2026-06-18
HomeOharrakLan osasunaLAB sindikatuaren balorazioa

LAB sindikatuaren balorazioa

Sententzi honetan epaileak argi uzten badu ere langile hauek pairatzen duten gaixotasuna amiantoarekin lan egindakoaren ondorioa dela, eskumen falta argudiatuz uko egiten dio gaixotasun profesionala aitortzeari. Honen aurrean LABek errekurtsoa sartu du langile hauen ezgaitasun iraunkorra gaixotasun profesionala izendatua izan dadin.
LAB sindikatutik azpimarratu nahi dugu kasu hauek, beste askok bezala, amiantoaren ondorioz gaixotutako langileen aurrean instituzio publikoen konpromiso eskasa erakusten dutela. Arreta falta, jarraipen eza, gaixotasun profesionalaren aitorpena ukatzea eta abar dira lan jardueraren ondorioz gaixotutako langileek gainditu beharrezko oztopo amaigabeak. Hauxe da instituzioen jokabideak ezkutatzen duen errealitatea.

Arazoa da asko hitz egiten dutela amiantoaz, neurriez, konpentsazio funtsaz, baina praktikan inork ez duela bere gain hartzen errealitatea. Mutuek, beti bezala, ukatu egiten dute patologia hauen jatorri laborala, aski ezagunak dira hauen praktika txarrak. Osakidetzak beste alde batera begiratzen du. Gizarte Segurantzak patronalaren tesiak defendatzen ditu. Epaitegiek eskuak garbitzen dituzte. Baina erdian gelditzen dena gizakiaren bizitza da. Hauek, paretik kentzeko, alde guztietatik jasotzen dituzte kolpeak, baloiak bailiran.

Gero adierazpen publikoak egiten dituzte eta baita amiantoaren biktimei laguntzeko konpentsazio funtsaz hitz egiteko lan taldea sortu legebiltzarrean. LAB-ek legebiltzarreko ponentzian defendatu zuen bezala, neurri hori beharrezkoa da, baina modu isolatuan egiten bada ez du ezertarako balio, gaixo daudenei gaixotasun profesionala aitortu ezean ez dute konpentsazio funtsetik onurarik aterako. Amiantoaren atzoko eta gaurko arazoari aurre egiteko kontutan hartu beharreko neurrietako bat da. Honez gain, beharrezkoa da:

  • Agintariek amiantoa osasun arazo publiko gisa har dezatela, ez soilik laneko osasun arazo moduan.
  • Amiantoaren inportazioaren garrantzia eta hortik datozen gaixotasunen arteko lotura finkatzea
  • Osasun zerbitzu publikoetan amiantoarekin lotutako patologiak detektatzeko programa bat ezartzea.
  • Osasuna zaintzeko programak hedatzea.
  • Amiantoak eragindako gaixotasunen erregistroa sortzea irizpide epidemiologikoak aintzat hartuta, Osakidetzaren eta Osalanen laguntzaz.
  • Instalatutako amiantoaren kontrola.
  • Eusko Jaurlaritzak, Aldundiek eta Udalek dagokien eremuetan neurriak har ditzaten amiantodun materialak eta sortutako hondakinak behar bezala erabili eta kendu ditzaten.
  • Erregistroa sortzea eta amiantoaren eraginpean egoteagatik sortutako gaixotasunak aitortzea, epaitegietara joan behar gabe.
  • Erregistro hori sortu bitartean, amiantotik eratorritako erreklamazioak espezializatutako epaitegiek tramitatu ditzaten.
  • Amiantoaren biktimei jasandako kalteen ordaina izan dezaten, funts bat sortzea.

Amiantoaren arazoari bere osotasunean heldu nahi bazaio, guzti hau planteatu behar dugu. Bestela, dena gelditzen da ezer aldatzen ez duten adierazpen hanpatuetan. Horregatik, langile klaseak lanpostuagatik edo lanpostuan osasun eta bizitza galdu ez ditzan amiantoren arazoa eta gaixotasun profesionalena agenda politikoetan kontutan hartzeko exijitzen dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Grebaren jarraipen masiboa Etxebarri-Ibiñako PEPSICOren botilaratze plantan

PEPSICOko langileak greba egiten ari dira gaur, enpresa batzordeak deituta, enpresa diziplina-araubidea gehiegikeriaz eta arbitrariotasunez erabiltzen ari dela salatzeko. Enpresa langileen aurkako politika zigortzailea gauzatzen...

LABetik exijitzen dugu lehenbailehen zuzendu dezatela familia-langileen soldaten finantzaketa

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuan eskaera aurkeztu ondoren, martxoan jaso genuen departamentuaren erantzuna, non esan baitziguten 48/2020 Foru Dekretuan jasotako familia-langileen finantzaketa-moduluen "azterketa" egingo zutela. Hiru hilabete geroago, oraindik ez dugu erantzunik jaso, eta oinarrizko gizarte-zerbitzuen kolektibo horrek konparaziozko bidegabekeria onartezina jasaten jarraitzen du.

Lanuztea Bizkaiko Foru Aldundian: 600 pertsona baino gehiago mobilizatu gara akordio eta hitzarmen berri baten alde eta telelanaren alde

Gaur, ekainak 17, Bizkaiko Foru Aldundiko langileek bi orduko lanuztea egin dute Langileen Batzordeak eta Enpresa Batzordeak deituta, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuen babesarekin.