2026-09-07
HomeEkintza SindikalaHezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da baliabidez hornitzea

Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da baliabidez hornitzea

Hezkuntza Sailaren inprobisazioa, arduragabekeria, noraeza, itxurakeria, erabakiak aldebakarrez hartzea eta 2025eko irakaskuntza publikoan mobilizazio eta greba zikloei bukaera eman zieten akordioak bere osotasunean betetzen ez dituela salatzeko elkarretaratzea egin du LAB sindikatuak.

2026/27 ikasturteari hasiera emateko Hezkuntza Sailak Amurrioko Mendiko eskolan egin duen ekitaldiaren harira egin du. Era berean, sindikatuak ikasturte honetarako dituen erronkak azaldu ditu.

Lehenik eta behin, eskola publikoak dituen beharrei lehentasunez erantzutea eskatu du LABek. Horretarako, urtero aurrekontu-proiektuan gutxieneko inbertsioa Barne Produktu Gordinaren %6koa izan beharko litzatekeela azaldu du, Europako batezbestekoarekin parekatuz. Inbertsio horren bidez, besteak beste, azpiegiturak hobetu, eta baliabide pertsonalez hornitu beharko liratekeela adierazi du.

Bestalde, Akordioei esker hezkuntza publikoaren kalitatean aurrera-urrats garrantzitsuak ere eman direla gogorarazi du. Zentzu horretan, zerbitzuaren kalitatea hobetzeaz gain, jaiotze tasaren beherakadaren aurrean enplegu publikoa defendatu eta lanpostuak sortu direla adierazi du, baimen eta lizentzietan aurrerapausoak eman, kasuz kasu, urteko lanaldia murriztu edota soldaten ekiparazioak edo igoerak lortuz, besteak beste.

Alta, Heziketa Berezian hezkuntza zerbitzua berme guztietan emateko ezinbestekoa den baliabideak esleitzeko irizpideen akordioa ez dela garatu salatu du LABek, abenduaren 31n iraungitzen den Heziketa bereziko Lan Hitzarmenean jasotzen bada ere, sailak 2024ko abendutik ahaleginik egin ez duelako. Jardun erdian dauden 300 lanpostu baino gehiago lanaldi osora pasatzeko planik ez dagoela ere salatu du, LABek proposamen zehatzak egin baditu ere.

Data berean iraungiko den Haurreskolak Partzuergo Publikoan 2025ean sinatutako Lan Hitzarmena aitzakiak aitzaki, oraindik ez dela EHAAn argitaratu azaldu du sindikatuak, hori dela eta hezitzaile eta kudeaketa alorreko kolektiboetan lortutako hainbat eskubide ez dira ari betetzen.

Zerbitzuetako langileen kasuan, sukaldari, garbitzaile zein IKTko langileen hitzarmena ez dela da osotasunean garatu dio LABek, besteak beste, sortu behar diren hainbat langile kategoria oraindik ere sortu gabe jarraitzen dute, eta sukaldari eta garbitzaileen LEP deialdiaren agindua negoziazioa bukatu gabe eta aldebakarrez argiratu duela salatzen du LABek.

Hezkuntza Sailaren jarreraren aurrean, aipatutako kolektibo hauei dagokien hainbat afera judizializatu zituen LABek aurreko ikasturtean eta hasi berri den honetan, negoziazioak edukiz bete ezean, ekintzak indartuko dituela baieztatu du sindikatuak.

Irakasleei dagokienez, Hezkuntza Sailak erabilitako irizpide murriztaileen ondorioz, ikastetxeek 2026-27 ikasturtean behar baino baliabide gutxiago jasoko dituztela salatu du LABek. Izan ere, etapa guztietan irakastorduen murrizketak lortu badira ere, ez dute behar besteko inpakturik izan baliabideen esleipenean. Haur eta Lehen Hezkuntzan, irakastorduak 23tik 21era jaitsiko badira ere, ordu-konpentsazioa aldebakarrez eta modu murriztailean aplikatu du Sailak, bigarren urtez. Bigarren Hezkuntzan, berriz, Hezi+ programako irakastorduak ordu osagarri gisa ezarri ditu, eta ez die ikastetxeei gehienezko 18 irakastorduetatik 17ra jaisteko behar adina baliabide eman. Era berean, EHI figura egonkortu bada ere, ikas-talde guztiak kontuan hartu beharrean, Lehen Hezkuntzako 2. mailara artekoak soilik hartu dira kontuan; halaber, Lehen Hezkuntza osoan ratioa 22 ikaslekoa izatea adostu arren, neurri hori lehenengo mailan bakarrik aplikatu dela salatu du LABek. Azkenik, gai horiek judizializatuta daudela gogorarazi du sindikatuak.

LABek Imanol Pradales lehendakariaren egiteko modu berriak sindikatuari aski ezagunak zaizkiola adierazi du; izan ere, mobilizazioen eta greben presiopean baino ez dela mugitzen salatu du. Beraz, foro, negoziazio-mahai eta elkarrizketarako marko ponpoxoak irudikatzeari uzteko, akordioak betetzeko eta eskola publikoaren beharrei erantzungo dieten benetako eduki eta neurriak mahai gainean jartzeko eskatu du sindikatuak, baita alde soziala aintzat hartuko duen benetako negoziazioa egiteko ere. Hitzetatik ekintzetara pasa dadin exijitu dio.

Bestalde, LABek langileen gaia sindikatuokin adostea eskatzearekin batera adierazi du eskola publikoen fusioa ezin dela inolaz erabili eskola publikoak duen perimetroa murrizteko, eskola publikoak ixteko, eta ondorioz, D ereduko ikaspostu publikoak murrizteko.

Kalitatezko hezkuntza publikoa izateko, langileen lan-osasuna bermatzea ezinbestekoa dela gaineratu du LABek. Zentzu horretan ikasle zein langileek egunero jarduten duten azpiegiturak osasuna bermatuko duten espazio seguruak izan behar dira. Larrialdi klimatikoak eragindako muturreko tenperaturek agerian utzi dute eraikinak berriztu edo berriak sortu behar direla, izan ere, badira zenbait zentro guztiz zaharkiturik daudenak eta dituzten instalazioek ez diotela erantzuten neguko hotz zein udako beroari.

Era berean, Hezkuntza Sailak lan-osasunari modu integralean erantzun behar diola adierazi du LABek. Administrazioak 30 urte baino gehiago daramatza prebentzio neurriak bete gabe, eta egun dauden protokoloak ez dira eraginkorrak. Are gehiago, geroz eta sarriagoak diren ikasleen erasoen aurrean, administrazioak prebentzio lana ez betetzeaz gain langileak babesgabe uzten dituela salatu du LAB sindikatuak. Udara honetan unibertsitateko sarrera frogetan gertatutakoa gogora ekarri du LAB sindikatuak, izan ere, Pedrosa sailburuak bere langileak babestu beharrean haien profesionaltasuna zalantzan jarri eta gutxiengo baten pribilegioak defendatu eta hauspotu zituen.LABek langileen lan-osasuna bermatzeko baliabide pertsonalak, formakuntza, ikaspostuen azterketa psikosozialak, azterketa medikuak eta protokolo eraginkorrak exijitu ditu, besteak beste.

Azkenik, Euskara eta euskal kurrikulumean eragiteko urratsak eman daitezen lanean jarraituko duela adierazi du LABek Euskal Eskola Publiko Komunitarioaren bidean. Hau da, burujabea izango den eta sare publiko berri bakar deszentralizatuan antolatuko den hezkuntza eredu propio eta berria sortzea: unibertsala eta doakoa; euskararen murgiltze eta mantentzen ereduan oinarritutakoa; inklusibitatea oinarri izango duena; laikoa; pedagogia feminista bultzatuko duena eta ikastetxeen autonomia eta hezkuntza komunitatearen parte hartzea sustatuko duena.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Suhiltzaile zerbitzuan Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren koordinazio falta salatzen dugu

Asteburuan zerbitzuko guardia-burua Garberako suhiltzaile-etxeko bere bulegotik kanporatua izan zen.

Udal alarde publiko eta feminista bakarraren alde egiten dugu

Hogeita hamar urte pasa dira Irun eta Hondarribiko emakume* batzuek gizonek dituzten eskubide berberak bere egin eta euren herrietako alardeetan parte hartzen saiatu zirenetik, hots, emakumeek* ere jaietan modu aktiboan parte hartu ahal izateko bidea hartu zutenetik.

Ikasturte berrian, zaharrak berri Nafarroako irakaskuntzan

2026/2027 ikasturte berriari ekin diogu eta Nafarroako hezkuntzako langileak gogotsu daude parean ditugun erronka guztiei aurre egiteko. Edonola ere, berriz ikus dezakegu Hezkuntza Departamentuak...