2026-10-30
HomeEkintza PolitikoaEuskal langileei dei egiten diegu Ernaik igandean Donostian egingo duen manifestazio nazionalean...

Euskal langileei dei egiten diegu Ernaik igandean Donostian egingo duen manifestazio nazionalean parte har dezaten

Oldarraldi faxista eta erreakzionarioari aurre egiteko modurik eraginkorrena Euskal Herrian agenda sozial eta nazional eraldatzaile bat garatzea dela uste du sindikatuak, eta horren aldeko konpromisoa berretsi du, baita bide horretan Ernairekin elkarlanean jarraitzekoa ere.

LAB sindikatutik bat egiten dugu astebururako Ernaik jarritako hitzorduarekin: gazte antolakundeak manifestazio nazionalera deitu du iganderako, 13:30ean Donostiako Bulebarretik hasita, Euskal Herria irabaztera. Faxismoari ez lelopean. Izan ere, ideia faxista eta erreakzionarioen gorakadaren aurrean jarrera irmoa behar dela uste dugu LABen, eta herritar guztien eskubideak bermatzea ezinbestekoa dela. Eskuin muturra bere marko ideologikoa ezarri nahian ari da, eta marko horri erantzuten diote, besteak beste, Ceutako larrialdi humanitarioaren aurrean ikusten ari garen erreakzio xenofoboak, Bilboko kale saltzaileen jazarpenak eta Donostiako Kaleko Afari Solidarioen debekuak. Bereziki kezkagarriak dira, nazioarteko testuinguruan, Alemanian AFD alderdi ultraeskuindarrak lorturiko emaitzak, eskuin muturraren markoaren eta agendaren hedapena erakusle baitira. Premiazkoa da inoiz baino gordinago eta lotsagabeago ageri zaizkigun ideia faxista eta erreakzionarioei atea ixtea.

Bada, oldarraldi horri aurre egiteko modurik eraginkorrena sakoneko agenda sozial eta nazional eraldatzaile bat aurrera eramatea da, kapitalari mugak jarriko dizkiona, herritar guztien eskubideak bermatuko dituena eta birbanaketa politikak ezarriko dituena, zaintza, enplegua eta ondasuna modu justuan banatzeko.

Hala, langileen aldeko politikak aurrera eraman behar dira arrakala matxista, arrazista eta belaunaldi arrakalei aurre egiteko, inor bazterrean utzi gabe. Helburu horrekin lan egiteko konpromisoa dugu LABen, eta bide horretan aktibatzeko deia luzatzen diegu langileei.

Ildo horretan, LABen uste dugu Euskal Herrian badirela baldintza sozial, politiko eta sindikalak agenda sozial eta nazional horren alde indarra egiteko. Horretarako, baina, Euskal Herriak tresna burujabeak behar ditu, euskal langileon lan eta bizi baldintzak duintzeko bitartekoak eskura izan eta eredu sozioekonomiko berri baterako trantsizioa abian jartzeko. Hala, bide horretan elkarlanean segitzeko asmoa adierazi diogu LABetik Ernairi.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzako langileek irmoki erantzun diote greba deialdiari, eta kaleak bete dituzte lehenengo greba egunean

Eguerdiko manifestazioek milaka pertsona bildu dituzte, osasun zerbitzuko kategoria guztietako beharginak eta osasungintza publikoa babesteko herri plataformetako kideak eta herritarrak barne.

Osakidetzako grebaren baitan Osasun Sailean eserialdia egin dugu

Bilboko egoitzan ekimena egin dugu goizean, eta Alberto Martinez sailburuari eskutitza helarazi ahal izan diote haren idazkariaren bitartez. Greba eguna oso arrakastatsua izaten ari da....

Nafarroako administrazioko langile guztiek 60 urterekin erretiroa hartu ahal izatea eskatu dugu

Gaur goizean LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Nafarroako Jauregiaren aurrean, urtarriletik aurrera langileok enegarren eskubide-igalera pairatuko dugula salatzeko: erretiro adin arrunta 67 urtera atzeratzea....