2026-10-01
HomeIrakaskuntzaGizarte ekimeneko ikastetxeakBilera deialdi berri bat luzatzen diegu patronalei eta Hezkuntza sailari Gizarte Ekimeneko...

Bilera deialdi berri bat luzatzen diegu patronalei eta Hezkuntza sailari Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako gatazka bideratzeko

LAB, ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuok adostasunetara iristeko gure borondate eta aldartea berresten dugu, eta hezkuntza sailburuak azken egunotan egindako adierazpenak kontuan izanda, patronalak eta hezkuntza saila bilera deialdi berri batetara deitzen ditugu datorren urriak 24an goizeko 10.00etan LHKan edota komenigarri ikusten duten beste edozein lekutan.

Sektoreko langileok 10 urte daramatzagu Lan Hitzarmena berritu gabe. 2017Ko Azaroan, AICE-IZEA patronalen jarrera hertsiak mahaitik altxatu beste biderik utzi ez zigutenetik, mobilizazio ugari gauzatu ditugu, hainbat elkarretaratze, eta manifestazio, hainbat kanpaina eta ekintza, eta, besteak beste, langileen babes zabala izan duten 27 greba egun 2 ikasturtetan sakabanaturik.

Gure mobilizazio egutegiak langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamenak landu eta ekartzeko beta eman du, eta sindikatuok adostasunak erdiesteko jarrera eta asmo garbia azaldu eta saiakerak egin ditugu etengabe.
Saiakera hauen artean aurkitzen dira, sindikatuok pasa den ikasturtean hezkuntza saila eta sektoreko patronalei LHKan biltzeko egindako bi bilera deialdi, lehenengoa apirilak 2rako, 10 greba eguneko mobilizazio egutegia abian zela, eta bestea maiatzak 30erako, mobilizazio egutegi haren baitan gauzatutako azken greba egunak behin igaro ondoren.

Halabaina, prozesu honetan guztian bezala, bilera deialdi hauen aurrean ere, patronalek eta hezkuntza sailak erabateko arduragabekeriaz jokatu zuten. Patronalak lehenengo bilera deialdira ez agertzeko erabakia hartu eta publiko egin zuen, greba deialdia abian zela aitzakiatzat erabiliaz; bigarren bilera deialdira berriz, maiatzeko greben aurretik ezaguna zen eta langileen eskaerei erantzutetik urrun dagoen proposamen berdina ekarri zuen, sindikatuok onartuko ez genuela jakinda. Hezkuntza sailak berriz, biak ekiditeko moduak bilatu zituen, lehenengoan, Kristau Eskola patronal nagusiaren ez agertzeko erabakiaren atzean ezkutatuz eta bigarrengoan gure bilera kontraprogramatu eta eduki gabeko bilera batera deituz sindikatuok aurreko egunerako. Izan ere bide honetan guztian, eta sindikatuok behin eta berriro salatu dugun moduan, hezkuntza sailak gatazka honetan daukan ardura bere gainetik kendu eta bere irtenbidean parte hartzea ekiditera bideratu ditu bere ekintza guztiak, gatazka honetan zerikusirik ez daukala mantenduz uneoro.

Hau guztia kontuan hartuta, azken egunotan Hezkuntza sailburuak egindako adierazpenak, hau da, sindikatu eta patronalekin biltzeko prestutasuna adierazten dutenak, deigarriak egiten zaizkigu, eta kautelaz hartzen ditugu, bereziki kontuan izanda adierazpenok egiten diren unea. Gogoratu behar dugu pasa den ikasturteko azken greba egunetik (maiatzak 9) bost hilabete baino gehiago igaro direla, bost hilabete hauetan ez dela inolako pausorik edota mugimendurik egon ez patronal ez hezkuntza sailaren aldetik, eta azkenik LAB, ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuok hilabeteko greba deialdia publiko egin dugunean iritsi direla adierazpen hauek. Aldi berean, bereziki larria deritzogu Patronalaren ixiltasunak adierazten duen utzikeriari.

Edonola ere, sindikatuok adostasunetara iristeko gure borondate eta aldartea berresten dugu, eta hezkuntza sailburuak azken egunotan egindako adierazpenak kontuan izanda, patronalak eta hezkuntza saila bilera deialdi berri batetara deitzen ditugu datorren urriak 24an goizeko 10.00etan LHKan edota komenigarri ikusten duten beste edozein lekutan.
Urte luzeetan zehar sektoreko patronalek eta Hezkuntza sailak hartutako erabakiak izan dira, hezkuntzan eragin kaltegarri zuzena duten sektoreko lan baldintzen kaskartze bat ekarri dutenak, eta egungo gatazkara eraman gaituztenak. Sektoreko patronalek eta Hezkuntza sailak daukate beraz, langileen eskaerei erantzuten dieten eduki eta planteamenduak eginez eta negoziazio prozesu batek eskatzen duen zintzotasunez, gatazka hau bideratzeko ardura eta aukera. Jakin badakite adostasunak erdiesteko giltzarriak non dauden, pasa den martxoak 29an bai patronal bai hezkuntza sailari helarazi genien giltzarrien dokumentuan jasotzen diren heinean.

LAB, ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuok, orain arte bezela, hitzegiteko edozein formula onartzeko prest gaude, beti ere langileen eskaerei erantzunez gatazka bideratzeko ardura eta aukera duten eragile guztien inplikazioa eta parte hartzea bermatzen badute, eta adostasunak ahalbideratuko dituzten eduki eta planteamenduak bermatu aurretik greba dinamika bertan behera uzteko baldintzarik eskatzen ez badute.

Horrela, espero dugu Hezkuntza sailak egindako adierazpenen atzean, gatazkaren irtenbidean inplikazio eraginkorra izan eta langileen eskaerei erantzuna emango dioten eduki eta planteamenduak egin eta bultzatzeko asmoa egotea eta ez, hauei erantzun gabe mobilizazio eta grebak desaktibatzeko asmo soila.

Patronalari berriz, bereziki une honetan erakusten ari den utzikeria eta inmobilismotik irten eta gatazka bideratzeko proposamenak egiteko galdegiten diogu.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamen zehatzak eskatu dizkiogu Osakidetzari

Osakidetzako Zuzendaritzak aurkeztu egin du Mahai Sektorialeko sindikatuei bidalitako proposamena. Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren lehen zirriborro bat da eta dokumentuak ez du barneratzen sakoneko gaiei buruzko proposamenik, hala nola ordainsariak, lanaldi murrizketa edo lan kargak.Gai horiek sindikatuon aldarrikapenen artean daude.

Ez dugu onartzen patronalek akordioak ez betetzeagatik langileak kaleratuak izatea

2024ko otsailean Greba Amaierako Akordioa (GAA) sinatu genuen. Hurrengo egunean langileok gure lanpostuetara bueltatu ginen. Baina patronalek ez zuten akordioa bete, fede txarrez negoziatu eta sinatu baitzuten, hau da, sinatutako akordioa beteko ez zutela jakinda. Lehenik eta behin, ez zituzten soldatak eguneratu nahi, gero ez zituzten sortutako atzerapenak ordaindu nahi, eta, ondoren, uko egin zioten ordu bateko eskola ordua murrizteari eta lan pertsonalerako ordu bateko igoera aplikatzeari. Horrenbestez, epaitegietara jotzera behartu gintuzten, sinatutakoa bete zezaten. Hiru aldiz jo behar izan dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira (EAEAN), eta hiruretan epaileek arrazoia eman digute, argi eta garbi utziz KEk (Kristau Eskolak), AICE-IZEAk eta ikastetxeek bete behar zuten akordioa urratzen zutela. Epaiek patronalek erabili dituzten argudioak desmuntatzen dituzte, honako baieztapen hauek jasotzen baitituzte: 1. Akordioak hitzarmen maila duela, sinatzaileek nahitaez bete behar dutela eta 2024ko otsailaren 5etik, hau da, sinatu zen egunetik aurrera, indarrean zegoela. 2. Itundutako soldata eta lan-baldintzak ez daude finantzaketa publikoari lotuta eta ez daude finantzaketa publikoaren menpe. Zehazki, eskola-orduak ordubetez murrizteko neurriak, adostua eta sinatua dagoenak, bi helburu zituen: 1. Langileen lan-karga izugarria murriztea. 2. Matrikulazioen jaitsieragatik ikasgelak galtzearen ondorioz hurrengo ikasturteetarako aurreikusitako inpaktua eta langileen kaleratzeak murriztea. Izan ere, horrela ahalbidetuko litzateke ikasgelaren bat ixten den ikastetxeetan kaleratzeak saihestea. Nola? Bada, eskola-ordu murrizketa aplikatzearen ondorioz egin beharko liratekeen kontratazio berriekin konpentsatuz. Gainera, ikasgelarik ixten ez den ikastetxeetan kontratazio berriak egongo lirateke, eta Birkokapen Akordioaren bidez, beste ikastetxe batzuetatik kaleratutako langileek lehentasuna izango lukete. Horrela egin behar zen, baina KEk eta AICE-IZEAk uko egin diote. Publikoki esaten dute kezkatuta daudela ikasgelak ixteagatik, baina ez da horrela, beren ez-betetzeekin eta fede txarrarekin 160 kaleratze baino gehiago eragin baitituzte. Joan den ikasturtean 100 langile inguru kaleratu zituzten, eta ikasturte honetan 160 baino gehiago. Ikasgela galtzearen ondoriozko kaleratze “objektiboak” salatuko ditugu, bidegabeko kaleratzeak direla argudiatuz; izan ere, kaleratzea ez da ikasgela galtzeagatik gertatu, baizik eta ikasgela galtzeagatik eta sinatutako irakastordu murrizketa ez aplikatzeagatik. Hau da, patronalek Greba Amaierako Akordioa bete ez izanaren ondorio zuzena da 160 langile baino gehiago kaleratzea, baita horiek birkokatzea oso zaila izatea ere. Gaur, irailak 30, arratsaldez, ikasturte berria ospatuko du KEk Gasteizko San Viator Ikastetxean. STEILASek, CCOOk, LABek eta UGTk garbi dugu ez-betetzeekin eta kaleratzeekin ez dugula ezer ospatzeko, eta bai asko aldarrikatzeko. Hori dela eta, arratsaldean ospakizunaren atarian esango diegu, argi eta ozen, sinatutako akordioa bete behar dutela eta negoziazio mahaira hitzarmen proposamen bat eraman behar dutela, atzerapausorik gabekoa eta GAAn sinatutako eskubide guzti-guztiak jasoko dituena. Eskola-orduen murrizketa eta lan pertsonalerako bost orduak jaso beharko ditu. Horrek, neurri handi batean, gelak ixteagatiko kaleratzeak murriztuko lituzke. 2026ko maiatzean, berriro ere, patronalek seriotasun faltaz eta fede txarrez jokatu zuten. Negoziazio mahaian hitzarmen-proposamen bat aurkeztu zuten, arreta zuzeneko orduak murriztea eta lan pertsonalerako bosgarren ordua ezartzea jasotzen zituena. Bost egun geroago erretiratu egin zuten, baina zer gertatuko litzateke sindikatuek proposamena sinatu izan balute? Jarrera hori errespetu falta ikaragarria da sektoreko 9000 langileekiko. Patronal serioak behar ditugu, sinatzen dutena betetzen dutenak. Horrenbestez, beste behin ere honakoa exigitzen diegu KEri, AICE-IZEAri eta ikastetxe guztiei, aplikazioaren azken arduradunak baitira: 1. Sinatutako GAA osorik betetzea, eskola-orduen murrizketa barne, dagokion konpentsazioarekin. 2. Atzerapausorik gabeko hitzarmen-proposamena aurkeztea eta GAAn adostutako guztia jasotzea. Bide batez, sektoreko ikastetxeen %20 inguru ari dira aplikatzen eskola-orduen murrizketa, Elizbarrutiko ikastetxe guztiak barne. Egin daiteke, baina ez dago horretarako borondaterik. STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok patronalen ez-betetzeak salatzen jarraituko dugu, GAAn jasotako eta sinatutako eskubide guztiak bete arte.

Enpresaren kudeaketa negargarriak hartzekodunen konkurtsora kondenatu du Olazabal y Huarte

Gasteizko enpresa historikoak itxierari eta 30 lanpostu suntsitzeari egin behar die aurre. Olazabal y Huarte enpresa txarto kudeatua izan da hainbat urtez. Duela urte batzuk,...