2026-08-24
HomeEkintza SindikalaZubietako erraustegian izaniko sutearen ostean, lan osasuna bermatu dadin eskatzeko elkarretaratzea egingo...

Zubietako erraustegian izaniko sutearen ostean, lan osasuna bermatu dadin eskatzeko elkarretaratzea egingo dugu gaur

Sua piztu zenean, enpresak arrisku handiko egoera batean jarri zituen beharginak, eta horren ondorioz bederatzi pertsona artatu behar izan zituzten osasun zerbitzuek. Egoera onartezina salatzeko 13:00etan protesta egingo dugu.

Jarraian ikus daiteke enpresa batzordeak gertatutakoaz eginiko irakurketa:

NAHIKOA DA GURE BIZITZEKIN JOLASTEAZ! EKOBAL PLANTAKO SUTEAK AGERIAN UTZI DU ENPRESAK LANGILEEN OSASUNAREN AURRETIK JARTZEN DUELA NEGOZIOA

  • Bederatzi kide kez pozoituta! Sute bat itzali behar izan dute Babes Ekipamendurik (BBE) gabe, ke toxikoa arnasten eta larrialdietako ur-hodiak apurtuta zeudela.
  • Enpresaren diruzalekeriak ez du mugarik: egoera zeinen larria den axola gabe, EKOIZPENA EZ DA INOIZ GELDITZEN! Ekobalentzat gehiago balio du fakturatzeak langileen bizitzak baino.

Ez gara gehiago isilduko! Joan den abuztuaren 19an, goizeko 10:30ak aldera, Ekobal planta arrisku handiko eszenatoki bihurtu zen berriro ere klase langilearentzat. Bolumen handiko hondakinen birrintzailearen barruan sute bat piztu zen eta, beste behin ere, zuzendaritzaren erantzuna ez zen pertsonak babestea izan; langileak zuzenean arrisku-gunera bidaltzea baizik, taldeetan banatuta suteari aurre egin diezaioten, suhiltzaile profesionalak balira bezala.

Langileak egoera guztiz lotsagarri eta etsigarrian plantatu ziren sugarren aurrean: hurbilen zeuden sute-ahoak erabat apurtuta eta erabilezin zeuden. Baliabiderik gabe, materialik gabe eta enpresaren aldetik inolako aurreikuspenik gabe, langileek euren larrua jokatu behar izan zuten eta itzaltze-lanak inprobisatu zituzten, industria-suteak itzaltzeko balio ez duen mangera arrunt bat erabiliz. Bederatzi kide artatu behar izan dituzte osasun-zerbitzuek!

Kudeaketa negargarri honen eta derrigorrezkoak diren prebentzio-neurrien faltaren ondorioa dramatikoa izan da: bederatzi langile artatu behar izan dituzte larrialdietako suhiltzaileek eta osasun-langileek, zaborraren errekuntzak sortutako ke toxikoen ondorioz intoxikazio larria jasan ostean.

Sindikatuen ordezkari gisa ozen eta argi salatzen dugu langileak suteak itzaltzera bidaltzea, beharrezkoak diren Banakako Babes Ekipamendurik (BBE) eta prestakuntza espezifikorik gabe, ez dela gertaera isolatu bat: ohiko praktika arduragabea da Ekobal plantan sua dagoen bakoitzean!

Ekoizpena ez da gelditzen, tratu txarrak ez du etenik!

Joan den asteazkenean bizitakoa proba ukaezina da: enpresa honi bere emaitzen kontuko zenbakiak baino ez zaizkio inporta. Istripua zeinen larria den axola gabe, eta keak pozoitutako kideak pilatu arren, EKOIZPENA EZ DA INOIZ GELDITZEN! Ekobalgo zuzendaritzarentzat, makineria eta fakturazioa planta egunero aurrera ateratzen duten pertsonen osasunaren, osotasunaren eta bizitzaren gainetik daude.

Amaitu da beste aldera begiratzea! Berehalako ikerketa, erantzukizunak argitzea eta legeak agintzen dituen segurtasun-berme zorrotzak ez dituen edozein jarduera bertan behera uztea exijitzen dugu. Ez gara salgaiak, langileak gara!

NAHIKOA DA HAINBESTE LANEKO TRATU TXARREKIN!
GURE OSASUNA EZ DA SALTZEN, DEFENDATU EGITEN DA”

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Zubietako erraustegiko langileak mobilizatu egin dira lan osasuna berma dadila eskatu eta beren lanari egokituriko ituna exijitzeko

Zubietako erraustegiko langileek mobilizazioa egin dute eguerdian lantokiaren aurrean, joan den astean gertaturikoa salatu eta lan osasuna bermatuta egon dadila exijitzeko. Bederatzi lagun artatu behar izan zituzten osasun langileek plantan sutea piztu ostean eta beharrezko neurriak hartu ez izanaren ondorioz.

Hirugarren greba zikloari ekingo diote Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek lan baldintzak hobetzearen alde abuztuaren 28tik 30era

Abuztuaren 28ko 22:00etatik abuztuaren 30eko 22:00etara egingo dute greba Moevek Gipuzkoan dituen 16 gasolindegietako 150 langileek. Enpresa batzordea LABeko 5 ordezkarik eta ELAko 3k...

LABek eta ELAk adingabe batzuk balorazio psikosozialik egin gabe Bilbotik Gueñesera lekualdatu izana salatzen dugu

Sindikatuok kritikatzen dugu Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eudes Fundazioak zentro-aldaketa hilabete eskaseko aurrerapenarekin aurkeztu dutela, haren eragina baloratu gabe eta adingabeekin egunero lan egiten...