Greba ziklo berri honek hiru urrats izango ditu. Lehena, urriaren 27ko 22:00etatik urriaren 29ko 22:00etara izango da. Bigarrena, azaroaren 23ko 22:00etan hasi eta azaroaren 25eko 22:00etara arte luzatuko da. Azkenik, hirugarrena, abenduaren 21eko 22:00etan hasiko da eta abenduaren 23ko 22:00etan bukatuko da.
Langileek hainbat hilabete daramatzate enpresaren barne ituna negoziatzen eta konpainiak langileen lan-baldintzak duintzeko behar adina aurrerapauso eman ez dituenez, langileek hiru greba ziklo burutu dituzte uztailetik hasi eta irailera arte. Greba ziklo horien jarraipena ia erabatekoa izan da, eta horrek indartu egiten ditu langileen aldarrikapenak enpresaren aurrean.
Ordea, konpainiak entzungor egin die langileen aldarrikapenei eta, beraz, beste greba ziklo bat iragarri dute langileek. Oraingoan, arestian esan bezala, hiru urrats izango ditu.
Moevek Gipuzkoan 16 gasolindegi eta 150 langile dauzka. Enpresa batzordea LABeko 5 ordezkarik eta ELAko 3k osatzen dute.
Datozen egunotan jakinaraziko dute greba egunetako mobilizazio nagusiak non eta noiz egingo dituzten.

