2026-10-17
HomeEkintza SindikalaTestak kaltetutako familiek iragarri dute euren etxebizitzetan geratuko direla kontratuak amaitzerakoan

Testak kaltetutako familiek iragarri dute euren etxebizitzetan geratuko direla kontratuak amaitzerakoan

LABek eta Testako maizterrek deitutako manifestazioak 2.000 lagun baino gehiago elkartu ditu, alokairu kontratuen amaieragatik mehatxatuta dauden 500 familia baino gehiagorentzat konponbidea eskatzeko. LABek dei egin du putre funtsak Nafarroatik botatzeko eta higiezinen patronalaren aurkako borrokan jarraitzeko, azaroaren 11ko greba orokorrean parte hartuz.

Testak kaltetutako familiek euren etxebizitzetan jarraituko dutela iragarri dute arratsalde honetako manifestazioan. Etxabakoitz, Buztintxuri, Artika, Sanduzelai eta Arrotxapea auzoetako 507 familia dira etxebizitza hauetan bizi direnak, hamarkada honen hasieran Babes Ofizialeko Etxebizitza kalifikazioa galdu zutenak. “Ez gaituzte botako. Antolatuta gaude. Bukaeraraino borrokatuko dugu. Eta irabazi egingo dugu! Ez gara joango! Geratuko gara! Gora maizterron bottera!”, aldarrikatu dute.

Familiek salatu dute Testa Residencialek, Blackstone inbertsio funtsaren filialak, maizterrak eruen etxeak uztera behartu nahi dituela, eta haien etxeak saldu. Maizter horietako askok 25 urte baino gehiago daramatzate bertan bizitzen, eta 150.000 euro baino gehiago ordaindu dituzte alokairuan. Familiek gogorarazi dute, gainera, etxebizitzak finantziazio publikoarekin eraiki zirela, nahiz eta haien jabetza esku pribatuetan dagoen.

Egoera horren aurrean, familiek Nafarroako Gobernuari eskatu diote etxegabetze mehatxuak geldiarazteko, etxebizitza horiek desjabetzeko eta haien titulartasuna eta kudeaketa bere gain hartzeko, alokairu kontratu mugagabeak eta prezioen jaitsierak egungo errealitate ekonomikora egokituta.

Ekitaldian Ezkabako bizilagun batek ere hitz egin du. Babesa adierazi die Testak kaltetutako familiei eta kritikatu egin du PPk Auzitegi Konstituzionalean aurkeztutako helegitea, ekainean onartutako Etxebizitzari buruzko Foru Legearen aldaketaren aurka egiten duena. Legearen aldaketak alokairura bideratutako Babes Ofizialeko Etxebizitzak merkatu librera pasatzea eragozten du, Nafarroako alokairu parkeko 2.248 etxebizitzaren kalifikazio babestua mantenduz. Ezkabako bizilagunak ohartarazi du helegite horrek Ezkabako bizilagunak arriskuan jartzen dituela berriz: “Atea irekitzen du Testako maizterrekin gertatzen ari dena guri gertatzeko”.

LABek kritikatu du “gobernuek hamarkadetan ezarritako etxebizitza politikek egoera jasanezin honetara ekarri gaituztela”, eta eskuinari eta eskuin muturrari leporatu die higiezinen patronalaren interesak eta putre funtsak defendatzea maizterren interesen aurrean. Era berean, Txibiteren gobernuari interpelazio zuzena egin dio: “Nafarrok ordaindutako Babes Ofizialekoak izan diren etxebizitzak nafarronak dira. Etxebizitza horiek guztiak desjabetu egin behar dira, espekulazioari ateak itxiz.”.

LABek mezu argia bidali du: “Putre funts guztiak Nafarroatik kanporatuko ditugu eta ekintza sindikalaren bitartez higiezin patronalari aurre eginen diogu”. Sindikatuak ohartarazi du borrokak manifestaziotik harago jarraituko duela, eta datorren azaroaren 11ko greba orokorrean parte hartzeko deia egin du.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak bete ditzagun dei egiten diegu euskal langileei

Euskal Herritik Euskal Herrirako greba orokorra izango da, bertako patronalei eta instituzioei pobretzearen eta errentismoaren kontrako neurriak eskatzeko.

Lanuzteak egingo dituzte Bizkaiko Foru Aldundiko eta GUFEko langileek urriaren 21ean, benetako negoziazioa eskatzeko

Urriaren 7ko asanbladan, 400 langile baino gehiagoren babesarekin eta aho batez, plantilla osoak mobilizazioetan beste urrats bat ematea erabaki zuen. Horregatik, urriaren 21ean hiru...

Siemens Gamesaren estatu mailako akordio markoaren aurka egingo dugu, eta Euskal Herriko negoziazio esparruak defendatuko ditugu

Salatu dugu Siemens Gamesak Espainiako Estatu mailako akordio marko bat ezarri nahi duela, Euskal Herriko negoziazio esparru propioak desagerrarazteko arriskua sortuz. Mungia eta Asteasuko...