2026-09-02
HomeEkintza SindikalaLABek eta ELAk EAEko udaletan greba deituko dugu hurrengo urriaren 8an

LABek eta ELAk EAEko udaletan greba deituko dugu hurrengo urriaren 8an

Udalhitzeko mahaian aurrerapausorik ez dagoenez, LABek eta ELAk hasita daukagun greba dinamikarekin jarraituko dugu sektoreak dituen aldarrikapenak lortu arte.

EAEko udaletan urte asko daramagu lan baldintzak hobetuko dituen akordio integralik gabe eta ondorioz, udaletako langileon lan baldintzak okertzen doaz etengabe. Duela urte eta erdi baino gehiago Udalhitzeko mahaia eratu zen, 2010etik berriztu gabe dagoen akordioa berritzeko. Bitartean, Udalhitzeko lan-hitzarmenetik kanpo dauden udaletako lan-hitzarmenen negoziazioa ere egoera berdinean dago, udal batzuetan gai zehatzen inguruan lortutako akordio partzialez gain ez da akordio integrala lortzeko eta lan-hitzarmena osotasunean berritzeko aukerarik egon.

LABek eta ELAk EAEko udal sektorean greba eta mobilizazio dinamika bat martxan jarri genuen apiriletik aurrera. Bi orduko paroak egin genituen apirilean, eta maiatzean eta ekainean egun osoko bi greba egun. Balorazio oso positiboa egiten dugu greba dinamika horretaz, udal langileak haien lan baldintzak hemen hobetzeko grina dutelako. Borrokarako prest dagoen kolektibo bat islatu zen data horietan.

Sektoreak buruturiko greba, lanuzte eta mobilizazioek negoziazioan aurrera pausu batzuk ekarri zituzten, baina hainbat aldarrikapen oraindik ez daude mahai gainean. Besteak beste: azken urteetan galdutako eros ahalmena berreskuratzeko neurri zehatzak, euskaraz lan egin eta bizitzeko neurriak, publifikazioetan azpikontrataturiko langileen subrogazio eskubidea, lanaldia gehiago murriztea, errelebo kontratua eta gazteberritze planetan sakontzea falta da. Hala, urte eta erdi baino gehiagoz negoziatzen aritu ondoren, ez dira behar besteko aurrerapenak jasotzen Eudelen eta alderdi politikoen proposamenetan.

Gauzak horrela, LABek eta ELAk erabaki dugu geldirik ez geratzea. Eudel eta alderdi politikoak mugiarazi behar ditugu, eta azken hilabeteetan ikusi den bezala, hori soilik grebekin eta langileen mobilizazioarekin gertatzen da. Zentzu horretan, uda baino lehen aurrera eraman dugun dinamika irailetik aurrera jarraituko dugu. Ondorioz, besteak beste, urriaren 8an EAEko udal sektorean egun osoko greba deialdia egingo dugu bi sindikatuok.

Bukatzeko, LABetik eta ELAtik era zuzenean interpelatu nahi ditugu EUDEL osatzen duten EAJ, EH BILDU, PSE-EE eta Alderdi Independenteak. Bada garaia negoziaziorako borondatea erakusteko eta udal langileen lan baldintzak haien politiken erdigunean jartzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ideia faxista eta xenofoboen aurrean jarrera irmoa behar dela aldarrikatzen du LABek

Oldarraldi erreakzionarioari aurre egiteko modurik eraginkorrena kapitalari mugak jartzea, herritar guztien eskubideak bermatzea, birbanaketa politikak ezartzea eta sakoneko agenda eraldatzaile bat aurrera eramatea dela...

LABek lau langileren kriminalizazioa salatu du martxoaren 17ko greban parte hartzeagatik

Martxoaren 17ko greba orokorrean parte hartu zuten lau grebalari Iruñeko epaitegian deklaratzera deitu dituzte gaur, atxilotzeko mehatxuaren pean. Bi delitu egotzi dizkiete: agintaritzari desobedientzia...

Langabeziari dagokionez, uda amaierak beti ekartzen duen egoeran gaude

Abuztu amaieran, SEPEren datuen arabera, 136.372 pertsona zeuden langabezian eta 1.072.124 erregimen orokorrean afiliatuta Hego Euskal Herrian. Horrek esan nahi du afiliazioak behera egin...