2026-05-21
HomeEkintza SindikalaLABek Ekosozialisten Nazioarteko 7. Topaketetan parte hartu du Bruselan

LABek Ekosozialisten Nazioarteko 7. Topaketetan parte hartu du Bruselan

2026ko maiatzaren 15etik 17ra bitarteko asteburuan, LAB sindikatuko ordezkaritza batek parte hartu du Bruselan egindako Ekosozialisten Nazioarteko 7. Topaketetan. Topaketa hauen hirugarren edizioa 2016an egin zen Bilbon, eta horrek Euskal Herriko hainbat eragile sozial, politiko eta sindikaletan ekosozialismoaren inguruko eztabaida sustatzen lagundu zuen. Bultzada horrek garapen positiboa izan du azken hamarkadan.

Aurtengo edizioan, sindikalismoari eta trantsizio ekosozialari buruzko eztabaidak leku nagusia izan du. Ostiraleko saio guztiak gai horri eskaini zitzaizkion. Sri Lanka, Kolonbia, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Nigeria, Frantziako Estatua, Italia, Belgika eta Euskal Herriko sindikatuen ekarpenak entzun ziren. Halaber, Espainiako Estatuko, Belgikako eta Argentinako erakunde ekologista eta sozialek parte hartu zuten, baita “Herriak Erauzketaren Aurka” nazioarteko sareak ere. “Lan mundua eta eraldaketa ekosoziala” izeneko jardunaldi tematikoan bost eztabaida nagusi landu ziren:

• “Sindikalismo ekosozialistaren berritze estrategiak” tailerrean, langileen parte-hartze zuzena eraldaketa prozesuetan bermatzearen garrantziaz hitz egin zen, etorkizuneko lan-gatazkak aurreikusteaz eta hitzarmen kolektiboetan klausula ekosozialak lortzeaz. Azaldu zen nola kanpo-zorrak trantsizio ekosoziala itotzen duen herrialde periferikoetan, eta hura abolitzeko bidean aurrera egitearen garrantzia.

• “Birmilitarizazioa geldiarazteko gatazka sindikalak” tailerrean, industria militarraren finantzaketa publikoaren igoera erraldoiaz hitz egin zen, eta nola militarizazioa herrialde batzuetan baliabide naturalen kontrola bermatzeko erabiltzen den. Israelerako armagintzara bideratutako piezen ekoizpena eta garraioa eragozteko sindikatu-esperientzia batzuk azaldu ziren.

• “Industriaren birmoldaketa ekologikoaren aldeko borrokak” tailerrean, Kolonbia eta Nigeriako petrolio-industriako eztabaida sindikalak azaldu ziren, baita egungo egoera eta gobernuaren politika publikoekin duten elkarrizketa ere. Horrez gain, industriaren eraldaketa ekosozial batek jarraitu beharreko irizpideak azaldu ziren, eta Europako automobilgintza eta altzairugintzako hainbat lan-gatazka aurkeztu ziren.

• “Zaintza-lanak eta proletario migratzailea” tailerrean, Bruselako paperik gabeko etxeko langileak nola antolatzen diren entzun zen. Horrek agerian utzi zuen bizitza erreproduzitzeko ezinbestekoak diren lanek pairatzen dituztela esplotazio-, prekaritate- eta pobretze-mailarik handienak. Horri aurre egiteko, lan-arrazakeriari heltzen dion antolakuntza kolektiboa funtsezko zeregina dela azpimarratu zen.

• Azkenik, “Erauzketaren eta kolonialismo berdearen aurkako aliantzak” tailerrean, Europako politikek agenda berdea atzean uzten ari direla eta ikuspegi segurtasun-zalea indartzen ari direla azaldu zen. Horrek erausketa-jardueren presioa handitzen du beste lurralde batzuetan. Frantziako Estatuko sare ekosindikalistatik egiten duten langile-ikerketa eta langileen eta komunitateen arteko aliantza azaldu zituzten.

LABetik jardunaldiko hainbat tailerretan parte hartu genuen, eta sindikalismo ekosozialistarako proposamenean jasotako ideiak partekatzeko aukera izan genuen, baita trantsizio ekosozialerako industria-politikaren gure proposamena ere. Halaber, zaintzen arloan borrokatzeko, sindikalismo antirrazista baterantz urratsak egiteko eta etxeko zein zaintzako langileen antolakuntzarako esperientziak partekatu eta ezagutzeko aukera izan genuen.

Tailer horiez gain, topaketaren gainerako programak eztabaida garrantzitsu ugari jorratu zituen: Adimen Artifiziala, hezkuntzaren rola, zorra trantsizio ekosozialaren oztopo gisa, elikadura-burujabetza eta ekofeminismoa, besteak beste.

LABetik positiboki baloratzen dugu topaketa hauek nazioarteko elkarrizketa-gune gisa sendotzea, gero eta erakunde gehiago biltzen baitituzte Europatik, Latinoamerikatik, Afrikatik eta Asiatik. Espero dugu etorkizuneko edizioek espiritu hori sakontzea eta sindikalismoari buruzko eztabaidetarako espazio bereziari eustea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletako hamar langiletik zortzik bat egin dute gaurko lanuztearekin

Hezkuntza Sailak erakutsitako jarrerarekiko langileek duten ezinegonaren eta kezkaren erakusle da gaurko lanuztearen arrakasta. Bere konpromisoak bete, eta 2023ko akordio laborala bere osotasunean garatu...

Gasteizko Alestis Aerospaceko langileek mobilizazioak areagotuko dituzte hitzarmenaren negoziazioan benetako aurrerapausorik ez badago

Miñanoko Parke Teknologikoan kokatutako Alestis Aeroespaceko plantillak lanuzteekin hasi du mobilizazio egutegia. Hala, langileek bi orduko geldialdiak egingo dituzte txanda bakoitzean maiatzaren 21an, 26an eta 28an. Ekainaren 2an, 4an, 9an eta 11n lanuzteak lau ordura luzatuko dituzte enpresak pausurik eman ezean.

LABek babesa erakutsi dio Errekaleor Bizirik proiektuari

Ertzaintzak, bere agintarien aginduz, kale egoeran dauden pertsonak instrumentalizatu eta Errekaleorreko proiektua erasotzeko eta kaltetzeko erabili dituztela salatu nahi du LABek. Horrekin batera, auzoa babesten ari ziren auzokideen eta gasteiztarren kontra erabilitako oldarkeria eta jazarpena ere salatu nahi ditu.