Lebarion, Zaldibarren eta Ermuan lantokiak dituen enpresa horretako langile askoren artean kezka sakona sortzen duen egoera bat gertatzen ari da azken hilabeteotan enpresak aurrera eraman duen politika dela eta: kaleratze selektiboak, hitzarmen kolektiboaren hainbat atal behin eta berriz ez betetzea, lan-baldintzak okertzea eta langileen artean ziurgabetasun eta presio giroa eragin duten erabakiak.
ECS Mobilityko zuzendaritza hori guztia egiten ari da ELSko (enpresaren aldeko sindikatu independentea) kideen lankidetzari esker. Plantilla murrizteko estrategia jarraitua garatzen ari da, eta, aldi berean, LAB sindikatuko kideak enpresatik uxatu nahian.
Hala, banakako kaleratzeak izan dira (LABeko bost afiliatu) eta lan-baldintzen funtsezko aldaketak aplikatu dizkie langile zehatz batzuei, enpresarik irtenarazteko asmo nabarmenarekin. Adibide esanguratsuenak LABeko bi ordezkarienak dira, zeintzuek, neurri horien ondorioz, beren lan-harremanak azkentzea erabaki baitzuten. Zer lortu nahi duten agerikoa da: funtzio profesionalak edukiz hustea, lan baldintzak eta baldintza pertsonalak okertzea eta enpresatik alde egitera behartzea.
Bien bitartean, ELS erakundeari lotutako pertsonak lehenago kaleratutako edo lekuz aldatutako langileek betetzen zituzten lanpostuetara igaro dira, hitzarmen kolektiboan ezarritako eta aplikatu beharreko prozedurak eta sustapen profesionalerako legez aurreikusitako mekanismoak errespetatu gabe.
LABek badaki egoera ezin dela modu isolatuan aztertu, plantilla murrizteko eta beldurrean oinarritutako politika ezartzeko estrategia zabalago baten parte gisa baizik. Eta bereziki larria da jarduera horiek ELSren babesarekin eta laguntzarekin aurrera eraman izana.
LABen ustez, onartezina da plantillaren interes kolektiboak defendatu beharko lituzketenek beren kideen eskubideak higatzen laguntzea, eta are larriagoa da, kasu batzuetan, onura propioak lortzeko egiten dutela.
Adibide gisa, azken hilabeteetan izandako kaleratzeei erantzuteko deitutako mobilizazio eta kontzentrazioeti dagokienez, ekintza sindikaletan parte hartzeko gogoa kentzeko presioak eta ohartarazpenak egin dituzte aipaturiko pertsona horiek, eskirolajea sustatuz.
Zalantzarik gabe, datozen hilabeteetan plantilla murrizten jarraitzeko plangintza bat dago martxan. Hala dela baieztatuz gero, zatika eta denboran zehar gauzatutako doikuntza kolektiboko prozesu baten pareko estrategia baten aurrean egongo ginateke, LABek ohartarazi duenez.
Era berean, kezkagarria da aldi baterako langile jakin batzuek enpresa-erabaki horien justifikazio gisa plantillaren ustezko berritzea aipatzen duten mezuak jaso izana. Berrikuntzaz hitz egiten dute, beren asmo txarrei aurre egiten dien ororen garbiketa egitea esan nahi dutenean. Horrelako planteamenduek, kudeaketa modu negargarria islatzeaz gain, plantillaren barruan segurtasunik eza, zatiketa eta mesfidantza sortzea baino ez dute helburu.
LABen ez da isilik egongo bere ekintza sindikalagatik jazarri eta zigortzen duten bitartean, lanpostuak suntsitzen diren bitartean, lan eskubideak urratzen diren bitartean eta ordezkaritza sindikala zuzendaritzaren zerbitzura dagoen tresna gisa eta helburu indibidual eta pertsonaletarako erabiltzen den bitartean.
ECS Mobilityn gertatzen ari dena ez da erabaki isolatuen edo inguruabar koiunturalen emaitza. Estrategia horren helburua da plantilla ahultzea, sindikatuek enpresaren erabakiekiko duten desadostasuna zigortzea eta helburu kolektiboak dituen edozein oposizio sindikal antolatu, koherente eta ez-pertsonalista ezabatzea.
Horregatik, LAB ez da legezko bideetan salatzera mugatuko; salaketa hori beharrezko esparru guztietara eramango du: lantokietara, udaletara, erakundeetara, Lan Ikuskaritzara eta auzitegietara. Ez-betetze bakoitza, arrazoirik gabeko kaleratze bakoitza, ekintza antisindikal bakoitza eta larderia-saio bakoitza salatu eta borrokatuko du.

