2026-10-19
HomeEkintza SindikalaLAB sindikatuak mobilizatzen jarraitzeko deia egiten die Bizkaiko Foru Aldundiko eta GUFEko...

LAB sindikatuak mobilizatzen jarraitzeko deia egiten die Bizkaiko Foru Aldundiko eta GUFEko langileei, telelanaren benetako plan bat ezartzeko eta hitzarmenaren blokeoarekin bukatzeko

Aldundiak eta ELA, UGT eta CCOO sindikatuek negoziatutako Telelanaren Plana langileek atzera bota ondoren, joan den maiatzaren 18an batzarra egin zuten Bizkaiko Foru Aldundiko (BFA) eta GUFEko langileen batzordeak eta enpresa batzordeak. Batzarrean argi geratu zen langileek mobilizazio eta batasun handiagoa eskatzen zutela BFAren inposaketari aurre egiteko eta benetako negoziazioa eskatzeko.

Ia langile guztiek eskatu zuten asteko egun batez telelana egiteko proposamena berreskuratzea. Proposamen hori sindikatu guztiek defendatu zuten abendura arte, baina, urtarriletik aurrera, ELAk, UGTk eta CCOOk bertan behera utzi zuten.

Sektore pribatuaren zati batean eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publiko gehienetan arlo horretan aurrera egin duten bitartean, BFA gai honetan aurrera urratsak egitera ukatzen da.

Asanblada horretan argi geratu dira bi kontu hauek:

  • Negoziazioaren blokeoaren eta Aldundiaren inposaketaren aurrean, mobilizazioa ezinbesteko tresna da. Hura gabe, ezinezkoa da aurrera egitea. Beste urrats bat emateko eta lanuztea deitzeko beharra planteatu zen.
  • Aldundiak aurreko plana inposatuko zuela iragarri zuenez, kontsultan baztertutako plana onartzeko proposamenari ezezkoa eman zitzaion modu masiboan.

Telelaneko benetako plan bat ezartzeko eskaeraz gain, BFAri akordioa/hitzarmena negoziatzeko eskatzen diote langileek (adostutako azkena 2018/2019koa izan zen). Akordio/hitzarmen berri bat behar da eskubideetan aurrera egiteko: lanaldia murrizteko, pribatizazio gehiago saihesteko, kontziliazioa hobetzeko, euskararen normalizazioan atzerapausorik ez emateko, berdintasunean aurrera egiten jarraitzeko, galdutako erosahalmena berreskuratzeko…

Joan den astetik langileen kontzentrazioak egiten ari dira Ogasunaren eraikinaren aurrean. Mobilizazioen aurrean BFAk inposaketa alde batera uzten ez badu, hurrengo asteetan lanuztea deituko da.

Maiatzaren 28an, ostegunean, 11:30ean, mobilizazioa izango da BFAren Foru Jauregiaren aurrean, eta hilaren 29an, ostiralean, berriro mobilizatuko dira langileak Ogasunaren eraikinaren aurrean, BFAko eta GUFEko langileen batzordeak eta enpresa batzordeak deituta. Hurrengo asteetan mobilizazioekin eta lan-geldialdiarekin jarraituko dute langileek BFAk jarrera berdinarekin jarraitzen badu.

LABek mobilizazio horiek babesteko deia egin die langileei, BFA egiten ari den etengabeko inposizio-politikaren aurrean indarrak metatzeko eta presioa egiteko tresna gisa.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako langileei dei egiten diegu azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak bete ditzaten

Larunbatean Iruñean 2.000 lagun baino gehiago mobilizatu ondotik, LABek CENi eta Nafarroako Gobernuari pobretzearen eta errentismoaren aurkako egiturazko neurriak eskatu dizkie, eta eskaera zehatza egin dio Nafarroako Gobernuari: Testa funts putreak bereganatutako etxeak desjabetu ditzala eta parke publikora igaro daitezela.

Euskal Herrian indarkeria matxistak eragindako azken heriotza salatzeko mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Angelun, 19 urteko emakume batek bortxatu egin zutela salatu eta egun gutxira bere buruaz beste egin izana erabat lazgarria da eta, beste behin ere, erakusten du indarkeria matxistak hil egiten duela.

Lan-baldintzak hobetzearen alde, beste greba ziklo bati ekingo diote Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek urriaren 27tik abenduaren 23ra

Greba ziklo berri honek hiru urrats izango ditu. Lehena, urriaren 27ko 22:00etatik urriaren 29ko 22:00etara izango da. Bigarrena, azaroaren 23ko 22:00etan hasi eta azaroaren 25eko 22:00etara arte luzatuko da. Azkenik, hirugarrena, abenduaren 21eko 22:00etan hasiko da eta abenduaren 23ko 22:00etan bukatuko da.