Deialdia egin dugun sindikatuok Osasun Sailari ohartarazi diogu ez dugula simulaziorik onartuko. Bilerak hilero deitzeak ez du esan nahi benetako negoziazioa dagoenik, eta benetako edukiak dituzten proposamenak eskatu ditugu. Uztailaren bukaeran SMErekin sinatutako akordioak agerian uzten du lan-baldintzak hobetzea borondate politiko kontua dela.
LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok bost greba egunera deitu dugu Osakidetzan. Uztaila bukaeran, eta udazkenera begira, greba eta mobilizazio dinamika bat hasteko asmoa iragarri genuen, Osakidetzako kolektibo guztien lan-baldintzak hobetzeko helburuarekin.
Mobilizazio egutegia adostu dugu eta datorren urriaren 30ean greba deituko dugu Osakidetza osoan. Abenduan, beste lau greba egun deituko ditugu:
- Abenduaren 9an, Arabako plantillari deialdia egingo zaio.
- Abenduaren 10ean Bizkaiko plantillari.
- Abenduaren 11an, Gipuzkoako plantillari.
- Abenduaren 14ean, berriro deituko dute greba Osakidetza osoan.
Egutegiak lantokietako kontzentrazioak ere aurreikusten ditu.
Sindikatuok Osakidetzari eskatzen diogu benetako edukiak jorratu ditzala Mahai Sektorialean, eta proposamen zehatzak eta sakonekoak egin ditzala osasun publikoan lan egiten duten kolektibo guztien lan-baldintzak hobetzeko.
Deialdia egin dugun sindikatuok Osasun Sailari ohartarazi diogu ez dugula simulazio hutsik onartuko, hilero bilerak deitze hutsak ez dakarrelako benetako negoziaziorik, eta benetako edukiak dituzten proposamenak eskatu ditugu.
Osakidetzak kontrako itxura eman nahi izan badu ere, gaur egun ez dago mahai gainean inolako proposamenik lan-baldintzen akordioa eguneratzeko eta langileen ordainsariak hobetzeko.
LABek, SATSEk, ELAk, CCOOk eta UGTk eskatu dugu, edozein bilera egin aurretik, proposamenak idatziz bidaltzeko behar besteko aurrerapenarekin, sindikatu bakoitzak behar bezala aztertu ahal izan izateko, ekarpenak eta negoziazio-gai berriak egin eta proposatzeko aukera edukitzeko.
Uztailaren bukaeran SMErekin (Euskadiko Medikuen Sindikatuarekin) sinatutako akordioak bi gauza uzten ditu agerian: lan-baldintzak hobetzea borondate politiko kontua dela; eta Eusko Jaurlaritzak ez duela kolektibo guztien egoera hobetzeko borondaterik. Horrek mobilizatzera eta gure eskubideak kalean exijitzera bultzatzen gaitu.
Deialdia egin dugun sindikatuok uztailean azpimarratu genuen Osakidetzaren etorkizuna ezin dela eraiki erantzun partzialen bidez, ezta plantillaren zati bati soilik eragiten dioten akordioen bidez ere, kontutan hartuta gainera horiek ez dietela heltzen osasun publikoaren egiturazko arazoei. Gogoratu behar da SMErekin sinatutako akordioak aparteko orduetan oinarritutako eredu batean sakontzen duela; sistema hori, 25 urtez indarrean egon ondoren, agortuta dago, eta, gainera, egungo egoeraren erantzuleetako bat da.
Sindikatuok aldarrikapen-plataforma bat adostu dugu, eta honakoak dira puntu nagusiak:
- Hitzarmena berehala negoziatzea, 18 urte baino gehiago igaro ondoren osorik eguneratzeko, honako gai hauek barneratuz:
- Kolektibo guztien ordainsariak eguneratzea, soldata hobetuta, galdutako eros-ahalmena berreskuratzera bideratuta.
- Lanaldi arrunta murriztea, urteko ordu-kopurua eta/edo asteko 35 orduak hobetzeko unea da.
- Lizentzia eta baimenetan benetako aurrerapausoak ematea.
- Profesionalen arteko desberdintasunak ezabatzea eta irizpide bateratuak aplikatzea Osakidetzako ESIetan.
- Behin-behinean, SMErekin sinatutako akordioan jasotako neurriak langile guztiei zabaltzea beraien egoerarekin bateragarriak badira.
- Zerbitzuen araberako plantilla-beharren azterketa egitea, egiturazko defizitak identifikatu ahal izateko.
- Belaunaldi-errelebo eta talentua erakartzeko plana diseinatzea eta martxan jartzea.
- Autokontzertazioa eta aparteko orduak progresiboki murriztea eta ezabatzea.
- Sindikatu guztiekin Lehen Arretako eredu berriari ekitea.
- Adinari lotutako konpentsazio-neurriak barne hartzen dituen lan-ibilbidea ezartzea.
- Bateraezintasun-sistema kontrolatzeko eta gainbegiratzeko mekanismoak indartzea.
- Osasun publikoaren pribatizazioaren eta externalizazioaren aurkako neurriak.
- Lan osasuna: langileen lan-karga handiak eta arrisku psikosozialak ebaluatzeko eta arintzeko neurriak.
- Euskalduntze-plana, herritarrek eta Osakidetzako langileek euskaraz lan egiteko eta bizitzeko dituzten eskubideak bermatuko dituena.
- Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako neurri eraginkorrak eta aurrekontuan aurreikusitakoak.
Azpimarratu nahi dugu ez dagoela kalitatezko zerbitzu publikorik lan-baldintza onik gabe. Horregatik, eta NEGOZIAZIOA DEFENDATU ORAIN! Lan baldintzen hobekuntza = osasungintza publiko hobea lelopean, mobilizatzeko deia egiten diegu langileei, behingoz kolektibo guztien lan-baldintzak hobetzeko, horiek guztiak ezinbestekoak baitira Osakidetzak egunero funtziona dezan. Era berean, erabiltzaileak eta eragile sozialak mobilizazio horietara batzera gonbidatzen ditugu.
Azkenik, Osakidetzari eskatzen diogu negoziazio-prozesu bat ireki dezala, langile guztientzako konponbide errealak lortzeko eta herritarren osasun-arreta hobetzeko. Ohartarazi diogu orain hasiko diren mobilizazioek lan-baldintzen benetako hobekuntza lortzeko beharrezko iraupena eta intentsitatea izango dutela. Konponbidea Jaurlaritzaren esku dago.


