulak aurkitu dira, nahiz eta Funtzio Publikoko Mahai Orokorra den neurri horiek orokortzeko negoziazio gunea.
Aurre-erretiro txanda kontratua
Gai garrantzitsu hau ere Madrilen erabakien menpe uzten ari da Eusko Jaurlaritza. Uztailean Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana aurkeztu zuenean, zeinak murrizketak jasotzen baitzituen, gutxiengo sindikal batek baino ez zuen sinatu. Proposamenak lan-legepeko langile finkoetara mugatuta egoten jarraitzen du, eta Madrilen tramiteen zain dago. Hori egiteko ez da sindikatuen beharrik.
LABek jarraitzen du exijitzen tramiteak azkartzeko eta langile guztiei zabaltzeko aurre-erretiroaren aukera: behin-behinekoei, funtzionarioei eta estatutarioei.
Lanaldia eta enpleguaren sorrera, euskara, lan osasuna
LABek mahaian 30 orduko lan astea negoziatzea planteatu du beste behin ere, baina jaurlaritzak, berriz ere, gaia Madrilen gain jarri du, edo sektoreen negoziazioetara mugatu. Negoziazio borondaterik ez dago honetan ere, eta blokeo egoeran eroso dago.
Uztailean airean gelditu ziren beste bi gai euskararena eta lan osasunarena izan ziren. Jaurlaritzak oraindik ez dio argitu LABi lanpostu deialdietan euskara nola babestuko duen. Ez du erantzunik eman eta egungo segurtasun juridiko falta aitzakia bezala darabil. Bide horretan, LABek adi jarraituko du parlamentuan udaberrian onartu zen lege aldaketak izango duen bilakaera.
Lan osasunari dagokionez, udan beroagatik egondako arazo larriak zuzentzeko neurriak dagoeneko negoziatzen hasita beharko litzateke, LABen iritziz. Jaurlaritzak, baina, arazoa ez du ikusi nahi, eta protokoloak egon badaudela esatera mugatu da.
Zerbitzu publikoak eta bere langileen lan-baldintzak negoziatzeko inolako borondaterik ez du erakusten Eusko Jaurlaritzak, eta konponbideak Madrildik etortzeko zain dago. LABentzat, subiranotasunari uko egite hori oso larria da, eta argi du jaurlaritzaren ekimen eta borondate falta aldarazteko, bilera-gelez kanpo, grebak eta mobilizazioak ezinbestekoak direla.

