Gaur Bizkaiko metalgintzaren hitzarmenaren negoziazio-mahaiaren bederatzigarren bilera egin da. Bilera honetan, LABek, negoziazio-mahaian ordezkaritza dugun gainerako sindikatuekin batera, hitzarmenerako plataforma bateratua aurkeztu dugu. Horrekin, FVEMi aitzakiak amaitu zaizkio; dagoeneko ezin baitu esan sindikatuen artean plataforma desberdinak daudela. Orain ikusi beharko da zein den sektoreko 57.000 langile baino gehiagoren lan-baldintzak hobetzeko duen benetako borondatea. LABetik behingoz negoziatzen hasteko exijitzen diogu.
Plataformak sektoreko lan-baldintzak hobetzeko mahai gainean jarri nahi ditugun eduki nagusiak jasotzen ditu: KPItik gorako soldata-igoerak, lanaldiaren murrizketa, antzinatasunaren hobekuntza eta izoztutako antzinatasunaren desblokeoa, prekaritatearen eta behin-behinekotasunaren aurkako neurriak, berdintasunean, lan-osasunean eta prebentzioan aurrera egitea, kontziliaziorako eta eskubide sozialetarako neurriak, lantokietan euskararen erabileran eta ezagutzan aurrera egiteko neurriak, erretiroa aurreratzeko koefiziente murriztaileak eta deskarbonizazio-planak.
FVEMek adierazi du aurkeztutako plataforma aztertuko duela eta enpresekin kontrastatuko duela. LABentzat, hitzetatik ekintzetara pasatzeko ordua da orain. Patronalak badaki zeintzuk diren mahai gainean ditugun aldarrikapenak eta, beraz, negoziatzea eta sektoreko lan-baldintzak hobetuko dituzten neurriak planteatzea da dagokiona.
Esperientziak erakusten digu plataforma bateratu bat ez dela nahikoa FVEM mugitzeko. Horregatik, LABetik lantokietara joango gara. Langileei informazioa emango diegu, antolatu egingo ditugu eta sektorea aktibatuko dugu, hitzarmen hau ez baita negoziazio-mahai batean bakarrik lortuko: sektorea mugitu behar dugu eta langileak prozesuaren protagonista izatea behar dugu.
Negoziazio-mahaiaren hurrengo bilera urriaren 29an izango da. Ordura arte, LABetik enpresetan eta lantokietan lanean jarraituko dugu sektorea hurrengo urratsetarako prestatzeko.

