Langileak hitzarmen kolektiborik gabe daude urtea hasi zenetik. Bada, egoera honek zaurgarritasun egoeran jartzen ditu berez nahiko berezia eta gizartearentzat ezinbestekoa den sektorea osatzen duten beharginak.
Administrazio publikoak gizarte eta zaintza lanak enpresa eta elkarte pribatuei azpikontratatzen dizkie eta, ondorioz, diru publikoa esku pribatuetara daramate. Sistema publiko-pribatu honek langileentzako prekaritatea besterik ez dakar, enpresek eta elkarteek etekin ekonomikoa bilatzen dutelako zerbitzu duina eta langileen ongizatea bilatu beharrean. Zerbitzu publikoak publikoki kudeatu behar dira, eta zerbitzu publikoetan lanean dabiltzan langileak langile publikoak izan behar dira.
Hitzarmen kolektiborik gabe egoteak soldatak izoztuta izatea dakar. IV. Hitzarmeneko soldata-taulek ez dute islatzen gaur egun sektoreko langileek egiten duten lanak izan beharreko aitortza, ez eta azken urte honetan munduko hainbat gertakari direla eta bizitzak izan duen garestitzeari erantzuten ere. Hori dela eta, sekula baino anbizio handiagoz exijitu behar zaie soldata igoera bat bai patronalari, baita Gipuzkoako Foru Aldundiari ere, langile hauen soldatak administrazio publikoan lan berdina egiten ari diren langileenekin parekatu arte.
Soldata kontuez gain, beste zenbait arazo estruktural ditu sektoreak; klasifikazio profesionalarena, besteak beste. Bolonia Planaren aurretik ezarritako kategoriak dauzka, gaur egun Gradu kategoria duten ikasketak bi maila ezberdinetan ezarrita. Horrez gain, bosgarren kategoria profesionalean dauden langileen lan baldintzak hobetzea ezinbestekoa da, oinarrizkoak diren baina errekonozimendurik ez duten ezinbesteko funtzioak betetzen dituztelako.
Pixkanaka adinean goraka doan sektorea da esku-hartze sozialekoa, eta dituen berezitasunengatik ezinezkoa da lanpostuek eskatzen dituzten karga fisiko eta emozionalak jasatea. Urteko lan-orduei dagokienez ere, 1592 orduetan iltzatuta jarraitzen du.
Lan osasunari dagokionez ere, langileak babesik gabe daude. Babes falta administrazio publikoaren eta zerbitzuak gestionatzen dituzten elkarteen errua da. Administrazio Publikoarena, zerbitzua azpikontratatu eta eskuak garbitzen dituelako langileei gertatzen zaien guztian. Elkarteena, ez dituztelako langileen segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren inbertsioak egiten, eta edozein motatako erasoen aurrean hartzen dituzten neurriak antzuak direlako.
LAB, ELA eta CCOO sindikatuok, orain arte egin bezala, Hedatzen patronalarekin negoziatzen jarraituko dugu, sektoreko langileen eskariak hitzarmenean islatu arte, baina horretarako ezinbestekoa izango da langileen aktibazioa, mobilizazioa eta bultzada. Elkarrekin indartsuagoak gara, posible diren bide guztiak jorratu beharko ditugu hitzarmenean ahalik eta baldintza gehien eta ahalik eta baldintza duinenak bermatuta gera daitezen.
Horregatik, gaur abiatu ditugu Gipuzkoako Esku Hartze Sozialeko langileok hitzarmen duinaren aldeko mobilizazioak, eta datozenetan parte hartzera animatzen zaituztegu, hau guztion borroka delako.
Gora langileon borroka!

