2026-06-27
HomeEkintza SindikalaLABek EAJri eskatu dio Udalhitzeko mahaiaren negoziazioak aurrera egin dezan euskararen gaian...

LABek EAJri eskatu dio Udalhitzeko mahaiaren negoziazioak aurrera egin dezan euskararen gaian %83tik gorako ordezkaritza sindikalaren iritzia kontuan hartzen duen EH Bilduren proposamena aintzat hartzeko

LABen iritziz Udalhitzeko lan-hitzarmenaren aurreakordioak ezinbestean jaso behar ditu sarbidean euskara eta gaztelania parekatuko direla.

Gaur bildu da berriro ere Udalhitzeko mahaia, azken bi asteetan egon diren bi mahaiak EAJk eta PSEk bultzaturiko blokeo batean egon ondoren. Gaurko mahaian zerbitzu publikoen kudeaketaren gaian zein euskararenean EUDELen proposamen bateratua aurkeztu behar zuten alderdi politikoek.

Zerbitzu publikoen kudeaketaren gaiari dagokionez, azkenean, alderdi guztiek ontzat eman dute EH Bilduren proposamenaren gainean aritzea, zerbitzu publikoen azpikontratazioa aztertzearekin batera zerbitzu horiek publifikatzeko aukera jasoz. LABentzat puntu garrantzitsua da hau, eta beste behin ere, mahaian eskatu dugu publifikatuko diren zerbitzuetako langileen subrogazioa jaso behar duela akordioak, subrogazio prozesuaren nolakotasuna aurrez enpresa horretako langileen ordezkariekin negoziatu behar delarik. Era berean, subrogatuak izango diren langile hauei haien euskalduntzea bermatzeko baliabide nahikoa eta liberazioak eskatu ditugu, beste hainbat neurriren artean.

Euskararen gaian, berriz, EAJ, PSE eta Independienteen proposamen bat aurkeztu digute. LABetik behin eta berriz adierazi diegu euskara gaztelaniaren pare jartzeko garaia dela eta sarbidean euskararen hizkuntza-eskakizuna ere derrigorra izan behar dela, tokiko hizkuntza-plangintzaren arabera lanpostu batzuk salbuetsiz eta hizkuntza eskakizuna eskuratzea kasu horietan geroratuz; horretarako, udalek langileak euskalduntzeko baliabide eta liberazioak eskaini behar dituztelarik. Hori da hain zuzen ere EH Bilduren proposamenak jasotzen zuena baina gainerako alderdiek oraindik ontzat eman nahi ez dutena. Gainera, LABetik adierazi diegu parlamentuan erabakitako lege moldaketa zein bere ondoriozkoa izango den dekretu berria eta Udalhitzeko lan-hitzarmenean adostu dezakeguna uztargarriak direla, lan-hitzarmenetan hizkuntza eskakizunei zein legea gainditzen duten beste arlo batzuen inguruko erabakiak adostu baitira lehenago ere. Negoziazioaren ondorioz, euskararen gaian beste proposamen bat aurkeztuko digutela adierazi dute alderdiek.

Aurreakordioak jasoko lituzkeen gainerako gaien inguruan berriz, aurrerapen gutxi batzuk egon dira. LABen iritziz, aurreakordioa lortzeko, euskararen gaian proposamen berria egitearekin batera funtsezkoak diren eduki hauek adostu behar dira:

  • Indarraldia: urte bat jaitsi dute, 5 urteko indarraldia proposatuz. LABetik, asko jota 4 urtekoa izan behar dela adierazi diegu.
  • Enpleguari lotuta: langileen arteko mugikortasuna ahalbidetzea eta lanaldi partzialek %10 ez gainditzea (lehentasunez sektore feminizatuetakoak %100ean osagarrituz). Horrekin batera, hautaketa prozesu propioak eta mankomunatuak egitea eta hauek ordezkari sindikalekin adostea jaso behar da.
  • Gazteberritze planak eta aurrez erretiratzeko egun egon daitezkeen neurri guztiak jasotzea eta langileei lanera ez joateko askoz denbora gehiago ematea. Asko findu behar den atala da.
  • Soldatak berreskuratzeko zorra onartzeko eta erosahalmena bermatzeko igoerak egiteko tresna ezberdinak proposatu dituzte, baina indarraldiaren bukaeran zein helmugara iritsi nahi dugun zehaztea eta adostea falta da. Gainera soldata-igoerak egiteko tresnak langile guztiei aplikagarri izateko irizpideak zehaztu behar dira.

Aurrekoan esan bezala, LABek udako etenaren aurretik negoziazioan aurrera egiteko lanean jarraituko du, grebetan atera diren langileen aldarrikapenak mahaian borrokatuz. Zentzu horretan, uztailaren 6an, beste mahai negoziatzaile baterako deialdia egingo dela adostu da.

Ikuskizun dago EAJk euskararen gaia desblokeatzeko eta sarbidean bi hizkuntzak parekatzeko proposamen berria egiteko borondate politikorik ote duen, zein gainerako puntuetan alderdiak mugitzeko prest dauden, eta ondorioz, aurreakordio baterako eduki gehiago ekartzen dituzten. Horrela egin ezean mobilizazio berriekin zein greba dinamikarekin jarraitzea ez dugu baztertzen.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek arbuiatu egiten du Santurtziko udaltzain batzuek taser pistola baliatuz egindako interbentzio bortitza eta horren ondorioz hil den gaztearen senide, lagun eta gertukoei doluminak...

LABek Santurtziko Udalari eskatzen dio gertatutakoak berehala ikertu ditzala, ardura politiko zein mota guztietakoak argitu ditzala eta gertakari larri hauek berriz gertatu ez daitezen beharrezko neurri guztiak hartu ditzala.

Hezkuntza Departamentuak Iruñeko nekazaritza eta basogintzako ikastetxe integratuko “kortijo” delakoaren isiltasuna erosi nahi du

Joan den ekainaren 24ko ezohiko klaustroa ikaragarria eta beldurgarria izan zela erran daiteke. Klaustro horretan, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiak kontsultara eraman zuen...

Garraiolari andoaindar bat hil da lanean, bero kolpeak jota

56 urteko gizonezkoa Burgosen (Espainiako Estatua) hil da zamalanetan ari zela, kamioian zeraman karga ateratzen. Tenperatura altuaren ondorioz shock multiorganikoa izan du. Astelehenean mobilizazioa egingo dugu intersindikalarekin batera.