2026-09-07
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaUdal alarde publiko eta feminista bakarraren alde egiten dugu

Udal alarde publiko eta feminista bakarraren alde egiten dugu

Hogeita hamar urte pasa dira Irun eta Hondarribiko emakume* batzuek gizonek dituzten eskubide berberak bere egin eta euren herrietako alardeetan parte hartzen saiatu zirenetik, hots, emakumeek* ere jaietan modu aktiboan parte hartu ahal izateko bidea hartu zutenetik.

Ekintza hark pauso bat gehiago ekarri zuen emakumeen* eskubideen aldeko borroka feministan. Argi esan behar delako: emakumeen* parte hartze librerik gabe, jaiak ez dira ez parekideak, ez askeak. Kaleak emakumeenak* ere badira, horregatik, egunerokoan eta jaietan libre izateko eta ibiltzeko emakumeen* eskubide osoa aldarrikatzen dugu. Ezin dugulako onartu halako diskriminaziorik espazio publikoan, ezta emakumeen* aurkako halako biolentziarik ere.

Hogeita hamar urtez ukazio, gatazka, biolentzia, irain eta ezeztatze politikoa ezagutu dugu eta, oraindik ere, ez da konponbidearen bidean jarriko gaituen ekinbide argirik egin Irunen. Hondarribian ere ekimenak ez dira sekulakoak izan, hala ere, azken urteetan izan den udal gobernu berriak aurrerapauso txikiak egin ditu. Hala ere, Alarde baztertzaileak, eta horiek babesten dituzten alderdi politiko eta enparauak, emakumeak* espazio publiko eta politikoan normaltasunez aritzearen kontra dabiltza urterik urte. Esku-hartze garbirik egon ez izana, bere horretan, emakumeen* zapalkuntzari gorazarre egitea da eta, beraz, klase zapalkuntza betikotzea. Aldiz, Irunen ez bezala, Hondarribian aldaketarako zenbait urrats izan dira azken hiru hamarkadetan borrokan aritu diren emakumeei* esker.

2023ko Udal eta Foru hauteskundeen ondoren, Hondarribian, EAJren gotorlekua izan den herrian, aldaketarako aukerak zabaldu ziren. Hala ere, balizko normaltasun baterako bidean urrats txikiak eginagatik ere, azken asteetan jasotako berriek argi utzi dute, aurtengoan ere, mugimendu feminista dela, oraindik ere, eraldaketaren ikur nagusi eta bakarra. Zentzu horretan, LABek Jaizkibel konpainiari elkartasun osoa helarazi nahi dio. Era berean, ekidinezina den parekidetasuneranzko bidean trabak jartzen dituzten ente erreakzionarioen jarrera baztertzaileei gaitzespen gogor eta irmoa egin nahi die LABek.

LABek argi du aldaketa bazterketa sustatzen duten horiek egin behar dutela eta, haien jarrerak berdina izaten jarraitzen badu, mugimendu feministaren koordenadetatik abiatutako esku-hartze instituzional irmoa egon behar dela. Beraz, eskaera zehatza egin nahi du LABek: alardea udalak antola dezan bidea berreraiki beharra dago eta, era berean, feminista bilakatzeko behar beste baliabide jarri behar dira.

Instituzioei ahoa betetzen zaie berdintasun politikak sustatzen dituztela esatean. Ordea, halako praktika baztertzaileen aurrean ez dute behar adinako adore eta konpromiso politikorik adierazten.

Lortutako aurrerapenak eta askatasunak arriskutan diruditen garai nahasiotan, udal alarde publiko eta feminista bakarraren alde antolatzen eta borrokatzen dabiltzanei eta, bereziki, Jaizkibel Konpainiaren sortzaile eta bultzatzaileei gure eskerrik beroenak helarazi nahi dizkiegu. Ez gaude lanean, etxean, kaleetan, jaietan ezta alardean ere bazterkeriarik onartzeko prest!

Gora Jaizkibel Konpainia!!

Gora borroka feminista!!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da baliabidez hornitzea

Hezkuntza Sailaren inprobisazioa, arduragabekeria, noraeza, itxurakeria, erabakiak aldebakarrez hartzea eta 2025eko irakaskuntza publikoan mobilizazio eta greba zikloei bukaera eman zieten akordioak bere osotasunean betetzen ez dituela salatzeko elkarretaratzea egin du LAB sindikatuak.

Ikasturte berrian, zaharrak berri Nafarroako irakaskuntzan

2026/2027 ikasturte berriari ekin diogu eta Nafarroako hezkuntzako langileak gogotsu daude parean ditugun erronka guztiei aurre egiteko. Edonola ere, berriz ikus dezakegu Hezkuntza Departamentuak...

LABek Lizarraldean arreta traumatologikoa bermatzeko exijitzen du

LAB sindikatuak hilabeteak daramatza Lizarrako Osasun Barrutiko Traumatologia Zerbitzuaren egoera monitorizatzen. Bete gabeko guardia-aldiak daude, itxaron-zerrendak handitu dira, hainbat paziente Iruñera bideratu dira eta...