2026-09-19
HomeEkintza SindikalaGasteizko lan-arloko epaitegiak baliogabe jo du Casa Primicia upategian aurkeztutako Aldi Baterako...

Gasteizko lan-arloko epaitegiak baliogabe jo du Casa Primicia upategian aurkeztutako Aldi Baterako Lan-Erregulazio Espedientea

Hala, arrazoi eman dio auzia epaitegietara eraman zuen LAB sindikatuari.

Gasteizko epaitegiak argitaratutako epaia irmoa bihurtu da. Epai horren bidez, Casa Primician aurkeztutako Aldi Baterako Lan-Erregulazio Espedientea (ABLEE) baliogabetzat jo da. Beraz, neurria baliogabetua geratu da, eta enpresak espedientearen eraginpeko egunak itzuli beharko ditu.

LAB oso kritikoa izan zen neurriarekin, proportzionaltasunik ez zuelako eta badaezpadako ABLEE gisa erabili nahi zutelako. ABLEE bat aplikatzea ezin da enpresaren malgutasunerako tresna hutsa izan, langileak enpresaren erabakien menpe utziz, komeni zaionaren arabera.

Ildo horretatik, epaitegiak arrazoia eman dio LABi: ebatzi du neurriak ez duela behar adinako justifikaziorik eta, gainera, ez duela proportzionaltasun-printzipioa betetzen. Enpresak, hitzez hitz, eguraldiak laguntzen ez zuenean langileak lanera ez joatea nahi zuen. Gainera, neurria 2027ko otsailera arte mantendu nahi zuen, nahiz eta memoriak jaso irailetik aurrera mahats-bilketa garaiaren ondorioz errendimentu betean lan egin beharko zela —larunbatetan egun gehigarriak aktibatuz—, besteak beste.

LABek beti defendatu du neurria ez zegoela justifikatuta, eta justifikazio horretarako dokumentuak berandu eta gaizki aurkeztu zirela, baieztapen lauso eta generikoetan oinarrituta. Hala ulertu zuen Lan Ikuskaritzak ere, eta halaxe jasotzen du epaiak.

Berriro diogu: ABLEEak ezin dira enpresen malgutasunerako tresna gisa erabili. Erakunde eta administrazio eskudunek neurri horiek zaindu eta zehatz-mehatz ikuskatu behar dituzte; izan ere, halako kasuetan kaltetutako langileen langabezia-prestazioen kontura finantzatzen dira enpresak, eta horrek kalte egiten die diru-kutxa publikoei. Beraz, adi jarraituko dugu muturreko neurri horiek iruzurrez eta gehiegikeriaz erabiltzea saihesteko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Sidenorren akordio markoaren negoziazioaren eratzea eten dadila eskatzen dugu, langileoi hitza emateko

Basauriko lan zentroan erreferenduma egitea eskatu dugu, marko horretan jarraitu beharko litzatekeen edo ez erabakitzeko.

Voestalpine Railway Systems JEZ-en langile baten diziplinazko kaleratzea salatzen dugu eta beldurra kudeaketa-tresna gisa erabiltzeaz ohartarazten dugu

Sindikatuaren ustez, erabakia justifikaziorik gabea eta neurriz kanpokoa da, eta ohartarazi du horrelako erabakiek presio giroa eta segurtasunik eza sortzen dutela langileen artean.

Ekialdebuseko lankide batek jasandako erasoa salatzen dugu

Ez da halako zerbait gertatzen den aldia, eta segurtasun arazoa salatu du Oarsoaldeko eta Bidasoaldeko autobus zerbitzuko LABek. Oraingoan E05 linean gertatu da, Errenteriako Beraungo anbulatorioaren parean.