2026-06-29
HomeZerbitzu PublikoakGizarte AsistentziaForu Egoitzetako langileek mendetasun egoeran dauden pertsonei ematen zaien arretan dagoen gabezia...

Foru Egoitzetako langileek mendetasun egoeran dauden pertsonei ematen zaien arretan dagoen gabezia salatu dute

LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek deituta, foru egoitzetako langileek kontzentrazioa egin zuten Elorrion Zumelegi eta Elorrio Laguntza Zentroetan mendetasun egoeran dauden pertsonek, adinekoak eta ezgaitasunak dituzten pertsonak, behar duten laguntza ez dutela jasotzen salatzeko.
Aldundian eta GUFEn (Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundea) ordezkaritza duten sindikatuak aspalditik salatzen ari dira gobernu foralak langileen ordezkapenetan egindako murrizketak kalte handia eragiten ari direla egoitzetako erabiltzaileek jasotzen duten zerbitzuan, langile faltagatik: pertsonen higienea, jatorduetarako laguntza, aisialdiko jarduerak… Era berean, sindikatuek salatu dute gizarte zerbitzuen arloko murrizketek langileen zama handitzen dutela eta ordezkapenak egiten zituzten pertsonen enplegu publikoa suntsitzen dutela. Horrekin batera, Jose Luis Bilbaoren agindupeko Aldundia zerbitzu publikoetan sustatzen ari den pribatizazioaz ohartarazi dute, pribatizazio horrek ondorio hauek baititu: enpleguaren prekarietatea, zerbitzuaren kalitatea murriztea eta mendetasun egoeren kontura negozioa egiten eta aberasten ari diren enpresen eta sozietateen sare bat.

Sindikatuek eskatuta, BILDU eta PSE batzarkide taldeek (PP-k eta EAJ-k ezez ezan dute) arauz besteko proposamen bat aurkeztu dute, Bizkaiko Batzar Nagusietan eztabaidatzeko. Proposamen horretan zerbitzuak eta enplegu publikoa mantentzeko eskatzen dute, eta, erabiltzaileen ongizatea kaltetuta gertatu ahal denean, gizarte zerbitzuetako plantillan ordezkapenak bermatu beharra nabarmendu dute bereziki.

Sindikatuek adierazi dute mobilizatzen jarraituko dutela, eta salatu dute Ahaldun Nagusiak eta Lehendakaritzako diputatuak ez dutela inolako erantzunik eman gobernu foralaren inposizioak (soldatak izoztea, ordezkapenik ez egitea eta lan-baldintzak okerrera egitea) eteteko sindikatuek egindako deiari.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Maderas de Llodioko enpresa batzordeak eta Garnica enpresak akordioa erdietsi dute 284 greba egunen ostean gatazkari amaiera emateko

Gaur, ekainak 29, Maderas de Llodioko langileek eta enpresa batzordeak Laudioko Herriko plazan agerraldia egin dute 283 greba egunetan zehar aurrera eramandako borrokaren balioa nabarmentzeko. Maderas de Llodion enplegua defendatzeko eginiko borroka izan da, baina baita Aiaraldea eskualde osoan lanaren eta industriaren etorkizuna defendatzekoa ere.

Salatzen dugu segregazio mahaiak ez duela balio izan eskola segregazioari aurre egiteko itun soziala lortzeko

EAEko Hezkuntza Sailak prozesua baliatu du Hezkuntza Legea legitimatzeko eta bere erabakien propaganda egiteko

Osakidetzako ESI guztietako lan osasun batzordeetan beroaren protokoloa garatzeko eskatu dugu

LAB sindikatutik Osakidetzari eskatu diogu lan osasunerako araudia bete eta bitarteko kolektiboak ipini ditzala beroaren arriskuari aurre egiteko, hala nola estres termikoari buruzko azterketak garatzeko. Osakidetzak langile eta erabiltzaileak babesteko bermeak eskaini behar ditu instalazio guztietan. Bistan da klima aldaketaren eraginez urtez urte areagotzen ari den arrisku horren aurrean egiturazko erabakiak hartu behar direla.