PIT-CNT AbyaYala/Latinoamerikako sindikatu ospetsuenetako bat da hainbat arrazoirengatik: batetik, sindikatu unitarioa delako (kasu nahiko arraroa kultura anglosaxoitik kanpo); bestetik, diktaduraren kontrako borrokan nahiz ondorengo demokratizazio prozesuan rol esanguratsua jokatu duelako; eta, azkenik, PIT-CNTren sorreraren ondotik eta paraleloan, maila politikoan ere batasun prozesu bat garatu delako (Frente Amplio), Uruguain ezkerreko gobernuak egotea ahalbidetu duena.
Gainera, PIT-CNT eta oro har Uruguaiko langileria (langile horietako asko, euskal jatorrikoak) oso solidarioa izan da Euskal Herriarekin: 1994an greba orokorra egin zuen, Filtro izenez ezaguna zen ospitalean gose greban zeuden euskal errefuxiatuak Espainiaratuak izan zitezen eragozteko. Poliziaren errepresioak dozenaka zauritu eta bi hildako eragin zituen.

Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak parte hartu du PIT-CNTk antolatutako nazioarteko jardunaldietan. Jardunaldi horietan nabarmendu diren ideiak honako hauek dira:
- Inperialismoaren eta eskuin muturraren oldarraldiari aurre egiteko beharra, sindikalismo soziopolitikoa garatuz.
- Klase subjektua berrosatzeko premia, sindikatua sektore desberdinetara gerturatuz.
- Agenda sindikalean feminismoa, ingurumenaren defentsa eta langile migratuen eskubideen defentsa kokatzeko beharra.
- Latinoamerikan burujabetzaren defentsa eta, era berean, eskualdearen integrazioaren alde egiteko apustua.
- Palestinarekiko eta Kubarekiko elkartasuna. LAB bezala, MFS Munduko Federazio Sindikaleko kide den Kubako zentral sindikaleko (CTC) Ernesto Freirek parte hartu du jardunaldietan. Kubako egoeraren berri modu zehatzean ematearekin batera, elkartasuna eskertu eta mezu argia helarazi du Freirek: “Ez dugu amore emango”.
Jardunaldiez gain, Solis antzokian egindako ekitaldian parte hartu eta PIT-CNTren egoitzara bisita egin du Arroyok. Montevideoren ostean, Buenos Airesera bidaiatu du Arroyok, MFSko kide den SAMC sindikatuak antolatutako jardunaldietan parte hartzeko.



