2026-11-06
HomeEkintza SindikalaBizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen Hitzarmenaren aurreakordioa sinatuko dugu, langileen gehiengo zabalaren...

Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen Hitzarmenaren aurreakordioa sinatuko dugu, langileen gehiengo zabalaren babesa jaso ondoren

Sektoreko enpresetan egindako langileen batzarren ondoren, langileen gehiengo zabal batek patronalak aurkeztutako Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen Hitzarmenerako proposamena babestea erabaki du. Horrenbestez, LABek langileek hartutako erabakia bere egin eta errespetatzen du, eta aurreakordioa sinatuko du.

Patronalak azken proposamena aurkeztu ondoren, LABek konpromisoa hartu zuen azken hitza langileek izango zutela. Gaur konpromiso hori bete du. Langileak izan dira negoziazio honen norabidea eta euren hitzarmenaren etorkizuna erabaki dutenak.

Babesa jaso duen proposamenak aurrerapen garrantzitsuak jasotzen ditu. Horien artean daude hitzarmenaren indarraldian 1.500 euroko gutxieneko soldata (urtean 21.000 euro), kategorien berrantolaketa sektoreko genero-arrakala murrizteko urrats garrantzitsua emanez, urteko lanaldiaren murrizketa, zaintzarekin lotutako lizentzia eta baimenen hobekuntzak, errelebo-kontratuan egindako aurrerapenak eta berdintasunaren, lan osasunaren eta bestelako lan zein eskubide sozialen arloko hobekuntzak.

LABek bereziki azpimarratu nahi du langileek prozesu osoan zehar izan duten papera. Lortutako ezer ez da kasualitatez izan. Aurrerapen hauek urte eta erditik gorako negoziazioaren emaitza dira, baina batez ere sektoreko langileen antolakuntzaren, batasunaren, greben eta mobilizazioen ondorio. Langileek aurrera egin duten bakoitzean bakarrik mugitu du patronalak bere jarrera.

Adostutako hitzarmenak sektoreko lan baldintzak benetan hobetzen ditu. Duela gutxi arte lortzea oso zaila zirudien egiturazko aldaketak jasotzen ditu, eta etorkizuneko negoziazioei aurre egiteko oinarri sendoagoa uzten du.

Gaur, Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen sektoreko langileek negoziazio hau hasi zenean zutena baino hitzarmen hobea dute.

LABek negoziazio hau beti ulertu duen sindikalismoaren ikuspegitik landu du: langileak erdigunean jarriz, haien aldarrikapenak azken unera arte defendatuz eta erabakiak haien bizi- eta lan-baldintzak benetan hobetzeko helburuarekin hartuz. Horixe izan da, da eta izango da bere konpromisoa.

Azkenik, LABek zorionak eman nahi dizkie sektoreko langile guztiei gatazka honetan erakutsitako konpromisoagatik, elkartasunagatik eta borrokarako gaitasunagatik. Hitzarmen hau, batez ere, langileen lorpen kolektiboa da. Beste behin ere argi geratu da langileak antolatu eta borrokatzen direnean, gauzak aldatu egiten direla.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ezin da pertsona zaurgarrien izenean euskararen normalizazioa zalantzan jarri

LABek erabat arbuiatzen du GUFE Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen gizarte-integraziorako teknikari lanpostuetako Lan Eskaintza Publikoa baliogabetu izana, eta horretarako argudiotzat erabili izana pertsona zaurgarrien artena euskararen erabiliera oso txikia dela. Denen eskubideak bermatzea da administrazio publikoaren betebeharra.

Dornier-eko batzordeak salatu du alde bakartasunez ezarri direla langileen kontziliazioa eta segurtasuna okertzen dituzten lan-baldintza berriak

Dornierreko ordezkaritza sindikalak (LAB, ELA, UGT eta CCOO) enpresak ezarritako lan-baldintzen funtsezko aldaketa errefusatu du, negoziazio-prozesua akordiorik gabe amaitu ondoren. Gainera, Iruñeko Udalari erantzukizuna...

Greba orokorraren egunean 70 herritan baino gehiagotan egingo ditugu manifestazioak arratsaldez

Goizez iragarritako manifestazioez gainera, arratsaldeko hitzorduen berri eman dugu gaur Bilbon eta Iruñean eginiko agerraldietan. Herrialdeetako hiriburuei dagokienez, mobilizazio guztiak 18:00etan abiatuko dira. Bilbon, Plaza Eliptikotik; Donostian, Bulebarretik; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik, eta Iruñean, Baluartetik.