2026-10-15
HomeEkintza SindikalaBeasaingo eta Irungo lantegietako batzarrek ontzat eman dute hitzarmenaren inguruko Zuzendaritzaren azken...

Beasaingo eta Irungo lantegietako batzarrek ontzat eman dute hitzarmenaren inguruko Zuzendaritzaren azken eskaintza

CAFeko Beasain eta Irungo lantegietako langileen batzarrek enpresako Zuzendaritzak egindako seigarren proposamena berretsi dute. Horrekin batera, azken hiru asteetan martxan egon diren lanuzteak eta mobilizazioak bertan behera geldituko dira.

Hiru urteko indarraldia duen akordio honek aurrerapauso esanguratsuak jasotzen ditu. Besteak beste, Beasaingo tailerretan gutxienez 190 pertsonaren kontratazioa, Irungo tailerretan gutxienez 40 pertsonarena eta Beasainen bulego lanetarako beste 11 langilerena. Era berean, errelebo-kontratuaren aplikazioa bermatzen da. Horren bidez, lanpostuak sortzeaz gain, zuzendaritzaren lana kanporatzeko nahia mugatu nahi da.

Soldata-igoerak KPIaren gainetik izango dira, eta hitzarmenaren indarraldian zehar 1.592,5 orduko lanaldia enpresako kolektibo guztiei aplikatuko zaie. Era berean, lehen aldiz, urteko lanaldia 35 orduko asteko lanaldia baino txikiagoa izango da kolektibo batean (4. erreleboko langileentzat 1.584,5 ordu), eta horrek atea irekitzen dio etorkizunean gainerako langileentzat ere lanaldi-murrizketak lortzeari.

Lizentzia ezberdinetan hobekuntzak jasotzen dira, eta tailerreko langileen lan-bidaietako baldintzak ere hobetzen dira. Euskara ikasteko prestakuntzaren baldintzak beste hizkuntzen pare jartzen dira, eta mugikortasun iraunkorraren plana lantzeko batzordea eratuko da.

LABek nabarmendu nahi du lanuzteek eta mobilizazioek negoziazio-prozesu honetan izan duten pisu handia, horiek baitira patronalaren jarrera mugitu dutenak.

LAB, Beasain eta Irungo plantetan sindikatu nagusia den heinean, proposamen honen alde agertu da, bere afiliatuen artean egindako barne-kontsultan %78,9ko babesa jaso ondoren.

Ondoren, langile guztien artean egindako bozketek babes zabala berretsi dute:

  • Parte-hartzaileen %64,2k aldeko botoa eman dute Beasaingo lantokian.
  • Parte-hartzaileen %73,4k aldeko botoa eman dute Irungo lantokian.

LABek balorazio positiboa egiten du emaitzaz, eta berresten du CAFen lan-baldintzak eta eskubideak hobetzen jarraitzeko konpromisoa. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ospitaleetan mobilizatu gara Osakidetzari eskatzeko gure aldarrikapenei eta langileen beharrei erantzun diezaiela

Osakidetzak sindikatuei bidalitako akordioaren lehen zirriborroak ez du soldata-hobekuntzarik jasotzen, eta hori Eusko Jaurlaritzak 2027. urterako aurrekontuak ixten dagoen bitartean; azpimarratu behar da arau horrek osasun publikorako partidak zehaztuko dituela. LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok berresten dugu ezinbestekoa dela mobilizazio dinamikarekin jarraitzea.

Maiatzetik gaur arte izan diren 14 lan heriotza berri azaleratu ditugu, datu ofizialetan ezkutatuta zeudenak

Azaleratutako datu berriek 60 hildakotan kokatu dute 2026ko kontagailua, eta, hala, azken urteetako datu lazgarriak berretsi dira.

Enplegu Publikoko Zuzendaritzak bazter utzi du hitzarmenaren negoziazioa: 16 urte hitzarmenik gabe eta egutegirik ez

Gaur, urriak 13, Eusko Jaurlaritzako eta Organismo Autonomoetako langileen ordezkaritzaren eta Funtzio Publikoko Zuzendaritzaren arteko alorreko mahaia bildu da. LAB sindikatuan oso larritzat jotzen dugu Lan Harremanetako zuzendari berriak bertan azaldu duen jarrera.