LABetik publikoki salatzen dugu Bilbon kokatutako Arraizko tratamendu mekaniko-biologikoko plantan (TMB) izandako gertakaria, enpresa kudeatzaileak ezkutatu egin nahi izan duena.
Asteburuan, pladurrezko sabai bat langile baten gainera erori zen, iragazitako uraren ondorioz pilatutako pisuagatik. Ordezkaritza sindikalak hilabeteak daramatza iragazpen horiek salatzen, baina gaur-gaurkoz ez da hartu arazoa konpontzeko eta langileen segurtasuna bermatzeko beharrezko neurririk.
Azken istripu hau ez da gertakari isolatu bat; aitzitik, LABen aspalditik ari gara salatzen instalazioen narriadura larria eta mantentze-lanen beharrizana, eta orain gertaturikoa beste adibide bat gehiago da. Azken bi urteetan hamar salaketa baino gehiago aurkeztu dira plantaren egoerarekin lotuta. Plantaren kudeaketaren ardura duen ABEEari (Aldi Baterako Enpresa Elkarteari) Lan Ikuskaritzak hainbat eskakizun egin dizkiogun arren, egiturazko gabeziek eta osasungarritasun faltak bere horretan jarraitzen dute, eta langileek etengabeko arrisku-egoeran segitzen dute.
Egoera muturreko larritasun-mailara iritsi da; izan ere, ez dago plantan sortutako kutsadura kanpora hedatuko ez dela bermatzeko beharrezko segurtasun-sistemarik. Babes-neurri horien faltak kezka handia sortzen du, bai langileek jasaten dituzten arriskuengatik, bai instalazioaren jarduerak ingurumenean eragin ditzakeen ondorioengatik.
Onartezina da halako planta batek lanean jarraitzea bertako langileen segurtasuna eta osasuna arriskuan jartzen dituzten baldintzetan. Gorabeherak bata bestearen atzetik datoz, ur-iragazpenek bere horretan segitzen dute eta konponbide eraginkorrik ez da hartzen. Horrenbestez, berehala esku-hartzea beharrezkoa dela argi dago.
Garbikerrek zein Bizkaiko Foru Aldundiak badute plantan bizi den egoeraren berri. Horregatik, salatutako arazoei irtenbiderik eman ez izanaren erantzukizuna, enpresarena ez ezik, aldundiarena ere bada, eta honek ezin du jarraitu entzungor egiten lan-segurtasunari, instalazioen osasun-baldintzei eta ingurumenaren babesari zuzenean eragiten dien egoera honen aurrean.
LABetik berehalako esku-hartzea eskatzen dugu lan-baldintza seguruak bermatzeko, egiturazko eta mantentze-lanekin loturiko arazoak konpontzeko eta instalaziotik kanpo edozein kutsadura-arrisku saihesteko beharrezko neurriak ezartzeko.
Ez da onargarria bi urte baino gehiagoz salaketak aurkeztu eta Lan Ikuskaritzak eskakizunak egin ondoren, langileek arriskuan jarraitzea, zer eta mantentze-lan egokien eta segurtasun-neurri eraginkorren bidez saihestu daitezkeen egoeren ondorioz.
Asteburu honetan gertatutako istripuaren inguruabarrak argitzea eskatzen du sindikatuak, dagozkion erantzukizunak argitzea eta, gehiago luzatu gabe, langileen segurtasuna eta osasuna nahiz ingurumenaren babesa bermatzeko beharrezko neurri guztiak hartzea.
Langileen segurtasuna eta ingurumenaren babesa ezin dira baldintzatu mantentze-lanak behar bezala egiten ez direlako edo plantaren kudeaketaren eta gainbegiratzearen erantzukizuna dutenek dagozkien neurriak hartzen ez dituztelako.

